Ergel maitagarri hori
Myriam Garzia
Argia, 2014-11-02

      Esaten dutenez, pertsona beste klown edo klun dabiltza munduan. Bakoitzak du berea. Barrea eragitea gauza serioa denez, Euskal Herrian dauden zenbait klownengana jo dugu, pertsonaia honen gainean hitz egiteko. Gehienek gauza bera diote: klowna ez dela pertsonaia, munduan egoteko modua baizik. Oinarrizko ikasgaia da klownarena, arte eszenikoetan dabiltzanentzat eta edozeinentzat ikasgai baliagarria, sudur gorria janzteak munduaren ikuskera aldatzen baitu.

      “Barregarria zarela uste duzu?” galdegin dio Philipe Gaulierrek klownari. “Ez Philipe!” erantzun dio ozen. “Barrea eragiten ez baduzu, ez zara klowna! Kalera!”. Maisuak ondo ezagutzen ditu aktoreen desirak eta asmoak, eta nola ez, YindeYan antzerki taldeak eta Stock Umoreak antolatuta, maisu handi honen master classera Bilbora hurbildu direnen nahiak. Aktorea muturrera eramanez, harengandik onena atera nahi du Gaulierrek, norbere klownaren zuku miresgarria.

      25 bat aktore heldu dira Philipe Gaulierren master classera eta pertsonaia bana defendatu dute maisuaren aurrean: militarra, txirrindularia, Romeo, Marilyn, monja, sagutxoa, bainurako jantzitakoa, erromatarra, gentleman-a... Aktore beste klown. Gaulierrek jokorako arauak ezarri ditu, eta danbor hotsez, klownak eszenan agertu eta desagerrarazi ditu. Aktoreek, sudur gorria jarrita, pertsonaiari eutsi diote, maisuaren ikasgaiak edo gomendioak entzuten eta erantzuten dituzten bitartean. Klownak dira, ez pertsonak, ezta aktoreak ere. Eta, Gaulierrek sufriarazi egin badie ere, aktoreak zein saio ireki honen publikoa poz-pozik atera gara aretotik, irribarrea aurpegian.

 

      Klowna ala ezer ez

      Aitor Basauri, Stock Umorearen sortzaileetako eta aktore ezaguna, Gaulierren ikasle izandakoa dugu aspaldi. Londresen eta Bilbon bizi da. Spymonkey antzerki taldea sortu zuen duela 15 urte, klowna eta umorea oinarrian dituen konpainia. Batez ere Londresen jarduten du, baina hainbat lan egin ditu, tartean Circe de Soleil ikuskizunetako batean, zeremonia maisu moduan. Klowna da.

      “Gaulierrek gustoko dituen klownak lantzen ditugu, hau da, ergelarena egiten dugu. Baina ergelkeria sentsibilitate handiz erakutsi beharra dago, plazer handiz eta dibertitzeko” dio aktoreak.

      “Ez dakit zer den klowna, eta ez dut jakiteko gogo berezirik” jarraitu du Basaurik. “Nik ez dut sudur gorririk erabiltzen. Garrantzitsuena ez da zer, zertarako baizik. Nire ustez, ergelkeria erakutsiz barrea eragiten duena da klowna. Baina jendeari ez zaizkio axola definizio horiek guztiak, berdin egingo baitute barre. Antzerkiak barrea eragin, hunkitu, zirikatu, kilikatu, negarra eginarazi eta beldurtzeko balio behar du. Emozioak eragiten badizkidate, ‘zein ondo pasatu dudan antzerkian’, esango dut. Gure taldean ergelkeria erakusten dugu, gure buruaz barre egiteko, eta horrela, publikoari barrea eragiteko”.

      Izan ala ez izan, klownak ahalmen berezia du: barrea eragitea. Pertsonaia edozein dela ere, gorrotagarriena ere, demagun guardia zibil batena, maitagarri bilakatuko da publikoaren aurrean, sudur gorria jantziz gero. “Sudur gorria jartzen duena, ‘nitaz barre egin, ergela naiz eta’ esaten ari zaio publikoari. Emankortasun ariketa hori, pertsona orok egin beharko luke”.

