Del Rigodon eta Hotkings
Agus Perez
Berria, 2023-04-04
“(H)ondoko gela”

Konpainia: Les Bobe Bobe. Zuzendaritza: Jason Guerra. Antzezleak: Ane Gebara eta Josune Velez de Mendizabal. Lekua: Gasteizko Vital Kutxa fundazioaren aretoa. Eguna: Martxoaren 31.

      Elkartu dira Lola del Rigodon komisarioa eta Hotkings inspektorea —karguak nik banatuak dira, pertsonaia bakoitzaren arabera—, hildako baten homizidioa argitzeko. Zendua manta baten azpian dago, eta dekorazioak adierazten digu beste gizaldi batekoa zela gizon edo emakume gajoa. Hori ere ez dugu emanaldian zehar argituko, baina detektibe biek eurenak eta bost egingo dituzte kasua argitzeko.

      Gasteizko ikusle euskaldunek ederto bete dute Vital Kutxa fundazioaren areto ikusgarria, eta gure bi emakumeak garai bateko polizia-telesailetako musika ustez dinamikoan baina egiatan edulkoratuan bilduta agertu dira, detektibe plantak egiten Ez dakit noren neskak telesaileko protagonistak balira bezala, sorbalda sorbaldaren kontra eta pistolak agerian, tiro egiteko prest. Eta laster hasi da Del Rigodon detektibea gizonezkoek halako kasuetan egingo luketena egiten: zigarro puruak erretzen, alkohola neurrigabe edaten, kafea litroka ere bai eta aulkietan potrozabal jesartzen. Hotkings, ordea, hasiberria da lanbidean, eta ilusio handiz egingo dio aurre Del Rigodonen eszeptizismoari, bien lana zenbait hilabetez luzatuko den arren, betiere gorpua bertan dutela. Ustelezina zen, antza.

      Bai Gebarak bai Velez de Mendizabalek malgutasun handiko gorputzak dituzte, eta haietaz baliatu dira gizonezko poliziengan ohikoa duguna barregarri uzteko. Eta genero horretako elementuak ez dira faltako, noski: aspaldiko telefonoak une erabakigarrietan joko du, garai batean aurrerapenaren ikur izan zen kasete bidezko grabagailuak protagonismo handia hartuko du ekintzaren garapenean, eta behinola xarma handikoa zirudien edari-altzaria ere presente egongo da, zelan ez. Baina Les Bobe Bobe-rengan hain funtsezkoa den absurdoa protagonista izango da hasieratik, eta ikusleren batek uste bazuen hildakoaren misterioa noizbait argituko zela, atoan alboratuko du bere espero hutsala, batez ere logikatik kanpoko animaliak, pertsonaia misteriotsuen agerpenak eta hildakoaren hesteen deribatuak nonahi azaldu direnetik.

      Euskara txukun eta naturalean gertatu da guztia, eta polita izan da solasaldi batzuetan Iparraldeari eginiko keinua, betiere absurdoaren parametroetan Alabama, Albacete eta Altzürükü batera aipatu dituztenean, konparazione. Gainera, hitz-joko ugari tartekatu dituzte elkarrizketetan, haietariko asko geure atsotitzetatik hartuak eta besteren bat beraiek asmatua, nik uste, honako hau bezala: “Tximinoa zuhaitzean zenbat eta gorago joan, orduan eta ipurdia ageriagoan”.