Zer erran, eta non erran
Oier Guillan
Argia, 2009-06-07

      Le Petit Théâtre de Pain taldeak oholtza mota ugari ezagutu du orain hamahiru urte sortu zenetik. Euskaraz egin berri duen trilogiarekin publiko berriak ezagutu ditu taldeak, mugarik gabe. Ekainaren lehen asteburuan Luhuson Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin eta Kilikolo zirkoarekin martxan jarri duten Harri Xuria izeneko proiektua aurkeztuko dute, hamaika talderen emanaldiekin lagunduta.

      Luhuson jarri dugu hitzordua. Manex Fuschen eskutik ezagutu ahal izan dugu lehenik Harri Xuria espazioaren barnea, lanerako aukera ugari ematen ahal duen gune handia. Oraindik teknikoki gauzak falta zaizkio, baina sumatzen da hasiak direla espazioak eman dezakeena irudikatzen. Goiko bulegoetan taldekideen mugimendua da nagusi, ordenagailuetatik bilera gelara, eskaileretan gora eta behera, haien artean dabil Ximun Fusch ere. Anaia biekin esertzea eta grabagailua piztea bat izan da, ez baitute askorik behar proiektu berriek sortzen duten grinari bide emateko.

      Le Petit Théâtre de Pain taldea 1995. urtean sortu zen Bordelen, Ximunek oroitzen duenez. “Han egiten genituen antzerki estudioak. Antzerkiaz asko hitz egiten zen, baina gutxi egin. Orduan erabaki genuen lehen lana muntatzea”. Urteekin egitura finko bat sortu duten beste esperientzia askotan ez bezala, hastapenetik garrantzi handia eman zioten taldearen oinarrizko filosofiari. “Talde antzerkia egin nahi genuen, talde iraunkor baten inguruan lan eginez. Antzerkia molde tradizionalean egitea azken finean, eta ez jendea bilduz casting-en bidez. Horrekin batera antzerki ibiltaria eta herrikoia egitea izan dugu helburu”. Antzoki ofizialetako arduradunengana jo zuten lehenik baina tankera horretako zirkuituan zaila egin zitzaien aurrera egitea. “Aski fite joan gara kalera, zirkuitu tradizionaletik at hasi gara lan egiten herriko festa komiteekin, kale antzerki jaialdiekin, eta gero denborarekin pixkanaka baita antzoki handiekin ere”. Egun hamasei kidek osatzen dute taldea, eta guztiak kasik hortaz bizi dira.

      Gerora Izurako Haize Berri elkartearen laguntzarekin Euskal Herrian hasi ziren modu egonkorrean lanean. Zerikusirik izango du egoitza nagusia Bordeletik etxera hurbiltze horrek berriz ere euskararekin topo egiteko. Ximunek aipatu duenez beti izan dute gogo hori zain: “Egin dugu antzerkia euskaraz indibidualki taldeko zenbaitzuek amateurren sarean, sortu genuen Antton Lukurekin ere Hiru Punttu taldea, baina gure bizi profesionalak ez zuen ematen antzerkia euskaraz egiteko. Azkenik 2008an erabaki genuen hiru formatu txikiko antzerki euskaraz muntatzea”.

 

      Euskarazko triptikoa

      2008ko otsailean estreinako aldiz eman zirenetik oholtza ugari ezagutu dute Le Petit Théâtre de Painek batera aurkeztutako hiru lanek: Aulki hutsan Manex Fuchs dabil aktore, Joseba Sarrionandiaren testuak oinarri eta Ander Lipusek zuzenduta; Tartean delakoan Fafiole Palassiok betetzen du oholtza, Miren Artetxek eta Iñaki Etxelekuk itzulitako Michel Azamaren testuarekin; Juglarea, puta eta eroa delakoan berriz Ximun Fuschek Dario Fo-ren hiru testu antzezten ditu, aurten Donostia saria jaso duen lana, hain zuzen ere. Ximunek aitortzen duenez beren lanak Iparraldean antzerkiak duen tradizio handiarekin badu zerikusirik. “Bada zirkuitu bat aski ongi planteatua amateurren munduan, egiten dena molde zaharrean eta militante sarearekin delarik. Hortik at ere beste sare batzuk edukitzeko asmoa genuen, ekonomia aski xume batean muntatzea antzerki batzuk baita mugaren bi aldeetan ematea ere. Pixkanaka ari gara lortzen”.