      Norbere klownaren bilaketari buruz zera dio aktoreak. “Bizitza ematen dugu geure baitako klownaren bila, baina aurkituz gero, klown hori hil eta beste bat jaioko da, azken finean, klownaren bilaketa norbere buruaren bilaketa delako. Horregatik, zeu aldatzen bazara, zeure klowna ere zurekin aldatuko da”.

      Klowna ergel bat dela dio Aitor Basaurik, eta neurri batean, “denok gara ergelak. Batzuk jakinaren gainean daude, eta besteak ez dira horrenbeste jabetzen. Klownaren esentzia zera da, publikoak hari barre egin diezaion, berari lehendabizi eta berarekin gero”. Hala ere, “klownak ez du mezurik”, Basauriren ustez. “Salaketa politikoa edo soziala bufoiarena da gehiago”.

      Bufoia eta aktorea dugu Eneritz Artetxe, Dxuturi Teatroko kidea. Hala ageri da behintzat, Konpota bere azken lanean —Philipe Gaulierrek berak idatzia eta Antton Lukuk frantsesetik euskarara itzulia—. “Nire bufoia ateratzeko aukera eman dit antzezlan horrek. Nire ustez, bufoia edo klowna ez dira pertsonaiak, barruan dugun izateko modu bat baizik. Inkontzienteki ateratzen diren ahuleziez edota une barregarriez elikatzen da klowna, gure gizatasunaren seinale horiez. Ez duzu bufoiarena egiten, barrutik ateratzen den zerbait da” dio Eneritz Artetxek.

      Klowna eta bufoia desberdinak dira Artetxeren ustez. “Bufoia gizarteak baztertua da, ez du ongizate jendarte honek ontzat ematen dituen standarrekin bat egiten, eta horregatik, gizartea kanpotik ikusteko ahalmena du, hori du bere boterea. Kritikatzeko askatasun izugarria du, ez baitu ezer galtzekorik. Eta esatean dibertitzen da”, azaldu du aktoreak. “Bufoiak egia esateko beharra du, nahiz eta gerora, hori bere kalterako izan. Betiere zeharka, ironiaz, umorez baina jendeak marmarka dioen hori, esan egiten du bufoiak. Ongiaren eta gaizkiaren gainetik dago, eromen puntua du. Eta, publikoarekin jolasean aritzen da, katua saguekin nola. Joko horretatik ateratzen da ironia”.

      Emakumea eta bufoia izatea ez da erraza izan Eneritz Artetxerentzat. Emakumea umoretik baztertua izan dela uste du. “Ez dago umore unibertsalik, batzuek esaten duten moduan. Draman badugu tokirik, edo komedia arinean. Baina umoretik edota ironiatik baztertuak izan gara, eta bufoiari inteligentzia eta kritikarako ahalmena aitortzen zaizkio. Emakumeoi zaila egiten zaigu rol hori gureganatzea... Klownarekin beste horrenbeste, klowna ez baita tentel polit bat, muturreko gauzak egiten ditu, aurpegi zatarrak jartzen ditu, desitxuratuta agertzen da askotan, eta hori, emakumeek egiten badute, ez da barregarria askorentzat. Jar zaitez polita neska!”.

 

      Ganso, hitzik gabeko klowna

      Durango elkartu gara Gorka Gansorekin, Ganso&Cia konpainiako sortzailea eta klowna. 2007an sortu zuen konpainia, Cecilia Paganinirekin batera, Hortzmuga antzerki taldean 10 urtez aritu eta gero. Egindako lanen artean, Renato, Mediopelo eta Babia ditu. Orain Walkman izeneko ikuskizunarekin dabil han eta hemen, kalea izanik bere espazio eszeniko naturala.

