Baserri honetan swahilieraz dakite!
Ainara Gurrutxaga
Argia, 2003-04-13

      “Una cosa tengo que desirte, los de Aranguren tienen fama de hablar serrao”, esan zion taxi gidariak baserri parera ailegatu zirenean. Juan Martinek, hemeretzi urtez asfalto hutsean hazi ondoren, “Josechu el vasco” bihurtuta itzuli nahi zuen uda hartan Donostiara eta horrexegatik Alkizako barnetegian izena eman eta Tolosa inguruko baserri batera apopilo joatea erabaki zuen. Aranguren baserrira. Taxitik jaitsi eta sukaldera familia agurtzera sartu bezain pronto konturatu zen, ordea, ez zuela bere helburua berehalakoan lortuko. “Munzj galitxrop”, esan zion aitak, eta “Txurriasko xertujg”, ondoren amak. Juan Martinek, badaezpada, “Berdin!”, erantzun zuen, nahiko estututa. Egia zen bai: “serrao” hitz egiten zuten.

      Gorringo taldeak, Anjel Alkain aktorearen gidaritzapean, Joxean Sagastizabalen “Kutsidazu bidea, Ixabel” eleberria eszenaratzea erabaki zuen euren lehen muntaia egiteko. Zazpi urtez Hankagorri taldearekin haurrentzako antzerkian jardun ostean, helduei zuzendutako zerbait sortzeko gogoa piztu zitzaien. Idazle eibartarraren testua oso egokia iruditu zitzaien euren xederako: “Umorea egitea, euskal literatura taularatzea eta euskara herrikoia erabiltzea dira gure taldearen helburuak, eta eleberriak hiru ezaugarriak bete-betean ukitzen ditu”, dio antzezlanean hainbat pertsonaia gorpuzten dituen Anjel Alkainek.

      Gorringo taldekoek Anartz Zuazuari eskatu zioten lana zuzentzeko, lehendik ere harekin harremana izan baitzuten, “haurrentzako ikuskizun bat zuzendu nien”, dio Zuazuak, “baina hura ez zen denok nahi bezain ondo atera eta bai Anjeli eta bai niri zapore nahiko garratza gelditu zitzaigun. Horregatik, nolabait, horri buelta emateko, elkarrekin berriro lan egiteko gogoa genuen”.

      Nagore Aranburuk egin duen antzerkirako egokitzapena eleberriarekiko oso fidela da. Pertsonaia batzuk kendu egin dituzte, eta liburuan ageri ez diren pasarte batzuk ere sartu dituzte. Horretarako Sagastizabal beraren laguntza izan dute. Azkenean eleberriak berak duen freskotasuna taula gainean islatzea lortu dute, ikusleen gozamenerako.

 

      Gertuko pertsonaiak

      Mikel Sarriegik jokatzen du Juan Martin protagonistaren rola eta, Ainere Tolosak Ixabelena. Iñaki Agirrezabal, Egoitz Lasa, Anjel Alkain eta Ixabel Agirresarobe aktoreek, berriz, Aranguren baserriko familia hezur-haragizko bilakatu dute. Aktore gehienek pertsonaia bat baino gehiago landu dute, guztiak ere euskaldunoi oso gertuko zaizkigunak: “Baina ez dut uste estereotipoetan erori garenik”, dio Alkainek, “Euskal Herrian baserritar klase asko dago. Entseguetan bakoitza berea lantzen saiatu gara”. Zuzendaria ere ados agertu da horretan: “Egin duguna da pertsonaiak limitera eraman, antzerkia egitea hori baita, azken batean”.

      Protagonistak lehen istantetik konplize bihurtzen ditu ikusleak. Jatorrizko testuan bezalaxe, publikoari zuzentzen zaio lan guztian zehar, laugarren horma apurtuz. Era berean, baserritarrek swahiliera hitz egiten dutenean ere, ikusleak, Juan Martinek bezala, ez du ia ezer ulertzen. Ikuslea ere euskaldun berriaren azalean sartzen da ikuskizunak iraun bitartean.

