Iurgi Etxebarria: “Antzerkiaren bidez ikasleak deskubritzen ditu barruan daramatzan beste rol batzuk”
Mikel Garcia Idiakez
Argia, 2021-02-07

      Debagoienako zazpi ikastetxetako 400 bat ikasle oholtzara igotzen ditu ikasturtero Iurgi Etxebarria aretxabaletarrak. Hamar urte daramatza haurrei antzerkigintza irakasten eta esperientziak erakutsi dio zeinen baliagarria den antzerkia norbere burua ezagutu eta rolak apurtzeko, lotsak eta beldurrak gainditzeko, gorputza ulertu eta emozioak lantzeko, sormena eta talde-lana indartzeko…

 

      Hogei urtez Kukubiltxo antzerki taldean aritu zinen. Zergatik eta nola eman zenuen saltoa hezkuntza mundura?

      2010ean, herriko eskolan eskatu zidaten antzerki tailerrean laguntzeko, eta herriko enpresa batean ere ikastaroa eman nien langileei. Gustura aritu nintzen, eta pentsatu nuen antzerkiak niri emandako jakintza eta alaitasuna transmititu nahi nuela. Gainera, etxean bi izatetik bost izatera pasa ginen urte gutxian eta Kukubiltxoko jarduna oso lotua zen. Bailarako ikastetxe eta udalekin harremanetan jarri nintzen, eta horrela sortu zen Iufala!! proiektua, eskoletan antzerki ikastaroak eskaintzeko.

      Ikasleei antzerkiak zer irakasten dien azaldu aurretik, zuri zertan lagundu dizu?

      Pertsonen jokamoldeak hobeto ezagutzen eta ulertzen lagundu dit. Txikitan jaso nuen hezkuntza kristauak zurrun markatzen zuen jokamolde onak eta txarrak zeintzuk diren, pertsona onak eta gaiztoak, eta epaitzeko joera hori oso barneratua nuen. Halako batean, Bilbora joan nintzen antzerki-eskolara, eta epaiketa horiek guztiek zentzua galdu zuten, antzerkian ez dugulako gure pertsonaia epaitzen, pertsonaia dena delakoa izanik ere berau ulertzen ahalegindu behar dugu, nolabaiteko asertibitatea eta enpatia garatzen dugu pertsonaiarekiko. Gainera, irudimenarekin lan egiteak ere horretara eramaten du: Kukubiltxon oso ezberdinak ginen izaeraz eta antzezlanaren edota pertsonaien inguruan sortzen ziren eztabaidak, jarrera batzuk eta besteak, oso aberasgarriak ziren.

      Pertsonaien rolekin jolasteak zein eragin du ikasleengan?

      Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako gazteekin aritzen naiz (10-12 urte ingurukoak, hogei astez astero ordubete), eta rol jakin bat izan ohi dute ikastetxean, baina antzerkigintzan rol horiek aldatu egiten dira, ikasle bakoitzarena, eta baita talde moduan ere. Hasieratik adibidez neska-mutil muga apurtzea ezinbestekoa da, bestela beti dituzu neskak alde batetik eta mutilak bestetik. Gure antzezlanetan ez dago protagonistarik, denek dute antzeko protagonismoa, eta gidoia ez dago bukatuta, norberak eraikitzen eta osatzen ditu pertsonaia eta ibilbidea: jasotzen duten informazioa da pertsonaiaren adina, antzezlanean duten papera (itsasontzian badaude, kapitaina den, marinela...) eta pertsonaiaren egoera, baina pertsonaiaren sexua eta sexu-joera adibidez beraiek aukeratzen dituzte. Besteak beste transexual izan daitezkeela azaltzerakoan, garai batean ohiko galdera izaten zen, “zer da hori?”, baina belaunaldi berriek naturalago hartzen dute eta batzuek bizitza errealean duten rola eta sexua aldatzea erabakitzen dute antzezlanean. Norberaren pertsonaiak duen rolaz gain, klasean rol eta sentimendu ugari lantzen dute ikasle guztiek, gainerakoen aurrean banan-banan: lotsa, beldurra, haserrea…

      Hau guztia baliagarri zaie norbere burua ezagutzeko, besteei ezagutarazteko eta ingurukoena berrezagutzeko. Egunerokoan lider izatera ohituta dagoena agian kikildu egiten da oholtza gainean, edo tontoarena egiten hasten da, eta beste ikasketa eta arlo batzuetan apalago ikusten dituzun ikasleak bat-batean ahaldundu egiten dira antzerkigintzan, esaterako rol boteretsu bat egokitzen zaienean. Aurten ikasle oso xumea daukat, kapitainaren paperean, eta gelako liderrari (marinel paperean) aginduak eman behar dizkio. Tutore baten testigantza ere gogoan daukat; kontatu zidan ikasle uzkurra hazi egin zela ikastaro honi esker, eta ordutik beste ikasgaietan ere aurrerapenak egin zituela.

