Arantxa Hirigoien: “Hezkuntza eta antzerkia bi mundu ezberdin izanik ere elkarren beharra dute”
Euskal Kultur Erakundea
eke.eus, 2019-10-18

      Debrutegian, Ote Lore elkarteak Larresoroko pilota plazaren ondoan duen lokalean hartu gaitu Arantxa Hirigoien-ek (Baiona, 1974). Baionako Lizeoan irakasle postua aldi batez bazterrean utzirik, Axut! kolektiboarekin antzerkigintzan abiatzen duen lan berriaz aritu zaigu kultura eragile sutsua, eta hezkuntzaz, gazteez, familiaz, ibilbide oparoaz.

 

      Arantxa Hirigoien kultura eragilearen ibilbidea aipa dezagun sarrera gisa.

      Egia da ttipidanik euskal kulturan murgildu naizela, etxean beti bizi izan baitut giro hori eta etxekoek horretara bultzatu naute. Garaiko gazte anitz bezala, musika ikasi nuen, txistua eta Uztaritzeko Izartxo dantza taldean parte hartu nuen ere, hemen Larresoron dantza talderik ez baitzen. Gero, Ote Lore elkartean sartu nintzen, burasoek sortu elkartea, haur eta gazte gisa hastapenean eta gaur egun partaide gisa. Ote Loreren bidez hainbat kultura ekitaldi proposatzen ditugu herrian, euskarari eta kulturari atxikiak. Helburua da herrian berean eta euskaraz hainbat hitzordu proposatzea, antzerkia izan, bertsolaritza, kantaldi, eta abar. Egia da betidanik murgildu izan naiz giro horretan, berez doan giroa baita niretzat. Uste dut denbora hartan, 80. hamarkadan, herri anitzetan sortu zirela kultur elkarte anitz, beharra baitzen gune bat elkartzeko. Gogoratzen naiz hortik ere sortu zela Lapurtarren Biltzarra Uztaritzen, urtero elkarte eta herri horiek elkartzeko aitzakiarekin. Momentu horiek, bizi izan ditut aldarrikapen momentuak bezala, garaian kantaldi bat edo beste edozein gauza antolatzea ekintza aldarrikatzaile bat zen. Gaur egun, egoera zaila bada oraindik ere, onartuagoa da euskal kultura. Militantzia giro hori bizi izan dut bai.

      Gaur egun Ote Lore elkarteak segitzen du, 35 urte bete ditu, betiko hitzorduak antolatzen segitzen dugu, inoiz bezain beharrezkoak. Izan ere gure herria handitzen ari da biziki, kanpotik datorren gero eta jende gehiagorekin. Orduan behar ditugu gure ohiturak atxiki, gure hitzorduak eta bistan dena euskarari bere lekua eman behar zaio.

      Euskarak ere leku handia du zure bizitzan.

      Bai, berez doa. Euskal Herrikoa naiz, euskalduna, euskarak badu inportantzia handia bistan da eta hori hastapenetik, izan ere nire aita-amek ikastolara eramatea erabaki zuten. Nire ikasketa guztiak Seaskan egin ditut terminala arte. Gero euskaraz nahi nuen segitu ikasten eta Baionako fakultatera joateko aukera nuen, baina ikasketa garaia, etxetik alde egiteko garaia denez, Donostiara joatea erabaki nuen, euskal filologia ikastera.

      Ondotik segitu dudan ibilbidea, irakaskuntzan edo beste, euskarari lotua da beti. Egia da ere betidanik argi izan dudala euskaraz lan egin nahi nuela eta hori lortu dut zeren ikasketen ondotik berriz itzuli nintzen Seaskara irakasle gisa euskara eta literatura ikasgaia ematera. Orduan, euskaraz ikasi, irakatsi, euskara irakatsi eta euskaraz bizi, sinpleki.

      Orain hiru zaletasunak, antzerkia, euskara eta hezkuntza uztartzen dituen esperientzia berria abiatzen duzu.

      Hori da, etapa berri honetan hiruak juntatuko ditut. 17 urtez irakaskuntzan ibili ondoan, urte bateko pausa hartzea erabaki dut Axut! kolektiboarekin lan egiteko. Manex eta Ximun Fusch anaiek sortu kolektibo horrek, euskaraz antzerkia egiteko tresna bat izan nahi du. Ni kolektiboan sartuz, arlo berri bat proposatuko dugu irakaskuntza edo hezkuntzarekin lotua, antzerkiari leku bat egitea eta bitartekaritza lan bat egitea. Nire lana izanen da ikastetxeekin, antzerkigintza lantzea, garatzea, tailerrak proposatuz. Hezkuntza eta antzerkia bi mundu ezberdin izanik ere, biziki hurbil direla uste dugu. Biek elkarren beharra dute, azkenen ikastetxea, transmisio leku bat da non ikasleek jasotzen duten anitz baina non ematen duten ere; transmisio lekua den aldetik artea eta beraz antzerkiak badu bere lekua eskolan, dudarik gabe.

