Hondatu da mendia, jausi zaigu bizia
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
Argia, 2022-10-16

      Heriotza, drama, lana, luizia, mina, angustia. Mugak, neurriak, grinak, maitasuna eta sendia. Inauteria. Zaldibar eta pandemia; bizitza zabortegian. Estreinatzear da Axut eta Artedrama antzerki konpainiek elkarlanean sortu duten azken lana: Hondamendia. Urriaren 14an egingo dute lehen emanaldia, Luhuson.

      2020ko otsailaren 6a zen Zaldibarko zabortegiko luizia gertatu eta bi langile, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, harrapatu zituenean azpian. Une hartan autobidean zegoen Ximun Fuchs, Hondamendia antzezlaneko zuzendaria, geldirik, konpainia berberek elkarlanean sortutako aurreko antzezlanaren emanalditik bueltan: “Ikusten zen mundu guztia ateratzen autoetatik, inork ez zuen ulertzen zer gertatzen ari zen. Munduaren amaiera bat zen, edo lehena”. Eskuetan hartu beharreko zerbait iruditu zitzaion. “Istorio horrek badu mitotik: mendia erori zaigu gainera. Langileak beharrean edo lanean erortzen dira oraindik, esklaboak bezala. Kasik astero hiltzen dira langileak lanean eta onartzen dugu. Gizarte bezala onartzen dugu. Gure ongizatearen izenean, kontsumitzaile izatearen izenean, onartzen dugu. Gero eta zaharrago joatea lanera, erretiroa atzeratzea. Zabor guzti horrekin goaz. Ongizatearen zaborrak heriotza ekartzen du. Horrek ematen du zer pentsa gizartearen baitan”, dio Fuchsek. Zer da, bada, zaborra metafora bat ez bada?

      2020ko martxoaren 14a zen Espainian, pandemiagatik, lehen aldiz etxean geratzeko agindu zutenean, eta berdin egin zuten hiru egun beranduago Frantzian. “Istorio honek tragedia greziarraren kutsua du; mendia erori da bi pertsonen gainean”, dio Harkaitz Cano obraren idazleak. “Karga tragiko horri pandemia global mundial baten traba gehitu diogu”. Izan ere, obrak Zaldibarreko luizia eta ondorengo pandemia nahasten ditu bere horretan. Ezbehar bat eta gero beste bat. Gai batek bestea estaltzea ekarriko du, historiaren buklea, errealitatean gertatzen den bezala. “Gerra nuklearra da orain eta gero beste bat izango da. Bagoaz paretaren kontra gero eta bizkorrago eta indartsuago, abiadura handiko tren bat badoa paretaren kontra”, Fuchsek. Dena den, historikoki pandemia eta zabortegien artean harremana dagoela azaleratu du Canok, lehendabiziko zabortegiak pandemiei aurre egiteko sortu zirela esanez.

 

Belarriak eta begiak erne

      “Askotan hitza gutxienekoa da”, dio hitzen egileak. “Testua lau edo bost gauzen artean bat da. Galdetu aktoreei; hitz egiten duten bitartean aldatu egin behar dira arropaz hurrengo pertsonaiarako eta aldi berean mugitu egin behar dira lekuz, edo foku bat hartu”. Antzezlan honek, gainera, ikuslegoa ere mantentzen du erne. Estimulu bat baino gehiago gertatzen dira batera hainbat momentutan, eta itogarria dirudien arren, gaia bera modu bisualean adierazteko apustuak aberastu egiten du proposamena, ikuslea bihurtzen baitute aktore bat gehiago. “Artista bezala zer kontatzen dugun, horrekin ere bada istorio bat. Pandemia eta Zaldibar hor daude, noski, baina baita ere kontakizuna, nola kontatzen den”, adierazi du Fuchsek. Kazetari bat da protagonistetako bat, dantzari bat ere bai. “Arteaz ere ari gara gu artistok. Beti umorearekin saiatzen gara zorrozki zirikatzen, bakoitza gure paperean. Zerbait dugu kontatzeko. Zer kontatzen dugun, nola kontatzen dugun, norekin eta zertarako. Gauza horiek inportanteak dira publikoarentzat: esatea zer kazetaritza mota, zer arte mota nahi dugun komunitate gisa”.