      Oholtzan banan-banan antzezten jartzen dituzula diozu. Beti ez da erraza izango lotsei eta beldurrei aurre egitea…

      Eszenatokira ateratzen gara ongi pasatzera, hori oinarrietako bat da, eta horregatik besteak beste antzezlanerako ikasi beharreko testua izugarri murriztu dut urte hauetan: hiru esaldi baino ez dituzte memorizatu behar, gainerakoa eurek sortzen eta asmatzen dute, buruz ikasi beharrak blokeoa ekartzen zuelako.

      Bestalde, lehenengo egunetik nabarmentzen dudan esaldia da gure ikastaroan ez dagoela akatsik. Eszenatokira igotzean akatsen bat egingo dugula pentsatzeak dakartza beldur eta lotsak, besteek epaitu egingo gaituztela barneratua dugu, baina ikastaroan ariketa ugari egiten dugu kontrako norabidean: testua ahaztu duela norbaitek? Ipurdi-bistan utzi ordez, gazteek ikasten dute nola jokatu aurrera segitzeko, elkar-laguntzeko, testu berria asmatuz, ahaztu duenaren testua beste norbaitek esanez, testua aipatu gabe aurrera jarraituz… Horretarako, inprobisazioa eta irudimena lantzen ditugu, eta ulertzen dute norbera “helmugara iristeak” ez duela ezertarako balio, besteren bat bidean geratu bada. Denok batera egin behar dugu aurrera eta denok batera iritsi behar dugu amaierara, antzezlanean.

      Taldea inportantea da, hortaz.

      Entseguetan joaten dira ikusten inork ez dituela epaitzen, ez dietela barre egiten, testua ahaztuz gero besteen laguntza izango dutela… eta talde-konfiantza garatzen da, elkarren arteko konfiantza eta babesa. Amaren rola betetzen duen ikasleak eta seme-alabarena betetzen duenak oholtzan besarkatzea lortzeko, konfiantza beharrezkoa da. Hain juxtu, pandemia dela-eta gai honi lotutako ariketa ugari sakrifikatu behar izan ditut, kontaktu fisikoa dagoelako tartean, eta beste modu batzuetara nabil lantzen, baina behar bezala ez jorratzea nabarituko da, nik uste.

      Kontaktu fisikoa aipatu duzu. Gorputza bera oso presente dago antzerkian, hezkuntzan oro har zerebroak daramanean protagonismo osoa.

      Nahiko tabua da gorputza adin horretan, eta gainera denek dakite urte gutxiren bueltan aldaketak izango dituela euren gorputzak. Konplexuak dituztela nabaritzen badut, adibidez bularrak hazten hasi zaizkiolako kokilduta badago, sorbaldak igo eta beldur barik agertzera animatzen dut, ez dadila lotsatu. Gorputzaren artikulazio, mugimendu eta aukerak lantzen ditugu, gorputzak duen adierazkortasuna, eta atal jakinetan (ipurdia, bularraldea...) barretxoak entzuten dira, baina ni naiz aurrena gorputzaren bidez postura guztiak hartzen dituena eta era guztietako aurpegiak jarri, ikasleen aurrean. Fabrikako langileak makina darabilen moduan, gu geu gara makina antzerkigintzan, guk maitatu eta zaindu behar dugu makina hau eta ezagutu behar dugu makina honek dituen baliabide eta aukera guztiak.

      Gorputzaren memoriaz ere hitz egiten diet. Bizikletan edo sokasaltoan aritzen garenean, automatikoki dakiela gorputzak nola erantzun, aurrez egindakoa memorian gordetzen duelako.

      Gorputzaren jarrerak berak salatzen du zein rol dugun egunerokoan, eta hori jorratzeko ariketa interesgarria egiten dugu. Ikasteko antzerkian ikusleei begiratu behar diegula, gorputza ikusleengana zabaldu behar dugula, ikasleak ibiltzen hasten dira oholtza gainean eta zintzarria jotzen dudanean aurrera begira jarri behar dute, baina non eta nola gelditu diren oso esanguratsua izaten da. Batzuk gelditzen dira taldekideen atzean erdi-ezkutuan, beste batzuk aldiz lehen lerroan eta gorputzarekin gainerakoak estaliz. Kontzientzia hartzen dute zertara daramatzan beren gorputzak, ezkutatzera edo besteak estaltzera, eta ikasten dute taldekide guztiei euren espazioa utzi behar zaiela, maila berean agertzeko. Buruarentzako izugarria da hau, kalean jarrera horiexek errepikatzen direlako eta ariketa honekin jabetu egiten direlako horretaz; gorputzaren bidez protagonismoa nola partekatu barneratzen dute, gutxienez antzerkian.

      Zenbateraino da antzezlan itxia eta zenbateraino hartzen du parte ikasleen irudimenak?

