Patricia Urrutia: “Txoriek ere ez dakite bidaia amaituko duten, edo inoiz itzuliko diren”
Enekoitz Telleria Sarriegi
Berria, 2023-01-24

      “Batetik bestera” ikuskizuna ondu du Benetan Be konpainiak. Urrutia da testuaren sortzailea eta aktoreetako bat. Giza migrazioei buruz hitz egiten diete haurrei, txorien migrazioaren bidez: “Baina ez da metafora hutsa”.

      Arrano arrantzale bat eta ubarroi bat migrazioan, mozolo arrunt bat haiei laguntzen, eta bertako hiru kaio etorkinei zirika —argazkikoa da bat—. Gizakiak dabiltza migrazioan batetik bestera, eta txoriak ere bai, Batetik bestera. Benetan Be konpainiaren sortzaile Patricia Urrutiak (Bilbo, 1977) idatzi du testua, eta bada aktoreetako bat ere —Juanjo Otero eta Jon Zumelaga dira besteak, eta Elena Olivieri da zuzendaria—. Hurrengo emankizunak: otsailaren 12an, Santurtzin (Bizkaia), eta otsailaren 18an, Donostian.

      Itsaslabar batean sortu zen ideia?

      Askotan ibiltzen naiz itsaslabarretan: uretan, surfean; eta gainez gain, oinez. Halako ez-lekuak elkarguneak direla iruditzen zait, topaguneak, itsasoa eta mendia elkartzen diren muga ez-mugak. Abiapuntuek ez dute inpultsu bakarra izaten. Garai hartan, beste ikuskizun baten sorkuntzan nenbilen murgilduta: migrazioen gainean hausnartzen zuen. Asko eztabaidatu genuen gaiaren inguruan. Ni aktore gisa nenbilen, eta eztabaidak halakoetan puntu bateraino iristen dira: zuzendari bat dago. Neure buruari esan nion: “Horren argia bazara, egin ezazu zerorrek. Nondik eta nola helduko zenioke zuk gaiari?”.

      Eta heldu zenion.

      Garai hartan, Urdaibai Bird Centerrera bisita bat egin nuen semearekin eta lagun biologo batekin. Hori guztia buruan nuela, hango sarreran dagoen mapa erraldoia agertu zen, txorien migrazioarena, eta esan nuen: “Kontxo! Hau da!”.

      Migrazioak ez zaizkigu arrotzak.

      Tokatu zaigu guri alde egitea, beste batzuk jasotzea... Hegoaldetik iparraldera doazenentzat atsedenleku moduko bat gara: batzuk igarotzen dira, beste batzuk gelditu egiten dira... Txoriak aukeratu ditugu, baina ez da metafora hutsa. Ikerketan sakontzerakoan, hezegunea leku aproposa iruditu zitzaigun paralelismo horretarako: topagune bat delako, bidaian doazenek atseden hartzeko, eta hezegunean bertan bizi direnak ere badaudelako.

      Ikuskizunaren aurkezpenean diozue: “Halabeharrez hasitako bidaiak dira, bueltatzeko aukerarik izango duten jakin gabe”.

      Gizakienak zein txorienak. Oilo ipurdia eragiten du esaldiak, baina hala izaten da. Bidaiak ez dira berdinak halabeharrez abiatu behar direnean: arrazoi ekonomikoengatik, guda batengatik, txirotutako lurrengatik... Txoriek ere halabeharrez egiten dute bidaia, eta ez dute jakiten iritsiko diren, eta inoiz bueltatzeko aukerarik izango ote duten.

      Eta umorez josi duzue hori?

      “Txoriburu izango gara”, diogu ikuskizunean. Hori da egiten duguna: gai garrantzitsuei umorez heldu. Sekulako erronka da, arriskua baitago gaia tribializatzeko edo parodia bat egiteko. Gure kontraesanak agerian utzi nahi ditugu. Ez dugu mezurik ematen edo konponbiderik eskaintzen. Argazki bat da hausnarketarako abiapuntu izateko.

      Txoriburuak zuek zarete, alegia?

      Hori da [barrez]. Egin dugu lan fisiko bat ere txori bihurtzeko, ikasi ditugu haien mugimenduak eta ohiturak. Gaztetxoenek oso ondo jarraitzen diote ikuskizunari, baduelako alderdi bisual hori: jolasarena, mugimenduarena, jantziak. Helduagoek bestelakoak ere harrapatzen dituzte: kaio bufoi horiek etorkinekin duten diskurtsoa.

      Haurrentzako ikuskizunek badute behar beste aitortzen ez zaien lanketa bat atzean?

      Egon gara Urdaibai Bird Centerrekoekin, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Zehar elkartekoekin, BC3koekin... Guretzat oso garrantzitsua da lanketa hori, eta are gehiago haurrak daudenean tartean: erantzukizuna handiagoa da.

      Inondik inora, Porno vs Afrodita, Batetik bestera... Benetan Be konpainia bidea egiten ari da.

      Ikerketa, ikasketa, antzerkia eta musika ari gara uztartzen, eta asko maite ditut denak. Antzerkiaren eta elkarrekin egotearen eta elkarrekin bizipenak izatearen indar hori bizirik dagoela uste dut, eta baduela sozialki zentzu bat. Elkarrekin zalantza horiek bizitzeak badauka indar bat eraldatzailea izan daitekeena.