      Telebistak edo zinemak ez bezala, hitzak eta esaten denak pisu handiagoa dauka teatroan beste ikus-entzunezko batzuetan baino. Literaturaren eta ikus-entzunezkoen arteko erdibidekoa izendatu du Canok. Dena den, argia da antzezlan honetan komunikazio bisualari eman dioten garrantzia. Horretarako errekurtso ugari erabili dituzte, antzezlanaren nolakotasuna borobiltzeko baliagarriak izan zaizkienak: zuzeneko zein grabatutako musika eta kantuak, zuzeneko irudiak, irudi errealak, pantaila, letrak, publikoko espazioa, fokuak eskuetan, itzalak, aldagela oholtzan, kantua eta dantza. Eszenografia desordenatua, eta zaborraren gainean, dotorezia. Markatutako espazioak sinpleak eta ulergarriak.

      Bitartean zaborra geldirik eta gainean noraezeko mugimendua. Soluziorik ez. Ardura norena da? Noren eskuetan daude euren bizitzak? Zerk du garrantzia eta norentzat? Zentzurik ba al du izurritearen aurrean osasuna bermatzeak, lanaren aurrean heriotza onartzen denean? Egiak ba al du amaierarik? Bakoitza berera. Zama pasaz batak besteari. Hamaika gertaera, sentipen eta emozio gertatzen dira batera, oso azkar, oso bizi: “Horrela izan zen pandemia”, dio Canok.

      Zazpi dira taula gainean: Maite Larburu, Ander Lipus, Manex Fuchs, Ruth Guimerá, Eneko Gil, Ane Sagués eta Jon Ander Urresti. Baina hogei pertsonaia baino gehiago antzezten dituzte: langileak, senideak, kazetariak, politikariak, kolaboratzaileak, erizainak, osasun sailburuak, enpresariak, artistak, eriak eta abar. Ez dute denek denekin harremanik, baina konektatuta daude. Problematika baten aurreko ikuspegi desberdinak ikus ditzakegu: adinaren araberakoak, lanaren araberakoak… Badira hitza eta boterea dutenak, edozer aldatzeko grina dutenak, kontziente direnak, bere zilborrari begiratzen diotenak, mugak jartzen dituztenak, mugak betetzen dituztenak, salto egiten dutenak. Helburua pertsonaien konplexutasuna azaltzea izan dela kontatu du idazleak, hezurretaraino iristea, bakoitzak bere ahultasun unea ere izan dezan: “Guztiek dute uneren bat non arrazoi desberdinengatik amildegiaren ertzean dauden edo sentitzen diren: larri edo humano. Gehienek ez dute amaitzen hasten diren leku berean”. Izan ere, zuzendariak esan duenez, boteredun pertsona oro eta hitza egiteko gaitasuna duen hori kuestionatzen duten arren, pertsonaiak humanitate gordinenean jarri nahi izan dituzte: “Hau ez da salaketa bat, hau beste lan bat da”.

 

Errealitatearen ispilu deformatua

      “Ez da panfleto bat, ez diogu hau gaizki da edo hau ongi da. Ez gara nor hori erraiteko, ez gara gai. Ez gara ez apaizak, ez predikalariak, ez militarrak, ez politikoak. Antzerkilariak gara. Deformazio puntu batekin kontatzen dugu; errealitatea askoz ere gordinagoa, gogorragoa, krudelagoa eta erridikuloagoa da”, Fuchsek.

      Antzezlana aurrera ateratzeko asko dokumentatu direla kontatu dute, Zaldibarren eraildakoen senideekin eta hainbat erizainekin izan direla nola bizi duten entzuten. “Baimena eskatu dugu hori kontatzeko”. Eta antzerkiak egiatik badu, egia beraren zalantza partekatzen duten arren antzezlanean bertan. Zaldibar aipatzen da, baina pertsonaiak fikziozkoak dira. Hori garatzeko ingurukoen testigantzez baliatu da idazlea. “Oraindik mugitzen gaituen zerbait da, oraindik mugitzen ari delako. Errealitatearen erantzukizuna eta fikzioaren askatasuna. Konbinazioa hori da”.