      Hegoaldeko hitzorduetan, izan gaztetxe, kultur etxe ala antzokietan, harrera beroa izan dutela dio Manexek. “Iparraldekoak izateak sortzen du halako interes bat, baina gero antzerkia begiratzerakoan ez du horrek eramaten afera baizik eta antzerkiak berak”. Ximunek ere interes horrekin jabetu dela dio. “Iparraldea batzuek ezagutzen dute, baina beste batzuentzat Euskal Herriaren alde mitiko bat da, Zuberoa batez ere. Pastorala eta Herri Urratsetik at Iparraldea ez da horrenbeste ezagutzen, eta jendeak badu kuriositaterik”. Manexek urrats bat gehiago ematen du ondorioetan: “Gu heldu gara gure antzerki formarekin, eta nahi eta nahi ez, gure euskararekin, eta jendea beharbada bat-batean ohartzen da gauza sinple batez: euskaldunak garela. Gauza izugarri sinplea da azken finean, baina badirudi haustekoa zen puxika bat izan dela hori, luzaz sinetsi dela mugaz gainetik gauzak ezin zirela pasatu euskaraz, jendeak ez zuela ulertuko. Beti ere asmatzekoa da nola sortu antzerki bat Euskal Herri osoan emateko”.

      Trilogia honek euskara aldetik ere badu gogoeta eta erronkaren aztarnarik, irizpide ezberdinak jarraitu baitituzte ale bakoitzean. Ximunek kasu, hiru euskalki erabiltzen ditu bere lanean, eta horrek biderkatzen ditu esperientziaren aldeak. “Euskal Herri osoan ukan ditut hizkuntzarekiko arazoak, euskaldunok ditugun arazoak azken finean. Bilbon zubereraz egitea zaila izan da, baina Aulestin, kasu, errazagoa. Galdera anitz izan dira hizkuntzaren inguruan, eta beti argi geratu zaigu euskaldunok dugun lehen arazoa euskara bera dela. Nik ulertzen dut hori herriaren egoerarekiko, eta ez dut erantzunik. Galderak pausatzea da gehiago gure lana”.

      Manexek berriz bestelako aukeraketa egin du Aulki hutsarekin. “Nik egin dudana kasik alderantzizkoa da. Sarrionandiak berak badu bere euskara, gainera orain erbesteratu batena dena. Nik bere testuak lekuaren arabera neureganatu eta moldatzen ditut, hau da, azken finean euskara aski bastarta edo sasikumea eginez”. Lan hauek egiteak alde batetik edo bestetik galderak eta erronkak sortzen ditu: “Sarrionandiak berak aipatzen du lehen iraultza bat egin nahi izan dela euskara batuarekin, beharrezkoa izan dena gaur egun gu hain errazki elkar ulertzeko, baina orain beste iraultza bat izango litzateke euskalkiak berriz ikastea”. Tartean lanaren kasuan beste esperientzia bat gehitzen zaio zerrendari, izan ere, testua itzulia izateaz gain aktorea euskaldun berria baita. Kasu horretan Iparraldeko kutsua duen aukera egin dute, baina Euskal Herri osoan ulertzeko gisan idatzia. “Euskararekin ustez ditugun muga horietan antzerkiak galderak pausatzen ditu, eta guk erantzunik ez dugu, baina saiatzen gara hainbat erantzun ezberdin edo hainbat galdera ezberdin pausatzen”.

 

      Sormenaren politika

      Fusch anaiek aitortzen dutenez, bada Hegoaldean trilogiako antzezlanak eskainiz haien lanarekiko piztu zaien interesean aztertzeko moduko beste gako bat: funts politikoarena, hain zuzen ere. Ximunek segituan onartu du hiru antzerkiak oso politikoak direla: “Bi soseko analisi txikia egin nezake: sentitu dudana da Iparraldean oso antzerki profesional gutxi dagoela baina badela antzerki amateur izugarri azkar bat, antzerki aski militante bat: beti egiten da antzerkia zerbait errateko. Eredu horretan formatuak izan gara gu. Gure antzerkia frantsesez edo euskaraz izan, eredu horretan segitzen dugu. Hegoaldean iduri du leku hori antzerkiak galdu duela eta bertsolaritzak hartu duela nonbait, eta badela gogo bat edo gose bat horren inguruan, antzerkirat joatea gauzak errateko”.