      “Nire aurreko lanetan bezala, pertsonaia patetiko eta hunkigarri bat da antzezlan honen ardatza. Publikoa entretenitu eta bereganatzen duen pertsonaia, zirkuko ariketak edota antzeko baliabideak erabiliz”, diosku Gorka Gansok Walkman antzezlanaz.

      Azken lanetan, hitza alde batera utzi eta keinu bidez komunikatzen da publikoarekin. “Sinpletasunaren aldeko apustua egin dugu, ez dago istorio edota dramaturgiarik. Tontakeria multzo bat besterik ez, publikoarekin kontaktatzeko eta barrea eragiteko. Askotan, hitza komunikaziorako oztopo bihur daiteke. Gauza oinarrizkoak, emozionalak edota funtsezkoak adierazteko keinua nahikoa da. Berriketa gehiegi egiten dugu”. Hitzik gabeko ikuskizun horri esker, eta hizkuntzaren mugarik gabe, Frantzian barrena aritu dira Ganso&Cia taldeko kideak eta datorren urtean nazioartean mugituko dute ikuskizuna.

      Gansoren ustez, klowna “pertsonaia errebelatzailea da, medium baten antzekoa. Ezkutuko egiak esaten ditu, gordetako izaerak, isilpeko ebidentziak... Jendearekin enpatizatzen du, ezkutatzen saiatzen garen zerbaiten isla delako, gure gizatasuna. Horregatik, bat-batean militarra maite dugu, armaduraren azpian dagoen gizaki hauskorra eta ahula ikusten dugulako”.

      Klowna betirako biziko dela dio Gansok, eta bere ustez, “zirkutik atera zenetik han eta hemen aurkituko dugu: zineman, antzerkian, publizitatean... Gaur egun ez da soilik tresna eszeniko edota interpretatiboa, ospitaletan edota kongresuetan aurki dezakegu. Jendeak ematen dio klownari izateko arrazoia. Klowna beti egongo da jendearekin, eta bizi dugun errealitatearekiko adi egongo da”.

      Aitor Basaurirekin bat dator Gorka Ganso: “Pertsona beste klown daude. Batzuk tradionalagoak izango dira eta beste batzuk berritzaileagoak. Dena den, pailazoak errealitateari eta jendeari aurrez aurre begiratzen dio. Pep Vilak, nire maisuetako batek, dioen bezala, ‘klownak ez daki ezer egiten eta horren gainean artea egiten du’. Klowna sortzailea da. Berak ez daki, ez da hori bere asmoa, baina gure begien aurrean bere izaera poetikoa, magikoa eta adierazgarria da”.

      Edozein aktoreren curriculumean klowna oinarrizko tresna interpretatiboa izan daiteke. “Klownaren oinarrizko funtsa pertsonala eta errepikaezina da, besteengandik desberdintzen gaituena. Klownak bere miseriez, akatsez, ohiturez edo bertuteez barre egiten ikasi beharra dauka. Tresna baliagarria da aktoreentzat bat-batekotasuna eta autoezagutza lantzeko, eta noski, komikotasunerako”.

 

      Klownak hezitzeko eskola

      Uhartean Klown eta Adierazpen Eskola 1999. urtean sortu zuten Esther Carrizok eta Ramon Albisturrek. “Artea eta antzerkia lantzeko beste era baten alde egin genuen apustu biok. Bide ofizialetatik at, diru-laguntzen menpekotasunik gabe, gure lana oinarritzat hartuta”. Aldi berean, 1990 eta 2009 urteen artean Okzitaniako Lombezen dagoen Bataclown konpainiako formatzailea izan da Ramon Albistur.

      Uhartean eskolaren helburua, “adierazpen antzerkia eta antzerki-klownaren edukiak garatzea da, bai formazioan, baita sorkuntza arloan ere”, azaldu digu Albisturrek.