      Gaia iluna da, latza eta gogorra, umorea falta ez zaion arren. Gertuegi edo urrunegi dagoen zerbait kontatzen dute, batzuek gogoratu nahi ez dutena, beste batzuek ahaztu ez dutena. Bi urteko kronologiarekin jolasten dute, eta denboraren nozioa galdu arren, jendeak ahantzita duela iritzi dute. “Dena oso azkar kadukatzen da garai hauetan. Hain azkar doa dena, duela urtebete gertatu dena jada gogoratu egin behar dugula. Ahaztu ditugu. Gertaera kolektibo hori edo memoria ariketa kolektibo hori —ariketa performatibo, memoristiko, kronika, salatzaile edo nahi duzun bezalako hori— ederragoa da elkarrekin gertatzen denean. Eta hori antzerkiak bermatzen du”.

 

Arteari keinu

      Pandemia hasi eta kazetari askok galdetzen zuten ea zerbait aldatuko zen, zerbait ikasiko ote genuen, aro baten amaiera edo hasiera izango ote zen. Gauzak desberdinak izango dira? Bizitzari aurre egiteko beste modu bat edukiko dugu? Gidoilariak dio ezetz. Aldatu aldatuko direla, “kontrol gehiago eta askatasun gutxiago, baina konstante bat da hori azkeneko hogeita hamar urteetan”, irribarre tematiz.

      Hondamendia lanak badu, kontatu dutenez, publikoan eragiteko asmorik, erreakzio bat bilatzetik. Ikuslea ez dadila berdina izan sartu eta ateratzen denean. Familiari, arteari, zaborrari, langilegoari, erizainei, medikuntzari, gorputzari lotuak diren istorioak dira. Publikoa uniformea ez dela sinetsita interpretazio desberdinak espero dituzte, eta jendeak bere egitearekin amesten dute. “Hau nire historia da, gertatu da han, baina nire historia da”.

      Pandemia eta haren ondorioak ez dira amaitu eta Zaldibarreko gertakaria ez da argitu. Artea ez da lehengo egoerara itzuli. Hori ere azaleratu nahi izan dute antzezlanean, dantzaria den pertsonaia bat protagonista bihurtuz, kasu, baita egiten dituzten aipu batzuen bitartez ere. “Ikusi dugu, pandemiak aski erakutsi digu: artea ez da ezinbestekoa. Janaria bai, footinga bai. Eta antzerkia ez. Elkarrekin gure mitoak kontatzea ez da ezinbestekoa. Eta nik uste dut baietz, ezinbestekoa dela. Bestela kontsumitzaile hutsak bilakatuko gara. Zineman jauskera handi bat ekarri zuen pandemiak, berreskuratu ez dena. Antzokian ikusiko dugu. Ez dira soilik artistak, gizarte oso bat gelditu da eta gizarte oso hark hartu du telebista edo pantaila baten aurrean egoteko ohitura. Euskaldun bezala, gure heriotza da, zeren eduki guzti horiek ez dira euskaraz. Horrez gain, ez gara komunitate bezala biltzen. Antzerkia eta demokrazia batera sortu ziren, momentu berean, eta ez da kasualitatea. Demokrazia baten esparru bat da antzerkia, momentu libre bat non gauzak esaten diren, mintzatzen diren eta kolektiboki eta indibidualki bizitzen diren. Pantaila baten aurrean ez. Ez diot ez dugunik pentsatzen, ez dugunik izpiritu kritikoa garatzen, baina ez da erreakzionatzeko edo partekatzeko modurik, ez bada beste pantaila batzuen bitartez. Orduan dena komertzializatua da. Gure harremana normalean komertzializatua da. Antzerkia oraindik aski arkaikoa da, hein batean, horretatik askatzeko. Eta hortaz mintzo gara baita”.

      “Yotuben, Netflixen, Filminen… eskura daukagu dena, baina antzerkiak gaurkotasun eta berezitasun hori dauka: hemen eta orain eta zuretzat gertatzen ari dela, eta bihar berriro egin arren ez dela berdina izango”, gaineratu du idazleak. Ildo honetatik eta antzerkia eskola dela sinetsita, transmisioan jarri nahi dute indarra: txosten pedagogiko bat ireki eta irakasle zein ikasleei zuzenduko zatzaie, antzezlana eskoletara eramanik. Web-orrian ere zintzilikatuko dute, bai eta hortik ateratzen diren kantuak, bertsoak, marrazkiak, dokumentalak, filmak…