Escenium
Agurtzane Intxaurraga
Argia, 2005-12-18

 

      Bilbon jarri ziguten zita Euskalduna Jauregian: Europa: arte eszenikoen topagunea. Izenburuak ez zuen aitzakiarik. Heltzen joan ginen neurrian, ordea, gure aurpegiek ez zuten askorik adierazten. Sinesgaitz beharbada? Honelako topaguneetan teoriak gainditzen dira bata bestearen atzetik, baina arte eszenikoen errealitatea egunero bizi dugunok, hitzak sarri askotan bidean geratzen direla badakigu. Ondo jakin ere.

      Ohiturari jarraituz, kongresuko motxila eta paperak jaso, eta, ezagunak agurtu ondoren, martxan jarri ginen.

      Hiru ataletan zegoen banatuta lan egitaraua. Lehenengoa, Work-shop edo azokak; bigarrena, work-case edo ikuskizunen hogei minutuko aurkezpen guneak —honi buruz hitz bakarra: porrota; antolaketaren aldetik ez zitzaion inolaz ere eskatzen zuen arreta eskaini—; eta azkenik biltzarrak, zeinetan egunero lau ponentzia edo gehiago aurkezten ziren.

      Ponentziak: zenbat hitz bata bestearen atzetik. Guztien helburua Europara hurbiltzea izan zen. Han zer egiten den ezagutu, nola bideratzen den kultura aztertu. Hitz haiek guztiak entzun eta gero, munduaren bestaldean sentitu ginen, ordea. Nahiz eta kanpoko hizlarien hitzaldiak ulertzeko itzultzaileak izan, haiena, Europako herrialde nagusiena batez ere, beste hizkuntza bat dela ikusi genuen atoan. Alemanian, Ingalaterran, Frantzian bertan, edo Flandesen, besteak beste, kultura ulertzeko duten modua zeharo desberdina da hemengoarekin alderatuz; artea aisiarako eta denbora-pasarako jarduera baino gehiago, hazte pertsonalerako eta enplegurako faktore moduan ulertzen dutela kontatzen ziguten. Hitz egin ziguten babes eta mezenasgoei buruz ere. Iaz Alemania izan omen da aitzindari 255 milioi euroko zenbatekoarekin, bigarren Italia 205,7 milioirekin. Hori zenbat da pezetatan? Egin kontuak! Beste hizkuntza batean ari gara, zalantzarik gabe, denok hitz egin beharko genukeena, hala ere.

      Datua: Espainiako Estatuko biztanleen % 30ak —umeak barne— arte eszeniko motaren bat ikusteko ohitura omen du. Hazkunde pertsonalaren eta enplegu faktorearen bidean asko geratzen zaigu, ez? % 70. Zur eta lur entzuten jarraitu genuen. Aretoa beteta egon zen hiru egunetan.

      Ez horrenbeste work-shoparena. Hangoa errealitate gordina baitzen: saltzailea eta eroslea aurrez aurre. Lehenak berea erostera animatzeko eta besteak... Besteak hilabete bukaeran soldata finkoa jasotzen duen horrek, diru arazoaz hitz egiten zigun: aurrekontu txikia zuela eta gurea garestiegia zela, arraro xamarra jendearentzat? Besteena bezalakoa? Dramatikoegia? Arinegia? Eta amaitzeko: aurreraxeago hitz egingo genuela.

      Eta jarraituko dugu hitz egiten, nahi beste. Noiz ordea aurrera egiteko?

      Esceniumek zerbaiterako balio izan badigu, hemen oraindik zenbat dugun egiteko konturatzeko izan da. Ezin dira planak bata bestearen atzetik egin, egiten diren kasuetan, eta gero bulegoko apaletan gorde sitsak jateraino. Ezin da arte eszenikoen etorkizuna gure eskuetan bakarrik utzi, instituzioak duela hogei urteko aurrekontuekin jolasten ari diren bitartean. Ezin da onartu, gero eta maizago gertatzen ari den bezala, programazioak errentagarritasunaren alde berdinak edo bateratuak izatea. Ezin zaigu publiko eskasaren zama gainean jarri.

      Guztion lana da egoera kaxkar honi irtenbide bat bilatzea. Kanpoko kasuen gaineko azterketak ongi daude ideiak eta proiektuak geureganatzeko, baina, azken batean, gu guztiok aurkitu behar ditugu irtenbideak, sistemaz barruko jarreratik eta honek eztabaida, akordioa eta azkenik konpromisoa eskatzen du.

      Errealitatearen analisia egin eta posible den etorkizuna irudikatu eta lortzeari begira lan egin, konpromisoz.