P6ko hiru obra labur
Agus Perez
ehaze.eus, 2023-04-25
Antzerki arina zikloa

Antzezlanak: Fikziohesioa, Duze dobre, Hamalau. Lekua: Bilboko Pabilioi 6 aretoa. Datak: Martxoaren 26a, apirilaren 2a eta apirilaren 9a.

      Bilboko Pabilioi 6 aretoak urtero antolatzen du Antzerki arina izeneko zikloa, eta ekimen horren bidez hainbat sortzaile eta antzerkilarik daukate aukera beren lanak publiko egiteko. Lau asteburutan izaten dira emanaldiak —hiruna egun asteburu bakoitzean—, eguerdiko zein arratsaldeko ordutegietan, eta emanaldi bakoitzean lan batzuk ikusteko aukera dago.

      Aurten hamasei izan dira lan aukeratuak, eta haietariko lau izan dira euskaraz sortuak eta emanak. Beraz, euskarazko antzezlanak ikusi nahi dituen publikoak gaztelaniazkoak ere ikusi ditzake pakete berean, baina hautu horrek ezinbestean dakar euskararen indargunea izan litekeena urardotua geratzea. Pena da aukera hori galtzea, baina aldi berean beti eskertu behar dugu Bilbon horrelako aukera euskarazko lanei eman izana, batez ere ikusita erakundeek eta antzoki publiko zein pribatuek euskarari egiten dioten jaramon benetan urria, anekdotikoa baino ez dena kasu batzuetan.

      Agenda kontuak direla-eta, aurtengo zikloko lehen pieza —Pastatxo bat?, Urtzi Oleagarena— galdu nuen, eta horregatik komentatuko ditut hemen hurrengo hirurak bakarrik.

      Fikziohesioa izen konplikatuarekin etorri zen lehena, eta zuzendaritza kolektiboa izan duenez, kanpoko begiradaren arduradunaren izena —Iñigo Ortega— baino ezin dugu aipatu. Zurezko plataforma xume eta txiki bat izan da elementu eszeniko bakarra, baina etekin polita atera diote beltzez jantzitako sei antzezleek —lau mutil eta bi neska— haren gainean gertatu direlako eszena kolektiboak, eta plataformara jauzi eginda egin dituztelako bakarlari eran izandako agerpen eszeniko kementsuak.

      Emanaldian zehar film ezagun batzuen interpretazio eszenikoa egin dute —The Shining, Eraztunen jauna, Walt Disneyen estiloko bat…—, keinu bidezko antzerkia erabiliz, baina beharrezko azalpenak eta dialogoak euskara txukunean eman dituzte. Dinamismo neurtua izan da lanaren ezaugarrietako bat, eta gorputzekin egindako arkitekturekin irudikatu dituzte paisaiak, efektu bisualak, objektuak eta beste gauza asko, betiere kontakizun bakoitzaren zerbitzura.

      Duzhe dobre (Oso ondo, ukraineraz) izan da ziklo honetan ikusi dudan bigarrena. Taula gaineko hiru aktoreek, Joserra Fachadoren zuzendaritzapean eta Iñaki Ciden testu bat oinarri, zer eta amatasun subrogatuaren kontua aztertu dute. Hirurak dira Zurriola antzerki eskolako antzezleak, eta orain gutxi kusi genituen Donostiako Gazteszenan lan fresko eta entretenigarri batean beste kide batzuekin batera Desira izeneko musikalean.

      Oraingo honetan, ordea, oso gai potoloari ekin diote, argitasun osoz eta erabakimenez ekin ere. Horra hor argumentuaren oinarria: guraso izan nahi duen bikotea oso pozik dago hasiera batean, azkenean alaba edo seme bat izango dutelako AEBetako ama alokatu bati esker, baina laster hasiko dira horren inguruko duda-mudak eta bikote-arazoak. Tartean oso benetan interesgarria jokatuko du bikotearen neskameak, bere emakume eta etorkin ikuspegitik oso gauza fuerteak eta egiazkoak esango dielako guraso izatekotan den bikotekideei

      Alde eszenikoei dagokienez, bi kutxa tekniko baino ez dira baliatu leku eta egoera guztiak irudikatzeko, eta gorriz jantzita agertu dira hiru antzezleak. Bestetik, aipatzekoa da neska aktoreak denetariko rolak jokatu dituela — telebistako aurkezle, Eusko Jaurlaritzako telefonista, ama biologikoa, neskame etorkina…—, baina azken finean, gaia bera eta gaiaren tratamendua, auziaren alde guztiak kontuan hartu dituena, dira lan eredugarri honetatik gehien baloratu ditudanak.

      Eta hirugarren antzezlan laburrak —Tartean Teatroaren Hamalau— Cafe Bilbao saria eskuratu zuen iazko edizioan, eta Mikel Martinezek antzeztu du bakarrizketa eran Lutxo Egiarena den testua.

      Aulki gorri bat izan da osagai eszeniko bakarra, eta haren gainean zutunik jarri da antzezlea, tximeleta gorri bat lepoan jantzita zeramala notario itxurari hobeto eustearren. Izan ere, Egiak planteatutako testuan kasu berezi batean aurkituko da gure notario fidagarria, oraindik gertatu ez den baina laster gertatzekotan den suizidio baten fedea eman beharko duelako.

      Aitzakia argumental horren harira hainbat kontu tratatu ditu egileak, batzuk seriotasunez eta beste batzuk ironia finez. Antzezle-notarioaren hitzetan entzun dugunez, harrigarria da historian zehar, pentsalari, filosofo eta artista suiziden zerrenda luzea. Norberaren buruaz beste egiteko erak ere aztertu dira hizketaldian zehar, eta noizean behin telefono deiak jaso ditu notarioak, hasierako egoera ezusteko amaiera batera bideratu arte.

      Ezaguna da Mikel Mikel Martinezen trebetasuna bakarrizketa formatuan, eta Lutxo Egiaren testuarekin batera amaiera borobila eman dio Hamalau honekin aurtengo Antzerki arina zikloari.