Drama gurutzatuak
Agus Perez
Berria, 2018-10-20
“Izoztutako haizea bezala”

Konpainia: Tanttaka. Egilea: Rafael Herrero. Euskaratzea: Aizpea Goenaga. Zuzendaritza eta eszenografia: Fernando Bernues. Zuzendari laguntzaileak: Laia Bernues, Aizpea Goenaga. Argiak: Xabier Lozano. Jantziak: Ana Turrillas. Antzezleak: Nerea Elizalde, Tania Fornieles, Koldo Olabarri. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 18.

      Hurbil-hurbiletik ikusi ditugu Izoztutako haizea bezala-ko hiru gazteen drama gurutzatuak, Arriaga antzokiko agertokian paratu dituztelako bai ikusleen aulkiak bai eremu eszenikoa.

      Hasiera batean, txandaka aritu dira hiru antzezle gazteak, eta ikusleek oso jarrera aktiboari eutsi behar izan diote pertsonaia bakoitzaren drama pertsonala aletu eta hiruren arteko soka erabat txirikordatu arte. Labur esanda, eta argumentuaren korapiloa inori dohainik askatu gabe, esango dugu Marta izeneko pertsonaiak buru-arazoak dituela aitarengandik jasandako sexu-abusuak direla-eta, Dani “galtzaile profesionala” hilketa batean agertuko dela nahastuta, eta Ana bakartia gertakizun tragikoen erdigunea izango dela.

      Ikusten denez, ez da emoziorik falta izan thriller estiloko emanaldi honetan, eta hori berori izan daiteke euskarazko lan eszeniko bat ikusteko arrazoi sendoa. Gainera, orain arte esandakoak ez dira obra honetako elementu bakarrak, hasierako hilketaz eta umeen gaineko sexu-abusuez gain, telesail arrakastatsu bateko osagai hauek elkartu direlako emanaldian zehar: suizidioak (bi), arma bidezko atrakuak (bat), heriotza-mehatxuak (ez ditut zenbatu), telefono eta kartera lapurretak (bana), etxean indarrez sartzeak (bat), ama hipokondriakoak (bat), eskolan izandako jazarpenak (batek daki), pistolak (bi), nahasmen bipolarrak (bat), aspaldiko gorrotoak (bi), poliziaren etorrerak (zero), errusiar erruleta (bat), pilulak (batzuk) eta alkohola (gutxi eta graduazio baxukoa).

      Baina, tira! Herrero delako egile hori nor edo nor izango zen, eta hemen aipatuko dugu 2010ean Donostia Hiriko Kutxa Saria irabazi zuela ikusi gabe dudan No me hagas daņo lanarekin. Hala ere, Bernues airoso atera da egileak planteaturiko saltsa-maltsa horretatik eta duintasuna ematen ahalegindu da berez melodrama zamatuaren eremuan geratzekoa zen testuari. Ahalegin horretan funtsezkoa izan da eremu eszenikoari emandako itxura garbia, testuak hainbat leku irudikatzea eskatzen duelako —protagonista bakoitzaren etxea gehi gertakizunen epizentroa den farmazia— eta hori guztia elementu gutxirekin eta dena aldi berean eszenan egonda konpondu delako. Alde horretatik, funtsezkoak izan dira zuri kolorearen alde egindako apustua eta atzean proiektatu diren zuri-beltzeko irudi iradokitzaileak. Haietan botikako gurutze berdeak ipini du kolore-nota bakarra, eta irudien Berlingo giroak kutsu kosmopolita eman dio lanari, hiru pertsonaien izen espainiarrek kontrakoa esan diguten arren.

      Azkenik, hiru antzezleek gogoz eta entrega osoz ekin diete beren interpretazioei, ageriko dramatismoan oinarrituta barne dentsitatean bainoago, baina horixe da gazte izateak dakarrena. Azken finean, eta zalantzarik gabe, haiek erakutsitako kemena izan da emanaldia portu onera eramateko berme nagusia.