      Zer ekartzen du antzerkiak ikasgela batean?

      Antzerkiaren ekarpenak anitz dira eta ezagunak dira ere maila anitzetan, bereziki publiko horri, gazteei begira, ekarpen oso baikorrak dira; lehenik gorputzari, jarrerari, ahotsari begira: ikasten dute publikoaren aitzinean, ikaskideen aitzinean hitz egiten, konfiantza hartzen dute gehiago, sormen lana pizten zaie eta beste onura anitz ekartzen die. Uste dut antzerkia zerbait magikoa dela, nik egin ditudan tailerretan lizeoan zinez bilakaera handi bat ikusi izan dut gazteengan irailean lana hasi eta maiatzean ikusgarria aurkeztu bitartean, horretan da magikoa. Gaur egungo jendarteak ez digu pentsatzeko, gogoetatzeko astirik ematen, are gutxiago gazteei, … Aldiz, tarte horretan, tarte intimo horretan, jakinez antzerkia barneko zerbait dela, mugitzen gaituena edo ez, eskaintzen zaie aukera hori eta onuragarria da gazteendako eta ikasgelarendako ere bai. Tailer bat egin daiteke nahiantekin, motibatuenekin baina antzerkia landu daiteke ere gela oso batekin eta hori uste dut ona dela kultura mailan, antzerkia ezagutaraztea eta antzerkia bizi araztea gela batean.

      Zer garrantzia du sormenak haur baten hezkuntzan?

      Lehen aipatzen nuen, oraingo jendartean eta bereziki gazteetan, tarrapatan bizi gira, ez dugu astirik hartzen, beti presatuak bizi gira, gauza bat ez badugu maite beste batera pasatzen gira. Sormenak errealitate horretatik ateratzeko parada eskaintzen digu, gogoetatzeko parada, hainbat gaien inguruan pausatzeko, iritzia emateko eta bereziki gazteengan ikustea zer munduan bizi garen. Izan ere antzerkiaren bidez hainbat gai jorratzen ahal dira, eztabaidak, gogoetak sortu eta hori inportantea eta beharrezkoa da gaur egungo gizartean. Are gehiago hezkuntzan, arteak oro har edo antzerkiak duen lekua garrantzitsua da. Ikastetxeetan sormen laborategiak sortu behar ditugu. Fisikan edo biologian badituzte laborategiak esperientziak egiteko. Uste dut arteari begira beharrezkoak direla horrelako guneak ere eta betidanik, ama ikastolatik. Ez dut erraten egiten ez denik izan ere badira jada proiektu interesgarriak, baina uste dut gazteen curriculumean sartu behar liratekeela, bilakaera bat ukan dezaten ama ikastolatik lizeo arte. Sormenak gauza anitz ekartzen ditu edonori.

      Eta zer garrantzia du hezkuntzak haur baten sormenaren garapenean?

      Hezkuntzak tresna batzuk ematen ahal dizkio ikas prozesuan, ahozkoan zein idatzizkoan, gaitasunak sormenerako, idazteko. Bestalde, irakasle bat, klasea emateko maneran, sormenari lotzen ahal zaio ere, proposatzen dituen ariketa edo aktibitateak arrunt sormenetik jiten ahal dira. Eta hor egiten da harri batez bi txori: hezkuntza lantzen da, jakitate bat transmititzen da eta ber denboran lantzen da ikasleek berek zer duten emateko; sormena ariketa edo joko izaten ahal da. Eta euskaran edo hizkuntzetan izan daiteke baina bai eta ere historia edo matematika lantzean ere, nahiz eta zaila den egitea, irakasleak programari atxikiak direlako. Hor uste dut baden lantzekoa, askatasun hori pixka bat.

