Szenatokiaren maratoia
Agus Perez
Berria, 2014-12-10

 

      Durangokoa ezinezko maratoia izaten da Azokak hartu dituen gune guztiak bisitatu nahi izanez gero. Aurten, behintzat, muga zorrotzagoak jarri dizkiot neure buru berez mugatuari eta, Szenatokia gunean EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak antolaturiko antzerki maratoia besterik ez dut ikusi, alboan utzita gune berean izandako beste ekitaldi interesgarriak: Kafie eta berba delakoa, non arte eszenikoen zenbait lan berriren notizia eman den, Argizaiola saria Anuntxi Aranari emateko ekitaldia, Organik konpainiaren Txapeldun lanaren estreinaldia...

      Zalantzarik gabe, Szenatokia beharrezkoa da, garai bateko liburu eta disko kontzeptu hertsitik gure kulturaren erakustaldi zabalago batera igarotzekotan, eta antzerki maratoia ekimen aproposa da Durangora hurbiltzen direnek euskal antzerkiaren berri eduki dezaten. Jardunaldiaren formatua hauxe da: San Agustin kultur guneko eszenatokian zortzi antzezlan zati ematen dira jarraian, lau goizean eta beste lau arratsaldean, haietariko bakoitzaren gehienezko iraupena ordu erdikoa izanik.

      Emanaldien arteko tarteetan ikusleek mokadu bat hartzeko aukera dute, ikusitakoa beren artean edo antzezleekin komentatuz. Ekimen polita, beraz, are gehiago kontuan izanda urterik urte publikoaren harrera hobetzen doala, eta ikusle gero eta trebatuagoak datozela, neure balorazio pertsonalean bederen. Ordea, ez zait oso egokia iruditzen antzezlan laburtuak edo jatorrizko lan bateko zatiak eskaintzea, badirudielako antzerki aspergarriaren ideia indartzen dugula, ondokoa esanez bezala: “Antzezlan osoa luzeegia izango zenez, eman dezagun zatitxo bat bakarrik, ea inork ez duen aretotik ihes egiten”.

      Bestetik, programazioaren ildoa da hobetzeko moduan dugun beste kontu bat, orain arte zaku berean sartu baitira antzezlan bikainak eta makalak, talde amateurrak eta konpainia profesional ezagunak, nahiz eta horrek askotan zerikusi zuzenik ez izan proposamenen kalitatearekin.

      Maratoiko lanik onenak aipatzearren, Garazi Lopez de Armentiak —Parasite kolektiboa— Jadanik hilda lan enigmatikoa aurkeztu du Hannah Frances Welhaneren zuzendaritzapean, haurtzaroko bizipenei sakontasun nabarmena emanez eta ganora handiz konbinatuz bere presentzia eszenikoa, mugimenduen kalitatea eta alderdi eszenikoak. Eta beste lan aipagarri bat Atx teatroaren Arren ganbara eta emeen sotoa izan da: Iñaki Ziarrustak sortutako taldeak kalitate handiko testu bat ekarri du eszenara, Szenatokirako propio egindako egokitzapen batean, eta muturreko sexu banaketaren gaineko parabola bat eratu du esperpentozko pertsonaia artegagarriak baliatuta.

      Tarteka-marteka, beste lan batzuen txanda izan da —Ixabel Agirresarobe Emakumeak protagonista-rekin, Resurrecion Maria Azkue eta Toti Martinez de Lezearen ipuinak kontatuz, Labanaro taldearen Haro modernoak eta Taupada taldearen Erotik—, eta eguneko azken hirurak aurretiaz ezagutzen nituen: Aldatzen Laguntzen kolektiboaren Amets zirkoa salgai Altsasuko karpa handi bateko baldintza txarretan ikusi nuen uda partean, eta, alde batzuetatik findu behar den arren, esan beharra dago nabarmen hobea dela aretoan emanda, eta lan gozagarria izan daitekeela bere umore absurdoan eta logika surrealistan sartuz gero.

      Maratoiko azken emanaldi biak ezagunak nituenez, Loreak filma ikusteko ilaran jarri naiz, baina Irudieneko aretoan sartu ezinean geratu naiz, beste asko bezala. Hala ere, urteotan Denboraren korapiloak izeneko antzezlana bizpahiru aldiz ikusi ostean garbi esan dezaket ezin hobeto elkartzen dituela Stanislaw Lem-en zientzia fikzio umoretsua eta Mikel Martinezen dohainak. Ostera, Joseba Usabiagaren Oroitzapenak ez dut berriro ikusi nahi izan, dramaturgia eta antzezpen eskasekoa izateaz gain, bere buruaren gaineko promozio hutsa delako, ageriko matxismo lotsagabean bilduta. Hortaz, eta Loreak beste baterako utzita, azokako jendetzan murgildu eta EKEk paratutako standean bukatu dut eguna, Iparraldeko laborariek ekoitzitako jaki bikainak dastatuz eta bertako jendearekin belarriak gozatuz.