Sakontasun zirikatzailearen festa
Oier Guillan
Argia, 2009-03-22

      Otsailaren 26an estreinatu zuten Bilbon Mirande kabareta ikuskizuna, antzerkia, musika eta hitza batzen dituen proposamen zirikatzailea. Gilkitxaro taldeak eta Abar produkzioak elkarlanean aurkezturiko ekoizpena da, Korrika Kulturalaren eskaintzari esker plaza ugari ezagutuko dituena.

      Gilkitxaro taldeko Galder Perez eta Ane Zabala, Edorta Jimenez idazlea eta Txuma Murugarren eta Rafa Acebes musikariak bildu ditu oholtza gainean Mirande kabareta ikuskizunak. Mahai gainean hasi, talde laneko sorkuntzaren bidez findu eta azkenean oholtza gainera iritsi den proiektua da honakoa. Zer eta gurean ezohikoa den kabaretaren formatua oinarri hartuta, noren eta Jon Mirande idazlearen itzalean.

      Edorta Jimenezek bota zuen amua. Jimenezek aspalditik zuen Andima Ibiñagabeitiak Jon Miranderi 1951. urtean idatzitako eskutitz honen berri: “Donostijan edo Bilbon biziko banintz euskal-kabaret bat irikiko nuke, orkesta bitxi batekin, edonolako ta edonundiko eresijak euskeraz emateko. Bai orixe. Gure arteko parisaitarrak gaiztatuko litzake, baina garaia dugu onezkero aien begietako ezkata ergelak betiko erauzteko.” Eta hona hainbeste urteren bueltan euskal kabareta, egileen arabera ikuskizun lotsagabea, ausarta eta politikoki ez-zuzena dena.

      Kabaretak horren berezkoa duen probokazio ukitu hori izenean bertan topa dezakegu, Miranderen izaera dela eta. Jimenezen aburuz polisemikoa da Miranderen izena: “Nork hitz egiten duen Miranderi buruz azpimarratuko du euskal literaturari egin dion ekarpena edo haren ideologiaren edo haren idazlanen edukia. Beraz poliedrikoa da eta guztiz interesgarria”. Gutunean jasotako ideia bitxia bezain erakargarria izanik Jimenezek balizko proiektuen zerrendan gorde zuen, Korrika Kulturalari esker Gilkitxaro taldearekin elkartu eta taularatzeko aukera sortu zen arte. “Lehendik idatzita neukan folio eta erdi, eta gero nire partea sortzea izan zen orgasmikoa ia, testua nahiko erraz sortu zitzaidan. Gero hor paperean geratzen dena hoztu egiten da eta berotu egin behar zen. Lehenengo irakurraldia egin zuten antzezleek eta baietz esan zuten. Behin lanean hasita ekarpenak egiten ere hasi ziren”. Izan ere, literaturan ez bezala antzerkian talde lanean sortzeak baditu bere legeak. “Txuma sartu zen gero, eta eskatutakoaz gainera ekarri zituen bere gauzatxoak, azkenean piano joleak ere proposamena egin du eta onartu egin diogu… Testuaren hezurdura ez da aldatu baina denon artean osotuz joan gara, hobetuz esango nuke”.

      Kabaretak duen eromen kutsua aintzat hartzean gidoia aurretik idatzita egoteak kontraesana irudi lezake, baina Galder Perezek aipatu duenez hori da hain zuzen ere Ane Zabalarekin batera aktore gisa bizi izan duen erronka: idatzita dagoena errespetatuz inprobisazioari tartea uzteko modua eta energia topatzea. “Aldez aurreko lana izan dugu zentzu horretan. Pertsonaietan sartzeko garaian kontzentrazio aldetik asko eskatu digu, batez ere mugimendua eta arima ehuneko ehunean egoteko, eta ahotsa ere bai. Dena dela nik uste dut izugarri disfrutatuko dugula”.

      Jimenezek dioenez euskara aldetik ere bada apusturik. “Euskarak berak dituen baliabideak erabili ditut umorea egiteko”. Gai politikoak, sexualak eta sozialak nagusi izanik, gaurkotasunak bere lekua izango du gidoiaren barruan. Zentzu horretan Perez lasai ageri da: “Egilea emanaldi guztietan presente dago aktore lanetan, eta pentsatzen dut erraza izango dela edukia eguneratzea”. Egun ez da oso ohikoa izaten idazlea horrelako saltsa batean murgildurik topatzea, eta are gutxiago ezustean aktore bukatzea, Jimenezen kasuan bezala. “Nik planteatuta neukan moduan Miranderen itzala dago hitz egiten, eta nola ez zaidan aurpegia ikusiko erabaki genuen ni neu izatea itzal hori. Ez da izan nik niretzat idatzi dudan testua, baina pozik nago”.

 

      Miranderekin bueltaka

      Lili eta Marleen dira Mirande Kabareteko gidariak, lan egin ahala forma hartzen joan ziren izaki bereziak. Perezek aipatu duenez mahai lan handia egin zuten Jimenezek, Zabalak eta hiruek Miranderen inguruan hitz egiten eta irakurtzen, pertsonaiak gero ondo kokatzeko. “Gure pertsonaiek haren burutazioetatik ateratako gauzak esaten dituztela ematen du, baina gehienak Miranderen pentsamenduetatik abiatutakoak dira, haien bertsio ero bat egiten dutelako”. Mahai gaineko lanaren ostean batetik antzezpena lantzen hasi ziren eta bestetik musika, eta azkenean denak elkartzeari ekin zioten: “Azken asteak ikuskizun guztia nolabait enpastatzen eman ditugu. Oso aberasgarria izan da gauza berri asko gehitu zaizkiolako. Batak bestea osatu du azkenean, musikak antzezpena eta antzezpenak musika”.