      Gidoian elkarrizketen hasierak baino ez dira agertzen, hiru esaldi denera, eta ikasleek eurek osatzen dituzte elkarrizketak. Ez epaitzearen ideia funtsezkoa da honetan ere, norbaitek ideiaren bat botatzen duenean erreakzioa ez dadin izan “a ze astakeria bota duena” edo “ideia hori txarra da”. Antzerkian dena da bai, proposamen guztiak onartzen ditugu, probatzen ditugu, eta joango gara ikusten antzezlanean txertatuko ditugun, aldatu behar ote diren edo ez duten funtzionatzen. Beti ez da samurra zenbait ideia bideratzea, umeen irudimena helduona baino askeagoa delako, urrunago iristen dira, baina merezi du ideia oro entseatzea eta probatzea, gero bere pisuz jausiko da antzezlanetik, indarrik ez badu.

      Emozioak eta sentimenduak lantzeko ere balio du antzerkiak.

      Jakina, eta emozio intentsuak bizi dituzte gainera, elkarri laguntzeko prozesu horretan, adibidez. Normalean ihes egiten dute tristezia edo lotsa bezalakoak interpretatu behar izatetik (haserrea aldiz gustura antzezten dute), baina egiten dutenean deskubritzen dituzte barruan daramatzagun beste rol batzuk, garatu beharrekoak. Sentimendu guztiak dira garrantzitsuak, ez dira alboratu behar, eta halako baloreak lantzeko baliatzen dut ikastaroa.

      Antzezlanen gaia ere baloreak lantzeko baliatzen duzu?

      Irakasleek eurek esan izan didate: “Baina antzezlan honetan ez da balore jakinik bultzatzen”. Gaian ez, baina prozesuan bertan asko: protagonismo partekatua, rolen apurketa, elkarri laguntzea aurrera egiten… Nola ez dela balorerik bultzatzen! Garai batean antzezlanaren gaia baloreren batekin lotzen nuen, baina segituan konturatu nintzen ez zuela funtzionatzen, gaiak eta pertsonaia batzuek protagonismo gehiegi hartzen zutela eta gainerako guztia estaltzen zutela. Artifiziala da: bullyingari buruzko antzezlana baino eraginkorragoa da entseguetan bullyinga antzemanez gero ariketen bidez aurre egiten saiatzea.

      Nola eragin du pandemiak klaseotan?

      Eragina izan du, ezinbestean, baina aldaketa positibo bat aipatzearren, ahotsarekin egiten duten ahalegina handitzea ekarri du: hobeto ahoskatzea, altuago hitz egitea, ahotsa lantzea… eragin du maskararen erabilerak, eta lanketa hori geratzeko etorri da.

      Entseguen emaitza: emanaldia jendaurrean.

      Hasieran ez nuen emanaldirik egin nahi, klaseetan gauzak lantzeko denbora kenduko zigula uste nuen, baina irakasleen ekarpena izan zen, nolabait ikasleek zentzu bat eta helburu bat emateko ikastaroari, eta arrazoi zuten: katarsi unea da. Ikasle guztiek, bakoitza bere pertsonaian, ekintza bat ospatzen bukatzen dute eszenatoki gainean. Emozionatuta amaitu ohi dute, elkar hartuta, garrasi betean. Jendaurrean aretora salto egitea eta fokupean aritzea bada presioa, baina urte hauetan guztietan, bi-hiru aldiz baino ez zait gertatu ikaslea aulkian jaiki ezinik geratzea, ezin oholtzara atera. Eta gertatu den bi-hiru aldi horietan ere, inork ez dio ezer leporatu ikasleari; alderantziz, lasai egoteko esan diote, moldatu direla eta aurrera atera dutela antzezlana.

      Urte hauetan ikasitako guztia biltzen ari zara.

      Ikastaroan egiten ditudan lanketak eta ariketak ari naiz jasotzen, ondoren Apropox.com webgunean zabaltzeko eta nahi duen hezitzaileak edo dena delakoak aprobetxatu ditzan. Horrez gain, ikastetxeetan bakarrik ez, enpresetan, eta herritarrei oro har antzerki ikastaroak eskaintzea da asmoa. Psicodrama ere ikasi dut, arazoak eszenara eramanez taldean egiten den terapia, eta nire formazioetan erabiltzen dut. Sinetsita nago interpretazioari esker gauza asko ikasi dezakegula.

      Zurea da aldarrikapena: “Euskal Herriko ikasle guztiek antzerkiaren beharra daukate”.

      Eta horregatik uste dut antzerkia Magisteritza Eskolan lantzen aritu beharko ginatekeela, irakasle izango direnek txertatu dezaten etorkizunean, edozein ikasgaitan erabili daitezkeen teknikak direlako; arazoei aurre egiteko erramintak ematen ditu antzerkiak. Ikastetxe batzuetan lantzen da, baina guztietara zabaldu beharreko zerbait da. Garapen pertsonala lantzeko, besteak beste. Gustatuko litzaidake jakitea ikastaro hauek jaso ostean ikasleengan aldaketarik nabaritu al duten irakasleek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara iristen direnean. Nik baietz pentsatu nahi dut, baliagarria zaiela, horregatik jarraitzen dut honetan.