      Nik hezkuntza eredu guztiak ez ditut ezagutzen, Seaskakoa dut ezagutzen eta uste dut badela manera sormena lantzeko edo garatzeko ditugun ereduetan. Ez da itsutu behar, egia da gaurko baldintzak zein diren ikusiz ez dela beti errex nahi dugun guztia eramatea, ikasle kopuruarengatik edo beste, baina lekua guk egin behar diogu ikasgeletara sormen edo artea ekartzeari. Harrigarri da gure gazteak zer artistak diren ikustea, sortzaile hutsak dira, gaitasun anitz dituzte. Ohartzen gira anitz dutela ekartzeko, musika mailan, kantuan dantzan, antzerkian eta abar. Horregatik inportantea da leku hori egitea. Beste galdera bat izan daiteke alor hori ikasgelan eman behar denez edo ikasgelatik kanpo. Baina hasteko eskolan, ikastetxean behar zaio sormen horri leku bat eskaini eta ez dadila izan zerbait inposatua, baizik eta berez heldu dena, nahiantei proposatuko zaiena. Aski litzateke ere ikasleak urtean behin antzerki baten ikustera eramatea edo euskarazko filma baten ikustera; proiektu horiek jadanik anitz egiten dira baina ez bakarrik ikuskizun komertziala baten ikustera eramatea. Zeren gero interesgarria da gelan ikusi dutena lantzea, hori ere sormen prozesuan sar daiteke eta beharrezkoa da ikasleentzat.

      Bitartekaritza lana garatuko duzue proiektu berri horretan?

      Bai, uste dut lan hori beharrezkoa dela, ez baita aski antzerki lan baten ikustera joatea, beharrezkoa da ere preseski antzerki horren lanketa gelan egitea, aitzin edo ondotik. Ikasle, ikusle, antzerkilari edo artisten arteko topaketa batek oihartzun handiagoa izanen du ikasgelan lan hori egiten bada. Eta hau da Axuten dugun helburuetariko bat preseski, lanketa hori eramatea eta irakasleei tresna bat eskaintzea, txosten pedagogiko bat alegia. Zaldi Urdina obra berriaren inguruan prestatu dugu jada txosten pedagogiko hori; irakasleek webgunean eskuragarri du, antzezlana ikusi aitzin edo ondoren, gelan ikasleekin landu nahi badu. Txostenean hainbat material ezberdin izanen dira, bertsoak, artikuluak, testuak, erreportariak, filmak etabar, antzerkian agertzen den gaiaren inguruan. Manera bat da haurrekin gaia lantzeko baina harago ere joan daiteke, antzerkilariekin, idazleekin topaketa bat antolatuz, errepika baten ikustera joanez, gogoeta bat eramanez,…

      Nik, sail horretan, irakasle gisa hutsune bat, eskasia bat sentitzen nuen euskaraz. Frantsesezko antzezlanetan materiala anitz topa daiteke baina euskaraz gutxi edo batere ez eta hori funtsezkoa da; nahi badugu gaia landu, tresnak eskaini behar zaizkie irakasle zein ikasleei. Beraz gure arlo nagusietariko bat izanen da hau.

      Zer garrantzia du hizkuntzak eztabaida horretan?

      Euskarari garrantzi osoa ematen diogu bistan dena, gisa horretako tailerrak euskaraz egitea onuragarri da erabat, gazteek ikus dezaten euskara ez dela bakarrik ikasgelako hizkuntza, ez dela gai bateko hizkuntza baizik eta euskaraz gozatzen ahal dela, ongi pasatzen ahal dela, sortzen ahal dela, asmatzen ahal dela. Eta uste dut guri dagokigula ereduak sortzea, gure haurrek euskarazko ereduak ukan ditzaten, euskarazko filmak, antzerkiak, pentsa dezaten, amets egin dezaten, bizi daitezen euskaraz, euskarazko antzerki baten ikustera joatea ez dadila izan zerbait berezia, salbuespena. Euskarazko antzerkia edo filmak ikusteko ez gaitezen egon beha, lan anitz dago egiteko baina nahi badugu euskaraz bizi, euskarazko ereduak, gure ereduak behar ditugu. Gure ereduek gainera gure historia kontatuko dute.

      Haurren arreta handigoa da klase arrunt batean edo antzerki tailer batean?

      Uste dut nahiago dituztela antzerki tailerrak klaseak baino, baina dependitzen du ere klasea nola eramaten duzun. Izan ere, klasea ematea biziki lotua izan daiteke antzerkiari. Heldu zira tenore batean, publikoa hor duzu zuri so, atentzioa behar duzu atxiki. Egia da ez dutela beti horrat etortzeko gogorik eta agian nahiago lukete beste leku batean izan, baina irakaslearen ikuspegitik, klase ematea antzerkiari aski lotua da. Nik bi esperientzia mota bizi izan ditut, antzerki proiektuak klase oso batean ematea eta bestetik tailerrak nahiantekin bakarrik egitea. Ikasgela osoarekin egia da zailago dela, ikasle kopuruagatik eta batzuek berez ez dutelako biziki gustuko, ondorioz zerbait inposatua bezala ikusten dute. Aldiz ikas tenoreetatik kanpo antolatu tailerretan dudarik ez da, beste harreman bat sortzen da, ez gira gehiago irakasle eta ikasle ez gira ikasgela batean, eta hor zinez, bilakaera biziki interesgarriak eta aberatsak ikusi ditut. Lehen erraiten nuen zerbait magikoa dela zerbait sortzen dela, gazte horiek beti badute azken memento arte atxikitzen duten zerbait eta bat-batean taula gainean ematen dutena.