      2001. urtean Mugabeclown egitaraua sortu zuten “antzerki-klownaren proposamenari muga guzien gaindi bidea emateko. Mugaldean bizi gara, Bortzirietan hain zuzen. Mugaldea bizipen eta kulturen arteko topalekua da. Gainera antzerkia guretzat arte anitzen arteko topaketa da”. Horregatik, zenbait arlotan murgiltzen dira eskolan: sukaldaritza, dantza, taichi chuan, margoa, musika eta kantagintza. Gaien aldetik euskal mitologia, genero harremanak, sexualitatea, natura, hezkuntza edo krudeltasuna bezalako edukiak lantzen dituzte.

      “Gure ikastaroetan parte hartzeko ez dugu maila berezirik eskatzen” dio Ramon Albisturrek. “Salbuespen bakarra sorkuntza lan prozesuan gerta daiteke, eta ez beti. Tailer eta ikastaroetan oinarrizko adierazpen lana eta jolas dramatikoaren zutabeak proposatzen dira, pixkanaka klownaren inprobisaziorako baldintzak atzematen, garatzen… eszenara ailegatuz. Sortze lana garatzen dugu, amateurrena eta profesionalena. Jendearekin eszenara jauzteko prozesua lantzen dugu. Ikuskizuna emankizuna da, hots, komunikazio jolasa, non bizitza islatzen den”, azaldu du klown eskolako kideak.

      Beran kokatzen bada ere, eskola ibiltaria da Uhartean. “2007. urtea arte, Berako landetxe batekin izan dugu akordioa, udan eta oporraldietan ikastaroak egiteko. 2008tik aitzin Txantreako Auzotegi Kultur Etxean tailer iraunkorra sortu genuen. Gainerako lekuak eskaeraren eta eskaintzaren arabera”. Ipar Euskal Herrian zein Hego Euskal Herrian, eta baita ere Girondan, Dordoinan, Valentzian, Bartzelonan, Kantabrian, Montsenyn, Suitzan, Marokon, Oktzitaniako Tolosan eta Tarnozen eman dituzte eskolak. “Taichiclown dugu salbuespena, 2010etik lantzen dugu eta Intzako Sorabile baserrian egiten dugu”. 2001. urtetik 400 ikasle pasatu dira eskola horretatik.

      “Gure lan proposamena hiru eletan eskaintzen dugu: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Gure ikastaroetara mugaz bi aldeetako jendea heldu da. Gure herrialdetik kanpoz heldu diren aunitzek Euskal Herria aurkitzen dute, bai bere azalean, baita bere zainetan ere” esan digu Albisturrek.

      Beste klown batzuek aipatu diguten moduan, bere ustez “klownaren pertsonaia eraikitzearen prozesua pertsona bakoitzaren prozesuari lotua da. Sormen prozesua da. Ez da antzerki pertsonaia bat, betebehar bati mugatua, lan zehatz baten zerbitzurako. Pertsonaia bezala, askatasun handia ematen du, eta bide luzerako prest egon behar da. Klowna maite dugu atsegina delako, askea delako, iraultzailea delako, hauslea delako… gure barne-barnean dugun utopiaren adierazle delako” dio Albisturrek. Hala ere, “sudor gorria maskara bat da” Uhartean eskolako sortzailearen ustez, “eta maskaratzat hartu behar dugu. Klowna ez dago sudur gorrian, bihotzean baizik. Sudur gorria janztean lotura unibertsal bati atxikitzen gatzaizkio, maskara erritualari, desorekaren arketipoari. Oso serioa da sudur gorria janztea”.

