Txondorraren memoria
Agus Perez
Berria, 2018-02-27
“Txoriak eta zauriak”

Konpainia: Mairu antzerki tailerra. Egilea eta zuzendaria: Gaizka Sarasola. Zuzendari laguntzailea: Manex Fuchs. Bideo-irudiak: Asier Gogortza. Antzezleak: Juanen Saralegi, Ritxi Abril, Ainara Ribera, Gaizka Sarasola, Josune Etxepare, Gotzone Rekondo. Lekua: Berako kultur etxeko aretoa. Eguna: Azaroak 24.

      Berako kultur etxeko aretoan —zinez polita eta ongi atondua— izan dugu Txoriak eta zauriak ikusteko aukera, Lekunberrin urtarrilaren 6an estreinatua izan ostean, eta esan beharra dago aretoa ongi beteta egon dela: Nafarroako ikusleez gain, Euskal Herriko beste leku batzuetako zaletuak elkartu gara han, eta horrek erakusten du Gaizka Sarasolaren testuak eta Mairu antzerki taldearen proposamenak jakin-min berezia piztu dutela.

      Gaizka Sarasolaren lehen notizia 2013an izan genuen, Bilboko P6 aretoan haren Urak ttiki dire estreinatu zenean, Gilkitxaro taldeko Ane Zabala eta Galder Perezen eskutik. Antzezlan eredugarri hura liburu ere bihurtu zen Edo! argitaletxearen bidetik (Erleak, satorrak, beleak, 2016), eta emanaldi hark Samuel Becketten Godoten esperoan-en zapore nabarmena utzi zigun, egoera distopikoa lagun eta Willy pertsonaia inoiz ez datorren norbaiten zain egote haren ondorioz.

      Orduko hartan, euskal ariman errotuta dauden naturaren balioak irteerarik gabeko matxinadarekin kontrajartzen ziren, baina oraingo Txoriak eta zauriak-en memoria historikoaren auzia planteatu digu egileak, Nafarroako mendi haietatik lan bortxatuetan ibili ziren frankismoko esklaboen omenez. Garai haietako bi presoren izenak eta lanbideak hartu —bata ikazkina, bestea musikaria—, eta antzezlanaren muinean irudikatu du ihes egin dutela eta basoko zulo batean bizi direla. Inguruko emakume baten konplizitatea, Mottela izeneko herriko xelebrea eta Manuel portugaldarra bilatzen duen Amanda —Victor Jara, Pinocheten biktima, gogoan— izango dira ekosistema klandestino hartako izakiak.

      Bere estiloari fidel izanik, oraingo honetan ere egin du Sarasolak dialogo kontzeptualisten alde. Eredu horren arabera, ekintza eszenikoak ez du ia aurrera egiten, edo aurrera egitekotan zirkuluak deskribatuz egiten du, eta pertsonaien arteko solasaldietan hitz-joko —kontzeptu-joko— ugari agertzen dira, emanaldiaren gatz eta piperra bilakatu arte. Lehen esan bezala, pertsonaiak distopia batean bezala daude, denboran trabatuta eta beren egoera desesperatuari irteerarik aurkitu ezinik, eta denen artean arketipo sorta arraroa bezain erakargarria osatzen dute.

      Eremu eszenikoaren erdian kokaturiko txondorrak hartu du protagonismo sinbolikoa, ikazkina ez baita inoiz handik irten, baina inguruko objektu gehienek ez dute esangura berezirik izan, eta horrek indar pixka bat kendu dio proposamenari. Hala ere, nabaria izan da pertsonaiei emandako nortasuna, eta, alde horretatik, bikaintzat jo ditzakegu sei aktoreen antzezpenak, beren presentzia eszenikoa, ahots-proiekzioa eta rol bakoitzean erakutsi duten sendotasuna funtsezkoak izan baitira Sarasolaren testuari bizia emateko.