      Zein dira ikasleekin aurreikusten dituzun antzezlanak?

      Lizeoko ikasleak direla, alegia 15-17 urte inguruko gazteak direla jakinik, interesatzen zaizkien gaiak saiatzen gara hautatzen, gai sozialak, nerabezaroari lotuak. Lehenik testoa idazten dut baina gero beti partekatzen dugu, oharrak ateratzen ditugu eta antzerki testu bat, bizirik denez, etengabe mugitzen daitekenez, heien ekarpenak kontuan hartzen ditugu eta berriz eraikitzen dugu. Uste dut joan-jin bat izan behar dela, ikasle eta ikusleen artean magia hori sortzeko. Beste etapa ezberdinak dira testua eman aitzin, ariketak, beroketak, taldea osatzeko elkar ezagutzeko giroa sortzeko eta gero testua lantzen dugu.

      Altxor bila ibili zira bestalde. Maurice Harrieten (1814-1904) hiztegia deskubritu duzu.

      Ikasketak bukatu ondoren, gogoa nuen ikerketa arloan gehiago murgiltzeko eta tesia egitea erabaki nuen. Haltsuar baten hiztegia ikertzea hautatu nuen, Maurice Harriet apezarena. XIX.garren mendearen erdian, euskara/frantsesa hiztegi bat idatzi zuen eta lan hori ez zen sekulan argitaratu, beraz eskuizkribu bat da. Hiru hizki hautatu nituen eskuizkribu horretatik eta horiek berridatzi nituen eta euskal hiztegigintzari buruzko historia ere landu nuen, lan interesgarria izan zen, lau urtez luzatu zena, aski lan bakartia; inguruko jende batzuek ez zuten ulertzen nola pasatzen ahal nituen orduak hiztegi baten aitzinean, baina gustuko izan nuen biziki.

      Nola baloratzen duzu ondare immateriala? Zer atxiki behar da, zer baztertu?

      Niretzat “ondare” hitzak jadanik badu halako iraganeko zentzu bat, zerbait zaharkitua bezala edo, zerbait materiala, eraikinak bezala. Nire ustez ondare immateriala aldiz ez da hunkitzen duguna, sentitzen duguna baizik, euskara edota antzerkia bezala eta niretzat hori behar beharrezkoa da.

      Uste dut ondare immaterialak ez duela bukatu behar erakusleiho batean, antzerkiari buruzko erakusketa batean bezala edo. Egin daiteke noski, baina niretzat immaterial hori materiala bezain inportantea da, are inportanteagoa...eta horretan transmisioa, sormena ezinbestekoa da. Horrek du ondarea orokorrean bizi araziko eta atxikiko bistan dena.

      Dantxarineko muga errez zeharkatzen duzu?

      Ni Euskal Herrikoa naiz eta arazorik gabe joaten naiz Nafarroara, Gipuzkoara etabar, alde batetik familia dudalako Euskal Herri guztian eta betidanik pasatu naiz naturalki alde batetik bestera. Ama Amaiurkoa da, Baztangoa, horrek ere gauzak errazten ditu, gure etxean mugarik ez da izan sekulan.

      Proiektu berriarekin ere zeharkatuko duzu?

      Noski baietz, hori da helburuetariko bat ere. Mediazio lan horretan gogoa dugu Euskal Herri osoko ikastetxeekin lan egiteko. Eramaten ari garen lan pedagogikoa aurkeztu diegu hainbat ikastetxeei eta segidarik izanen da dudarik gabe. Euskaraz lan egiten dugun aldetik, Euskal Herri guztira hedatzea da xedea, gainera han ez dituzte bortxaz hemen bezala lantzen hainbat arlo, ondorioz trukaketa hori aberasgarri eta beharrezkoa izanen da dudarik gabe.

      Zuretzat herri honek nola tratatzen ditu artistak?