      Txuma Murugarrenek eta Rafa Acebesek hartu dute musika osatzeko ardura. Besteak beste Bob Fossek 1972an zuzendu zuen Cabaret filmaren musika erabili dute sarrerarako, Marlene Dietrich izan dute kontuan Lili Marleen kantuaren bertsioa egiteko orduan, eta etxeko uztako kantu pare bat ere gehitu dituzte, besteak beste Jon Miranderen Pigalle poema oinarri hartuta. Murugarrenek aipatu duenez funtsean gerra aurreko kabareteko giroa hartu dute gogoan haien lana egiteko. “Irudi horretatik abiatuta, Rafa pianoarekin eta neu ahotsarekin, Jon Miranderen poema batzuk musikatu ditugu tonu horretan. Beste kantu ezagun batzuk letra aldatuta euskaratu ditugu eta gure kabaretera egokitu. Badaude zati musikal batzuk ere, antzerki obraren joanean laguntza ematen dutenak”.

      Musikariei ez zaie zaila egin beste sormen elementuekin bat egitea. “Ikuskizuna egiteak badauka bere lan egiteko modua, horrek eskatzen duelako uztartzea egiten ari zarena besteen lanarekin, baina azken finean guk musika egiten dugunean argi daukagu nondik gatozen, non bukatzen dugun eta gero zer datorren. Ez zaigu oso zaila egin”. Murugarrenen lana ezagutzen duen entzuleari ez zaio arrotzegia egingo musikan nagusitzen den giroa “badu zerikusia Marginalia diskoarekin batez ere, irudi oso itxia zelako eta kabaretarekin zerikusia zuelako, hain zuzen ere”.

 

      Publikoaren garrantzia

      Bilboko estreinaldia egiteko ezohiko oholtza aukeratu zuten, El balcon de la Lola izeneko puba. Ikuskizuna espazialki oso moldagarria da eta Korrika Kulturalaren haritik tankera ezberdinetako aretoetara eramango dute, beti ere kabaretak publikoarekin konektatzeko duen modu berezia aintzat hartzen saiatuz. Galder Perezek azpimarratu duenez “kabaretak ezinbestekoa du ikuslea, ez da inoiz ikuskizun itxia izan”. Perez eta Zabalarentzat oso berezia izan da kabareta egitea, Gilkitxaroren lehenbiziko lana kabareteroa izan zelako duela hamabost urte “hasiera haietara bueltatzea izan da, eta era berean, erregistro aldaketa izugarria. Niretzat kabaret sexu-politikoa da egingo duguna, eta eduki aldetik ere guretzat saltoa izan da”.

      Galder Perezek Mirande kabaretarekin batera Kanpainak jo bitartean izeneko proiektuarekin ere ezagutuko du edizio honetako Korrika Kulturalaren publikoa. “Euskal Herrian halako jarduera bakarra dela esango nuke, epe laburrean kultur egitarau anitza eskaintzen du Euskal Herri osoa hartuta. Niretzako Korrika da euskaldunok egiten dugun ekitaldirik hunkigarrienetakoa, hain garrantzitsua dugun hizkuntzaren oinarri hartuta”.

      Gutxitan gertatzen da antzerki talde batek urteen joanari eta, batez ere, teatroaren mundua bizitzeak dituen gorabehera eta zailtasunei aurre eginez proiektuz proiektu bizirautea. Eta are gutxiago euskaraz lan eginez. Gilkitxarok amateurtasunean kokatzen du bere ibilbidea, baina batzuetan hitz horri ematen zaizkion konnotazioak argitu baino nahastu egiten dute. Ikusi besterik ez dago orain bi urteko Korrika Kulturalean aurkeztutako Honolulu, leku bat antzezlana zenbat aldiz eskaini duten, zenbat lekutan, eta nola haren ibilbidea ez den amaitzen, proiektu berrietan murgilduta egonik ere.

      Ane Zabalak aipatu duenez badituzte hamabost urteak ospatzeko ideia batzuk. “Gure ibilbidea jasoko duen liburua egiten gabiltza, eta gure ideia da Gilkitxaron ibilitako jende guztia berriz elkartzea. Hamabost urtetan jende asko pasa da, eta bospaseik jarraitzen dugu aktibo. Gure nahia aurrera jarraitzea da, eta ateak zabaltzea jende gehiagori ere”. Mirande kabareta lanak bide berriak urratzen jarraitzeko aukera eman die, Galder Perezek idatzi ez duen testu batekin lehenengo aldiz. “Normalean berak idazten du testua, taldeko aktoreen neurrira, ideia taldean landu eta gero”. Puska batean Mirande kabaretarekin batera tartekatuko dituzte Honolulu, leku baten emanaldiak. “Hoberena izango zen honetara dedikatzea, baina tira, azkenean hainbeste maitasunez egiten dugunez, jendeak asko deitzen du eta saiatzen gara leku guztietara joaten. Nik uste dut hor dagoela amateurtasunaren funtsa, txarto edo ez, bihotzez egiten duzun horrekin aurrera egiten duzu”.