 

      Emakumea eta klowna

      Oihulari Klown taldea 1988an sortu bazen ere, 1996 arte ez zuen profesionaltasunera jauzia egin. Hala ere, talde honen sotzaile Virginia Imazek 25 urte daramatza sudur gorria jarrita. Bera izan da Euskal Herrian ezaguna egin zen lehen emakume klowna. “Nire lehendabiziko klown ikastaroa 1983an egin nuen. Antzerkia gustuko nuen garai haietan baina asko sufritu nuen bat-batekotasuna lantzen, eta klownak ezin zuela nire bokazioa izan uste izan nuen ikastaroa bukatzean, Halaber, umorea gizonezkoen kontua zela ohartu nintzen” azaldu du Imazek. Hala ere, “nire ikaskideak ikusita hainbesteko barrea egin eta gero, klown ikastaroak egiten jarraitzea erabaki nuen, barreak onura egiten zidan eta”. Le Bataclown konpainia frantziarrean aurkitu zuen formazio eta esperientzia aproposa. Horri esker, aktore sozial gisa dugu ezagun Virginia Imaz, frantsesez clownanalyse deitzen den rolagatik. Alegia, klown kodean bat-batekotasuna lantzen du. Oihulari Klown konpainiaren espezialitatea diren klownklusioek —topaketetan edo kongresuetan aurkeztu diren gaien inguruko klown parodia—, antzerki eremutik kanpo lan egitera eraman ditu kideak.

      Virginia Imaz klown izateko formatzen hasi zenean, emakume gutxik hartzen zuten parte ikastaroetan. Egun, formazioari dagokionez, emakume gehiago badago ere, gutxi dira profesionalizatzen direnak. Beste lanbide batzuetan bezala, “gizonezkoak dira arrakasta lortzen duten klown gehienak; emakumezkoak amateur dira”.

      “Ipuinak, pailazoak edota txotxongiloak umeentzat direla uste den bezala, oraindik hainbat aurreiritzi dago helduen klownari heltzeko orduan. Egia da klownak berehala beregatzen duela jendea, bere hizkuntza, erotasuna, gorpuzkera, eta bat-batekotasun emozionala ulertzen du. Adin guztietako pertsonek, denek, poesia eta umorea behar ditugu gure bizitzan”.

      Arte eszenikoetan aktore askok baliatzen dute klowna formazio gisa, “maskara antzerkiak norbere gorpuntzaren kontzientzia, emozio biologikoak, tempoa edota arnasa lantzen laguntzen duelako. Baina ez dut uste aktore gehienek klowna dutenik oinarri gisa. Aldiz, aktore gehienak tragedia, melodrama eta onespen soziala duen antzerkia dute nahiago”. Oihulari Klown konpainiak antolatzen dituen ikastaroetara hurbiltzen diren pertsonak, “ez dira aktoreak, kaleko jendea da, askok hezkuntzan eta osasun zerbitzuetan egiten dute lan eta ondo dakite umorea tresna baliagarria dela geure burua ezagutzeko, ondo egoteko, loturak lantzeko”. Hala ere, Imazen ustez, “bada berri on bat: egun diharduten antzerki taldeak komediaren inguruan murgiltzen dira. Eskaera handia dago, eta egungo publikoa norabide horretan doa: barre egin nahi dute”.

      Imazen ustez ere, klowna ez da pertsonaia bat, munduan egoteko modu bat baizik: “Energia bat da, begiratzeko era bat. Klowna pertsonaien kutxa txinatar bat izan daiteke, pertsonaia bat beste pertsonaia baten barruan”. Bere aburuz, “klownak zerikusi handiagoa du ikasitakoa urratzearekin, ikastearekin baino. Zentsura emozionala, itxurakeria, gizalege soziala, zurruntasuna, intolerantzia edo besteren azalean jartzeko ahalmen eza desikastea, alegia”.

      Pailazoa poeta al den galdetu diogu Oihulari Klown taldeko kideari: “Ekintzaren poeta da. Metaforaren langilea. Bere poesia batzuetan keinu bidezkoa da, ikusten den zerbait baina betiere, ezustekoarekin lotura bat, ezohikoa, poetak bezala gu hunkitzea bilatzen duena”. Fernando Pessoak zioen bezala: “Poetak (edota klownak) itxurak egiten ditu,/ eta benetako itxurak dira,/ mina sentitzen duen itxura egiten duenean ere/ mina benetan sentitzen du eta”.