      Artistak ez dira egoera onean dudarik gabe. Diru eskasia denean ekonomia mailan, badakigu nondik kentzen den lehen lehenik, kulturatik. Eta ondorioak nork pairatzen dituen baldintza biziki txarretan lan eginez, are gehiago euskaraz ari diren artistak. Baina bestalde, gaizki garenean, egoerak nonbait behartzen gaitu hobetzera, eta borroka beti hor da nire ustez, are gehiago artistendako, horretaz bizi direnendako.

      Antzerkira itzuliz, oholtza gainean ibilitakoa zara.

      Bai biziki esperientzia polita izan zen.

      Maialen Fautoux lagunarekin Ama bi taldea sortu genuen orain dela 8 urte. Abiapuntu berezia izan zuen proiektuak. Urte horretan lizeoan tailer bat egin nuen eta Maialenek lagundu ninduen. Biziki ontsa pasa zen eta erran nion ondoko urtean segitzeko gogoa nuela baina ezingo nuela haurdun nintzelako. Orduan hark erantzun zidan haurdun zela ere. Hor batetik bestera mintzatuz erabaki genuen haurdunaldiari buruzko antzezlan bat prestatzea. Horretan sartu ginen eta Tripakiak antzezlana eman genuen, egiazki haurdun ginela. Eman genuen lauzpabost aldiz urte horretako azaroan, haurrak abenduan sortu zirelarik. Zinez abentura bikaina izan zen, sakelako antzerki moduko bat. Ez genuen deus berri asmatu baina hain unibertsala den haurdunaldiaren gaiari buruzko lana muntatu genuen, usaian entzuten ditugun krisi horietatik abiatuz. Gure helburua ez zen batere irakaspen bat ematea baizik eta jendea pixka bat kilikatzea, guk bizi genuena eta hain segur ere, beste ama anitzek bizi dutena taula gainean ematea, umorez ematea.

      Gero haurrak sortu ziren eta fite pentsatu genuen horrek ere segida bat merezi zuela, egunerokoa haur txiki batekin eta abar. eta bigarren lana, Amakiak atera genuen, amatasunari buruz. Hor ere ez genuen deus asmatu baizik eta gure bizipenetatik abiatuz antzezlan bat sortu. Gero hirugarrena ere eman genuen gure proiektua borobiltzeko bezala; Amatur idatzi genuen, hitz jokoarekin izan ere amaturrak ginen eta amak ere bai. Hor zen gehiago gazte, nerabetasunari buruzkoa, ama alaba edo ama semeen arteko harremanez. Eta gure turra horretan bukatu genuen. Bizki esperientzia polita izan zen, sakelako antzerki formatuarekin, apainketa gutxi, iraupen laburrekoa, gure kamionetan dena sartzen genuen, eta hainbat herritan ibili ginen, zinez bikaina izan zen.

      Orain noiztenka, aipatzen dugu segitzea, ideiak baditugu, baina zaila da biak ari baitgira gauza ezberdinetan. Baina ideia hor da eta asmoa genuke beste zerbait egiteko formatu horretan. Hor berezia zen, lehen aldia nuen taula gainean baina amaren pertsonaia, nire pertsonaia zen eta ez dakit zenbateraino fikzioa eta errealitatea nahasten ziren hor. Orain egiten badugu gehiago emazteen ikuspegitik egingo genuke, baina beti ere umore zerbaitekin.

      Uste dut hemen Euskal Herrian badela antzerki mota guztietarako publikoa; hemen ipar euskal herrian adibidez antzerki amaturrak indar handia du, aski da ikustea libertimenduak, maskaradak, toberak kabalkadak, anitz garatzen ari dira. Uste dut badela lekurik antzerkiarentzat, herrikoia izan edo beste.

      Ama etxean, taula gainean, lanean… Errexa izan da arlo guztiak eramatea?

      Garai hartan laugarrena tripan nuen beraz errexena hori izan zen kudeatzea...Ez dakit nola baina egiten da, hitzarmen bat izenpetuz etxekoekin. Egia da xantza dela proiektuarekin bat egitea etxekoek eta laguntza eskaintzea. Batzuetan hobe da ez pentsatzea nola egiten den bestela beldurtuko nintzateke. Ahal den bezala aitzinatzen da, baina jo.

      Eta hain zuzen ere, orain haurrak handitzen ari direnez, gogoa dut lan berri horretan ongi hasteko, nik gogoa dudan gauzetan murgiltzeko eta nire bidea egiteko ere.

      Azkenik pausatu ez dudan galdera bati erantzun nahi?

      Agian, Haurrok taldearen lan berriaz hitz egin genezake, edo Axut ! kolektiboaz ere gehiago erran… baina luzeegi izango litzateke, beraz horretan bego!