      Frantsesez egiten dituzten lanetan bada erran nahi horren aztarna nabarmenik. Egun euskarazkoez gain beste hiru lan dituzte martxan. Zaharrena Kabareta, hamar urte bete dituen lana. Lan horretan agerian uzten saiatzen dira taldea bera dela jatorri kultural ezberdinen elkargunea. “Taldean badira euskaldunak, frantsesak, pakistandarrak, bada bulgariar bat, alemaniar bat… gure kultura aberastasunak taularatzea eta oparitzea du helburu lanak, kantaren bidez horren usain bat ematea”. Bestetik Tim Robbinsek Irakeko gerraren garaian idatzitako Embedded izeneko obra ari dira taularatzen, kazetariek gerran bete zuten rolaren inguruan gogoeta eginez. Traces… dute lanik berriena, kasu honetan taldekideek idatzitako testuetan oinarritu dira batik bat, eta gerora idazle batek lana borobiltzen lagundu die. Ximunek dioenez bi urteko prozesua izan da azkeneko hori. “Zer gertakarik bideratzen du gure bizia momentu batean: minbiziak, sendiak, norbait hiltzen den akzidente batek… Gauza horiek gure bizian nola eragiten duten aztertu dugu”.

      Manexek aipatu duenez zaila da taldeak oholtza gainean izan ditzakeen ezaugarri estetikoak hitz gutxi batzuetara ekartzea: “Badugu fidela den publiko bat eta berak erranen dizu baietz, beti ezagutuko duela gure egiteko manera. Gure aldetik estetika zein testuen aldetik saiatzen gara gure helburuak aldatzen antzerki batetik bestera”. Ximun ere ados dago ideia horrekin: “Aldi oro saiatzen gara barne iraultza bat eramaten, taldea iraunkorra denez saiatu behar gara berrikuntza zenbait sortzen barne dinamika pizteko”. Manexek oinarrizko filosofiara egin du jauzi berriz ere, zirkulua itxiz. “Azken finean ezagutzen dena gure identitatea da, garena: antzerki herrikoia, ibiltaria eta exijentzia puntu bat duen hitza ekartzen duena plazara”.

 

      Luhuso: sormen laborategia eta erakusleihoa

      Duela bi urte elkartu zen Le Petit Théâtre de Pain Luhusoko herri antzokia kudeatzen zuten eragileekin, eta Kilikolo zirkua eta Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin bat eginik Harri Xuria deitu proiektuari hasiera eman zioten. Ekainaren 5etik 12ra bitarte antolatu duten egitarauarekin emango dute ezagutzera egitasmoa zertan den. Ekitaldi anitz antolatu dute horretarako bai Luhuson bai inguruko herrietan, kalean, antzokietan edo gelatan. Harri Xurian egoitza finkoa izango duten hiru taldeek beren emanaldiak eskainiko dituzte, eta horiez gain talde ugari ere gonbidatu dute: hegoaldetik Kukai eta Antzerkiola Imaginarioa kasu, eta haiekin batera Ebats Lauetan, Le S.A.M.U., Ronan Tablantec, Les farces de l´odre, Humani theatre, Les Barbeux taldeak eta beste hainbat ekitaldi.

      Harri Xuria espazioa teknikoki finkatze prozesuan da, batez ere azpiegitura aldetik, baina lan egin bitartean joango dira horiek zein inguruan eraiki nahi dituzten lantegi eta espazio berriak egiten. Hori dela eta, ekaineko aurkezpena eta gero Antzerkiola Imaginarioak jada finkatua du egonaldia Babiloniako loreak izeneko antzezlana sortzeko. Azaroan Bezierseko Humani Theatrek eginen du egonaldia, eta abenduan berriz Bordeleko Opera Pagai txotxongilo taldeak.

      Fusch anaiek aitatzen dutenez, lehen urratsak baino ez dira hauek. Azken buruko helburuak harago eraman nahi dituzte, beste talde eta espazioekin elkarlanerako sareak sortuz. “Esperimentazio gune bat sortu nahi dugu hemen, jendeari normalean ikusteko aukerarik ez duten lanak erakutsi eta epe ertainera sare ofizialetatik at ere beste talde eta espazioekin zubiak eraiki”. Hastapenean aipatutako hiru taldeek egingo duten egonaldi iraunkorraz gain, kanpoko taldeak gomitatzeko bi irizpide nagusi finkatu dituzte: kaleko arteak lantzea edo euskaraz jorratua izatea, edo biak.