      Antzezlana baserri giroan kokatuta dago, eta hortaz, eszenografiak, eszenaren arabera, baserriko ukuilua, sukaldea, logela edo soroa irudikatzeko balio du. Batez ere argiztapenaren eta irudimenaren esku uzten da kokatze lan hori. Baserritik Alkizarako mendi bideak irudikatzen dituen maketa berde bat da dekoratuaren elementu bakarra. Eszenografia izan da, hain justu, prestaketa guztian arazo gehien sortu duena: “Nik orain arte eszenografo valentziar batekin egin izan dut lan. Baja hartu zuen, ordea, eta nora jo ez nekiela gelditu nintzen. Buelta asko emanda Anjelek ezagutzen zuen arkitektoen estudio batera joan eta bertan eskatu genuen eszenografia. Eta ez nuen nahi nuena berehalakoan lortu”, dio Zuazuak. Azkenean, estreinaldirako, astebete gelditzen zela, talde guztiak hartu behar izan zuen parte eszenografiaren muntaian: “Egia esan, nahiz eta hasieratik okertu, esperientzia baikorra izan da azkenean. Taldeak elkarrekin egin baitu lan dena aurrera ateratzeko”.

 

      Barrea helburu

      Aitor Furundarenak espresuki antzezlan honetarako musika sortu izana ere luxu bat izan da taldeko kideentzat: “Niri Aitor oso tipo positiboa iruditzen zait”, gaineratu du Alkainek, “umoretsua da eta soluzioak etengabe ematen dituena”. Hala, antzezlanari erritmoa ematen laguntzen duten estilo anitzeko doinuak sortu ditu musikariak, horretarako euskal musika tresnak erabiliaz.

      “Kutsidazu bidea, Ixabel” Euskal Herriko txoko askotan ikusteko parada izango da hemendik aurrera. Herri txikietara ailegatu asmoz, frontoietan eta halako lekuetan ere eskainiko dituzte emanaldiak.

      Nahiz eta pertsonaiek erabiltzen duten hizkuntza Tolosa aldekoa izan, taldekoek ez dute uste edozein muturreko euskaldunak istorioa ulertzeko arazorik izango duenik: “Gipuzkera eta euskara batua ez dira hain ezberdinak. Bestela ere, saiatuko gara lekuaren arabera pittin bat hizkuntza egokitzen”.

      Komedia honen bidez antzerkira aspaldi joan ez den jendea ere erakarri nahi du Gorringo taldeak. Anartz Zuazuak garbi du zein den ikuskizunaren betebehar nagusia: “Batez ere dibertimendurako sortutako lana da”.

 

      Ikusle oldea

      Joxean Sagastizabalen “Kutsidazu bidea, Ixabel” eleberria euskal literaturaren historian ale gehien saldu duen lana da. 1994. urtean Alberdaniak argitaratu zuenetik 31 argitaraldi egin dira. Eta badirudi antzezlanak ere arrakastaren bide bera jarraituko duela, izan ere, lehen bi asteburuetan guztira hiru mila pertsona inguru joan baitziren antzezlana ikustera.Taldeko kideek ez zuten halako harrerarik espero: “Oraindik laino batean gaude”, dio Anjel Alkainek, “tira, bagenekien eleberriak berak eta umorezko antzerkia egiteak jendea erakarriko zuela, baina ez genuen halako boomik espero. Emanaldi mordoa ari zaigu ateratzen. Gainera, normalean antzerkira joaten ez den jendea ere etortzen da emanaldietara, adineko jendea... Ni horrekin oso gustura nago”.

      Anartz Zuazua ere nahiko harrituta utzi du ikusleen berotasunak: “Beste edozein antzezlanek bere ibilbide osoan lortzen ez duen ikusle kopurua lortu dugu lau emanaldietan. Pasada bat izan da”.