Betidanik
Agus Perez
Berria, 2018-07-20
“Erlauntza”

Ekoizpen etxea: Vaiven. Zuzendaritza: Mireia Gabilondo. Egilea eta zuzendari laguntzailea: Kepa Errasti. Espazio eszenikoa: Fernando Bernues. Antzezleak: Itziar Atienza, Sara Cozar, Aitziber Garmendia, Getari Etxegarai, Leire Ruiz, Naiara Arnedo. Lekua: Viktoria Eugenia Club aretoa. Eguna: Uztailak 18.

      Betidanik omen dakizkigun gauza horiek arriskutsuak izaten dira, are gehiago lagun artean gaudela. Adibidez, jabetzen garenean haiek betidanik dakiten hori guretzat berri-berria dela. Are gehiago betidaniko kontu horretaz jabetzeak erabateko aldaketa ekartzen badio gure bizitzari, edo ordura arte izan dugun mundu-ikuskerari behintzat.

      Erlauntzaren etsenplua ekarri du Kepa Errastik taulara, aspaldiko lagunak diren sei emakumeen kontuak irudikatzeko: erlauntzean bezala emango dute elkarrekin asteburu zoro bat eta, erleen antzera, anabasa itxura hartuko du enkontruak. Baina, erleen antzera berriz ere, elkarrekin komunikatuz eta kolaboratuz seiak irtengo dira garaile betidanik jakin behar zituzten kontuetatik.

      Errasti polifazetikoaren azken testua Mami Lebrun antzezlanaren ardatz izan zen —gogora dezagun Donostia Saria eskuratu duela lan horrek aurten—, eta antzezle bezala bai obra hartan bai Txarribodan ikusi genuen. Oraingo honetan, ordea, nik esango nuke nagusitasunez gainditu duela antzerki-gidoilari eta antzerkigile izatearen arteko marra fina, hizkuntzaren baliabide jatorrak menperatuta —hori aspalditik zeraman bere patrikan— eta, batez ere, gaurko jendartearen gai mamitsuei fin, umoretsu eta naturaltasun paregabez helduta. Horri guztiari gehitzen badizkiogu emakumeei emandako protagonismo eztabaidaezina eta argumentuaren garapenak ekarri dituen ezuste zaparrada, dialogoen bizitasuna eta emozioen dosifikazio bikaina, atoan ulertuko dugu behingoagatik aurkitu dugula Euskal Herriak behar zuen komedia inteligentearen eredua.

      Fernando Bernuesen espazio eszenikoan —Edi Naudo izan da eszenografiaren eta gauzakien egilea— zurezko fruta-kaxak izan dira nagusi, eta eremuaren disposizio garbiak dramaturgiaren alde jokatu du. Era horretan, antzezlaneko sei lagunak sukaldean egon dira laranja zukua baino gehiago Cointreau litroka zeramaten koktelak prestatzen, erdiko mahaian kokaina-marrak kiloka esnifatzen, bazterreko sofaren alboko mahaitxotik diskurtsoak ematen eta atzeko geletatik batek daki zer egiten.

      Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, erritmo bizia baina sanoa hartu du emankizunak, aspaldion garaikidea izan nahi duen antzerki komertzialean hain modan jarri den abiadura zentzugabe bezain hutsaletik urrun. Bazen garaia! Eta antzezleak, berriz, denak emanda ibili dira hasieratik amaitu arte, jakitun izanik esku artean zeukaten testua opari ederra zela bai beraientzat bai ikusleentzat. Zalantzarik gabe Aitziber Garmendiari egokitu zaio rol nagusia, testuak hala eskatuta eta bere aktore-dohain paregabeak baliatuta, baina argi dago oso lan korala dela, eta alde horretatik ikustekoa zen lagun bakoitzak uneoro hartzen zituen jarrerak, egiten zituen imintzioak eta elkarri botatzen zizkioten epelak. Ordainezina, benetan. Ez galdu, gero!