Jaunaren nahiak
Agus Perez
Berria, 2017-04-29
“Erbeste, edo saihets baten aldarrikapenak”

Konpainia: Anodino Teatroa. Testua: Mikel Fernandino. Antzezleak: Getari Etxegarai, Aitor Fernandino. Lekua: Bilboko Biba aretoa. Eguna: Apirilak 27.

      Aulki bat, bideokamera txiki bat bere tripodearekin eta kartoizko karpeta zimurtu bat. Besterik ez zuten behar izan Anodino Teatroko kideek Erbeste lanarekin Donostiako Poltsiko Antzerki lehiaketaren irabazleak izateko. Hori eta antzerkirako gogoa taulara eramaten jakitea, noski, ez baita beti erraza solasaldi hutsean oinarritutako lanak garbi porturatzea.

      Saihets baten aldarrikapenak aipatzen ditu obraren izenburuak, Itun Zaharraren arabera Eva Adamen saihets batetik sortu zuelako Jainkoak. Izan ere, Mikel Fernandinok obra honetarako idatzi duen testuak Adam eta Evaren arteko gatazka eternala abilezia handiz ekarri du gaurko egunetara eta, planteamendu horretatik abiatuta, herri-epaiketa baten itxura hartu du emanaldiak. Evak aukera baliatuko du senar ohiarekin izandako arazoak aletzen joateko eta Adam, bere burua zenbat eta gehiago zuritu, orduan eta patetikoago agertuko zaigu.

      Anodino Teatro konpainia 2014an sortu zuten Aiora Sedanok, Florentino Badiolak eta Aitor Fernandinok, eta beren aurreneko lanean —Zerura eroria— taldearen umore absurdurako joera finkatu zuten. Ez, ordea, umore zuria, konprometitua baizik, mitoak deseraiki eta betiko gezur ustelei aurre egiten diena. Oraingo honetan ere umore fina izan da nagusia iruditeria kristautik heredatu ditugun balioak eta eskemak —Jaunaren nahiak— interpretatzen eta desmuntatzen laguntzeko.

      Aitor Fernandino pasa den astean ikusi genuen Aulestin Lapur minak kale-antzezlan bikainean, eta lehenago Godot izeneko pieza surrealistan deskubritu genuen, Pako Revueltas, Patricia Urrutia eta Jon Zumelagarekin batera —ekarri berriro taulara, mesedez!—. Bide batez esanda, laurak egon ziren obra batean zein bestean, eta Getari Etxegarai ez zait hain ezaguna egin, beharbada telebistarako lan egin duelako gehienbat, baina Fernandinoren mailari eutsi dio une oro, eta bikote eszeniko orbangabea osatu du berarekin, Goenkale-ko estilo jatorraren jabe eta bere dohain naturaletan bermatuta. Lan gomendagarria dugu hau, benetan, antzerkilarien militantzia oinarrian daukalako eta testuak, barre artean, gogoetarako parada polita eman digulako.