Oholtzatik paperera
Maitane Legarreta Etxezarreta
Gaztezulo, 2022-10-01

      Eszenatokian gertatutakoa aurrez aurre bizi izan ala ez, martxan izandako ikuskizunez paperean gozatzeko aukera luzatzen dute Susak kaleratutako bi liburu hauek. Gidoien eta sorkuntzaren zirrikituen berri izan nahi baduzu, hurbildu bi leiho hauetara.

      Ikuskizunek sorkuntza lan handia izaten dute atzean, garapenean bere denbora behar izaten dute, harik eta publikoaren aurrean aurkeztu arte. Antzezlan edo ikuskizun bakoitzak bere ibilbidea egiten du ondoren, batzuk luzeagoa besteek motzagoa, emanaldi gehiago ala gutxiagorekin, eta hor amaitu ohi da bere ibilbidea.

      Azken urteetan, ordea, antzezlanen emanaldiak grabatu eta sarean zintzilikatzeko joera ugaritzen ari da. Ez da, noski, aurrez aurre bizitzearen pareko esperientzia, baina zuzenean ikusteko aukerarik izan ez duenarentzat alternatiba ederra izan liteke. Egun, hainbat antzezlan ikus daitezke sarean. Esaterako, Tartean Teatroak hainbat obraren bideoak zintzilikatu ditu bere webgunean, hala nola Pankreas, Euskarazetamol eta Simplicissimus lanenak. Artedramak ere Francoren bilobari gutuna, Zaldi Urdina zein Amua antzezlanak jarri ditu Interneten, besteak beste.

      Ikus-entzunezkoez gain, liburu formatuan ere kaleratzen dira obren ingurukoak. Susa Argitaletxeak eta EHAZEk, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak, Ganbila antzerki bilduma sortu eta 2019ko udazkenean hasi ziren lehen aleak kaleratzen; hamazazpi liburu osatu dituzte dagoeneko. Bilduma honetako parte dira, adibidez, Mami Lebrun, Panpina, Bidaideak edota 39 lore. Azken biak, berriz, Erradikalak eta Soka izan dira.

      Ane Labaka Mayoz bertsolari eta idazleak eta Beatriz Egizabal Ollokiegi ipuin kontalari eta pailazoak Erradikalak gara emanaldia abiatu zuten 2017an, eta, haren ondotik, Erradikalak ginen jaio zen 2019an. Bertsoa eta bakarrizketak uztartu zituzten bi ikuskizunetan, eta hainbat gai jorratu zituzten ikuspegi feministatik: bertsolaritza, euskara, heteroaraua, amatasuna, aniztasuna, indarkeria, gaztetasuna eta zahartzea, sexualitatea, gorputza, merkatu kapitalista, martxoaren 8a, patriarkatua, feminismoa...

      Bi emanaldi horietako gidoiak irakur daitezke Erradikalak liburuan. Horretaz gain, Egizabalek eta Labakak sorkuntza prozesuari eta egindako ibilbideari buruzko euren gogoeta eta bizipenak ere partekatu dituzte: nola ezagutu zuten elkar, elkarrekin zerbait egitea pentsatu zutenekoa, bien arteko loturak eta ezberdintasunak, emanaldiaren zutabeak finkatzea, estreinaldiko esperientziak, lehen ikuskizunetik bigarrenerako jauzia, umorearen eta emakume umoregileen inguruko hausnarketak, gorputza eszenatokian izatearen inguruko gorabeherak...

      Bestetik, Mikel Gurrea zinemagilearen Soka lana dugu. Hain zuzen ere, hori da antzezlan honen iruditegiaren ardatza, sabaitik zintzilik dagoen soka. Soinketako irakasle batek, Igorrek, ikasle duen 11 urteko mutiko baten gorpua aurkitu du gimnasioko sokatik urkatua. Gainerako ikaskideekin batera patioan zelakoan zegoen Igor irakaslea, inor barruan geratu zenik ohartu gabe. Gertatutakoaren errudun sentituko da, inguruak ere baztertu egingo du, eta erruaren eta erantzukizunaren arteko muga horretan ibiliko da igerian, erantzun bila.

      Igorren bidez eta haren ikuspegitik, bakarrizketan, kontatzen da istorioa, baina beste hainbat pertsonaia ere agertuko dira: Igorren bikotekidea, lankideak, polizia, hildako umearen ama, haurraren klasekideak... Hasieran ikusleak, edo irakurleak kasu honetan, Igor epaitu eta erruduntzat jotzeko tentazioa senti dezake, baina zenbat eta gehiago jakin, orduan eta nekezagoa da erantzukizunaren zama bakar bati leporatzea. Thriller psikologikotzat jo dute lan hau, eta eskola jazarpena du gaitzat.

      Antzezlanaren gidoia ez ezik, obrako zuzendari izandako Fernando Bernuésen hitzaurrea eta Igorren papera egindako Iñaki Rikarte aktorearen hitzostea ere jaso ditu liburuak.

      Bi lan hauek irakurri ostean, erradikal izateko gogoa piztuko zaizu, eta sokari tiraka jarraitzeko erabakia hartuko duzu.