Azoka eta jaialdia
Agus Perez
Berria, 2009-07-07

 

      Pasa den asteburuan amaitu da Donostiako arte eszenikoen feria -dFeria- eta gogoeta eta balorapenen aroa heldu zaigu. Zalantzarik gabe, gisa horretako feria bat ekitaldi konplexua da, jende askoren ahalegin etengabea eta ondo koordinatua eskatzen duena, eta antolamenduari dagokionez emaitza primerakoa izan da.

      Aurrera jarraitu baino lehen, esan beharra dago dFeria bost egunetan ematen diren ikuskizunak baino askoz gehiago dela, bere babespean publiko zabalerako jarduera paraleloak -aurkezpenak, erakusketak...- eta profesionalentzako lan-jardunaldi garrantzitsuak antolatzen baitira. Urteroko bilera horiez gain, aurten adibidez Hegoamerikako eta Portugalgo lau feriak aurkeztu dituzte beren proiektuak dFeriako negozioen foroan, eta txango berezi bat antolatu da, Tolosan aurten zabalduko den Nazioarteko Txotxongilo Zentroa ezagutzeko. Noski, horrek guztiak gehi emanaldietara datozen ikusle trebatuekin hitz egiteak aukera asko ematen ditu aspaldiko harremanetan sakontzeko, norberaren ikuspegia aberasteko eta kontaktu berriak ezartzeko.

      Baina kaleko ikusleak zer jasotzen du dFeria egunetan? Lehen begiratuan Paseando con arte izeneko atala kendu izana nabarmenduko nuke, ekimen ondo antolatua zelako, giroa sortzen laguntzen zuelako eta lan benetan bereziak eskaintzen zituelako. Beste alde batetik hartuta, ordea, kaleko emanaldiekin beste jaialdi oso bat antolatu zitekeen, eta oraingo egitura arinduak asko errazten du guztia, areto bakoitzeko emanaldiak egunero ordu berean direlako eta elkarren artean gainjartzen ez direlako. Eskertzeko modukoa da, benetan. Ea beste leku batzuetan eredutzat hartzen duten.

      Betiere ikusle soilaren ikuspegitik, zilegi da galdetzea zein ote den programazioaren irizpidea, baina kontuan eduki behar dugu izatez hau jaialdia baino gehiago azoka bat dela, eta alde horretatik normala dela denetarik apur bat egotea. Hala ere, argi dago euskal konpainiek leku berezia dutela bai antzerkiaren arloan -Bikoteatro, Mama Crea, Tanttaka eta Vaiven- bai dantzarenean -Dantzaz, Ertza eta Aukeran-, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen duen Dantzarako Plataformaren barruan. Bestetik, begi-bistakoa da dFeriak Latinoamerikari ematen dion garrantzia, eta aurten Brasilgo Avenida Dropsie ekartzeaz gain, bigarrenez izan dugu Itinerarte ekimenaren presentzia, kontinente hartako beste zazpi herritako lanekin, nahiz eta bide horretatik ekarritako pieza batzuek iazkoek baino maila apalagoa erakutsi duten. Gainera, hiria Europako Kultur Hiribururako hautagaia denez, Poloniako hiru emanaldi programatu dira, hango eta hemengo parametroen arteko urruntasuna azaleratuz.

      Bikaintasunaren alorrean, dFerian beti dago lan ahaztezin batzuk ikusteko parada, eta nik aurtengo hiru gogoratuko nituzke: Dantzaz konpainiaren 1.01 bere maila artistiko ukaezinarengatik, Herrialde Katalanetako Produccions del Mar konpainiaren Camarada K eta Uruguaitik Itinerarte bidez etorritako Mi muñequita, bi kasuotan abangoardia estetikoa eta engaiamendua izan direlako lana markatu duten ildo nagusiak.