Triste hasi, alaiago amaitu
Agus Perez
Berria, 2022-12-29

      COVID-19aren eraginpean hasitako antzerki urteak normaltasunera egin du hilabeteek aurrera egin ahala, eta ikusleak polito hurbildu dira emanaldietara. Aurten jarri da abian ganbila.eus ataria ere.

      Antzerkiaren alorrean, behintzat, triste hasi zen 2022. urtea. COVID19aren eragina hantxe zegoen bizirik, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak ezarritako pasaportearen derrigortasunak are gehiago zaildu zuen urte hasierako panorama. Neurri polemikoa, ordea, ez zen Nafarroan indarrean jarri, eta horri esker ikusi genuen Etxarri-Aranatzen, urtarrilean, Metrokoadroka konpainiaren Bidaide emanaldia, Geuretik Sortua egitasmoaren barruan. Betiere urtarrilean, Gernika dantza-lan handi bezain ederraren estreinaldiaz gozatu genuen Iruñeko Gaiarre antzokian, Iparraldeko Bilaka kolektiboaren eta Martin Harriageren sorkuntzan.

      Antzerkiaren arloari begira, otsailetik aurrera normaldu zen egoera: ikusleak gogotsu joan ziren Bilboko Lautan Hiru jaialdiko emanaldietara, eta han izan zen, esate baterako, Dxusturi taldearen Lakoste-ren estreinaldia, Eneritz Artetxe animalia eszeniko itzel bihurtuta. Era berean, arrakastatsuak izan ziren urtean zehar izandako beste festibal enblematikoak, euskarazko antzerki aurreratuaz gozatu nahi duenarentzat ezinbestekoak direnak: Aulestiko (Bizkaia) ADEL jardunaldiak Pazko astean, Errenteriako (Gipuzkoa) Eztena jaialdia ekainean, Zestoako (Gipuzkoa) Antzerki Astea (ZAA!) ekain eta uztail artean, Gasteizko Baratza aretoaren Zurrunbilo jaialdia irailean eta, nola ez, Azpeitiko (Gipuzkoa) Antzerki Topaketak azaroan. Zurrunbilori dagokionez, gainera, aurten Kamikaze Gaua antolatu dute zenbait talderen pieza laburrak aurkezteko, hiriburu horretan jarraituta, bi pieza miresgarri ikusi genituen hango Antzerki Jaialdiaren Off Lokal atalean: Kolektivo Monstrenkoren Raska Nazka eta Les Bobe-Bobe bikotearen Daisy Crazy, bertako Pez Limboren ekoizpenarekin. Azken horiek, gainera, beste lan bi plazaratu dituzte 2022an: Udaberria heldu da eta (H)ondoko gela.

      Izan ere, deigarria da Gasteizen aspaldion borborka ari den bizitasuna, eta horren adibide nagusia izan daiteke Tripak kolektiboarena, aurten Platea izeneko lan zoro, ausart eta surrealista Bilboko BAD jaialdian plazaratu duena. Baina gauzak ez dira bakarrik han gertatzen, eta adibidez, Idoia Gereñu zuzendari duen Katiuska taldeak Armiarma harrigarri, txukun eta gaurkoa aurkeztu zuen maiatzean Debako (Gipuzkoa) Goaz taldearen lokalean, eta Lesakako (Nafarroa) Mairu Antzerki Tailerrak Gaizka Sarasola gidari Intxaurra taularatu du urtearen hondarretan, gure kulturaren gaixoaldi kronikoa intxaurrondo baten parabolaren bidez irudikatuz.

 

      Antzoki Nazionalaren faltan

      Dudarik gabe, 2022an izandako artelan eszenikorik ederrenak —lehen esandako Gernika aparte utzita—, Arriaga antzokiaren ekoizpen bi izan dira: otsailean estreinatu zen Erresuma Shakespeareren obra batzuen elkarketan —Calixto Bieito zuzendari—, eta Larrakoetxearen garai bateko itzulpenei Bernardo Atxagak emandako ukitu poetikoekin. Bigarren artelan handia —Moto - Membra Jesu Nostri— Eneko Sagardoiren esku etorri zen, beraren testuekin, Luzia Astigarragaren zuzendaritzapean eta Dietrich Buxtehude alemaniar konpositorearen kantatak lagunduta, eta lan horiekin esan liteke Euskal Herrian ez daukagun Antzoki Nazional baten rola betetzen ari dela Arriaga antzokia.

      Bestetik, eta espero zen bezala, ikusmin handia piztu zuen Artedrama eta Axut! konpainien sorkuntza berriak: Hondamendia izeneko antzezlan konplexuan pandemiaren eragina eta Zaldibarko zabortegiaren hondoratzea nahasten dira Ximun Fuchsek hain ondo menperatzen duen antzerki koralean, ohiko antzezleez gain beste alorretako batzuk taldeari gehituta: Maite Larburu musikaria, Eneko Gil dantzaria... Halaber, BAD jaialdian aurkeztu zen Metrokoadrokaren Zeozertan dabil, baina ez dakit zertan, eta hura ere izan da udagoieneko harribitxia, sitcom surrealista itxuraren azpian daukan izaera posdramatikoagatik.

Ulertzekoa denez, beste estreinaldi asko geratuko dira lerrootan jaso barik, eta nagusiak besterik ez ditugu hemen zerrendatuko: Pabilioi 6ren Love & Money —hilabete oso batez euskaraz programatua Bilbon—, areto berean izandako Zuri zoragarria (Goitibera taldea), Iñaki Ziarrustaren Balbea (Atx Teatroa), Tartean-en Alderray eta Bake lehorra, Benetan Be-ren Batetik bestera, Khea Ziater-en Winona & Grace, Horman Poster-en Souvenir... Eta ezin errepasoa amaitu bi ikastolak taularatutako lan bikainak aipatu gabe: batetik, Iruñeko Jaso ikastolaren aurtengo musikal handia Sutan deitu da New Yorkeko fabrika batean ugazabek piztutako sutean hil ziren emakumeen omenez, eta bestetik, Donostiako Zurriola ikastolak zer eta Ionescoren Emakume abeslari burusoila taularatu du Joserra Fachado nekaezinaren ekimenez.

 

      Antzokietatik kanpokoa

      Baina antzerkia ez da bakarrik antzokietan gertatzen, eta horren adibide dira EHAZEk euskarazko estreinaldien gaineko ikerketa osotua plazaratu izana eta Susa argitaletxearekin batera martxan jarritako ganbila.eus ataria, non edonork kontsulta ditzakeen euskarazko estreinaldien datuak, teatro-testuak, kritikak, elkarrizketak, ikus-entzunekoak eta Ganbila bildumako paperezko edizioak.

      Bide beretik, esandako bildumak beste lau liburu argitaratu ditu aurten Ane Labaka Mayoz eta Beatriz Egizabal Ollokiegiren Erradikalak, Mikel Gurrearen Soka, Formol Laborategiaren Album —Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren— eta Samara Velte eta Karlos Linazasororen Esperoan. Alde horretatik, aipatzeko modukoa da aurtengo DA! azokan Album izan dela EHAZEren eta Susaren salmahaietan gehien saldu den liburuetariko bat, haren lehen edizioa agortu arte.

      Urtea, beraz, triste xamar hasi zen baina alaiago amaitu da, euskarazko ia ehun estreinaldirekin, ganbila.eus-en agerpenarekin eta antzerki-liburuen argitalpen zein salmenta aipagarriekin.