Giro lehorrak uzta ona ekarri du oholtzara
Ane Zabala
Jakin, 2022-12-31

      Ortuetan izandako lehorteak eragina izan du, ez da beste urte batzuekin alderatutako uzta izan. Arte eszenikoetan urte erdi pandemikoak ekoizpen ezin interesgarriagoak utzi ditu, ordea. Formatu handiko ikuskizunak ekoiztu dira gai interesgarri eta zorrotzak taulara ekarriz. Formatu txikiko antzezlanetan, sekulako gai eta proposamen aberatsak izan ditugu. Emakumeek ereindako haziek eduki eta forma eszenikoetan zapore itzela utzi digute. Formatu txikiko antzezlanekin zirrara handiak bizitzeko aukera izan dugu.

      Karramarrotik krokodilora salto egin du Eneritz Artetxe aktoreak Lakoste antzezlanarekin. Aurreko antzezlanean ezagututako pertsonaia bera ekarri du taula gainera, krokodriloa erraldoiarekin. Karramarroa 50 urteko emakumea da, bitxia, zorrotza eta mihiluzea. Lakoste antzezlanarekin Karramarro antzezlanari jarraipena eman dio. Umore absurdoa eta bufoiaren teknika lagun, kritika sozial eta ironiaz bete du lana. Zer eta lehenengo pertsonan bizitza bera taula gainera ekarri du gernikarrak. Oraingoan ikusleoi begiratu gaitu zuzenean eta hainbat gai ekarri dizkigu. Hala nola aktorea izatearen pobrezia, familia estandarra, krokodiloak eta Euskal Herriko sekretu nazionala: menopausia. Bizitzaren ibilbidea egiten du, gaztetatik zahar etxeraino. Gorputza ahotsarekin bateratuz, izugarrizko jolas eszenikoa eskaintzen du Artetxek. Aktorearen gorputza eta ahotsa teatro jolasean nahasten ditu, zentzu, zeinu eta zirrikitu ezberdinak aurkituz testuaren hitz bakoitzean.

      Luze edo motz lanak Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik eginiko bakarrizketak biltzen ditu. Sei bakarrizketa umorea eta generoa uztartuz. Hemen ere gaietako bat menopausiak eragindako sofokoak dira. Baina gai hori, sekretu nazionala antza, umorez eta errealitatez oholtzara ekarri duena Bea Egizabal izan da Magma mia bakarrizketan. Sistema heteropatriarkalak emakumeari eragiten dizkion minak eta sufrimenduak aztertzen eta zerrendatzen ditu bakarrizketan. Emakume heldu gisa agertzen zaigu, eta, bakarrizketa aurrera doan heinean, zerrenda handitzen doa. Menopausiari eskainitako pasarteak egiatik ekarriak daude, umore zorrotzez, ikuslegoaren konplizitatea bilatuz. Agian, sekretu nazionala ez da hain sekretu izango. Egun laster batean, emakumeok konkistatutako eszenatokian orain arte eramandako gerri bueltako flotadorea askatuko dugu eta libre hegan egin.

      Mamiak kolektiboak Josefa de Mugika emakumearen ahotsa ekarri du Ogiak hizketan baleki antzezlanean. Josune Velez de Mendizabalek gorpuztu du 1836an kokatutako istorioa. Kazetaritza performatibo gisa definitu dute lana, hau da, ikerketa kazetaritza eta arte eszenikoak zeharkatzen dituen artefaktua. Gasteizko historian ezezaguna bezain latza den gertaera da ardatz, Jose de Elosegi okinaren gertakaria. Okina exekutatu behar dute, garrotez hilko dute traidore izateagatik, Gasteizen 1.200 soldadu ingelesen heriotzaren errudun dela baitiote liberalek. Taula gaineko kontakizuna haren emazteak egingo du; eskuekin ogia egiten duen bitartean, gertaera latzaz mintzatuko da. Baina, kasu honetan, historiaren pasarte horren berri emateaz gain, antzezlanak interes handiagoa pizten du gertakaria emakumearen ahotik kontatzen zaigulako, haren iritzia eta orduko emakumeen ikuspegia agertuz. Aktoreak, gainera, ederto egiten du salto gaur egunera. Eszenaratzeari dagokionez, aipagarria ogia egiteko erabilitako elementuak, bukaera indartsu eta ikusgarria ekarriz.

      Hasieran aipatu bezala, arte eszenikoetan lan handiagoak ere ikusi ditugu. Horretan ere ez da lehor geratu aurtengo uzta. 2016an Altsasuko Koxka tabernan bi guardia zibilekin eta horien bikotekideekin izandako liskar baten harira Auzitegi Nazionalak epaitutako zortzi gazteen kasuaren inguruko interpretazio fikzionatua planteatu du La Dramatica Errante konpainiak. Lau aktorek tabernako eszenatik hasita epaiketara arte gertatutakoaren kontaketa egin dute, hamaika pertsonaia gorpuztuz, argiztapen ederrarekin ikuslegoa istorioan saltoka eta kolpeka murgilduz. Azpimarratzeko eszena epaiketa bera izan da. Sententzia jakitera emateko momentu latza: ikuslea jakitun da emaitzaz, baina eszenaratzeak besaulkian mugiarazi gaitu, mina areagotu digu. Baina kontaketan bada deseroso sentiarazi gaituen zerbait, guardia zibilen amen mina eta Altsasuko gazteen amen mina parekatu nahi izana. Sortzaileen hitzetan, ispiluaren aurrean jarri nahi izan dute ikuslegoa, “ezer ezin du hemen aurkitu bere egia bakarrik bilatzen duenak, bere kontsignak bakarrik dituenak”, esan dute. Taldeak txaloen momenturako kantu bat jartzen du beti, edo hori da azken sormenetan ikusi izan duguna. Oraingoan, kantuaren aukeraketak, gure uste apalean, ez dio inongo mesederik egin antzezlanari.

      Bestelako gertakari batzuk ekarri dizkigu Olatz Gorrotxategik Mierda de ciudad ikuskizunean. Western musikala baliatuta, euskal rock erradikalaren historiari buruzko teatroa sortu du. Indiarrak eta cowboyak, euskal rock erradikala eta folklorea aurrez aurre borrokan jarri ditu. Musikaren bitartez gure herriak bizitako gertakariak errepasatu dira oholtzan; migrazioa, langile klasea, hizkuntza, mugimendu sozialak... Objektuen teatroarekin Bilboko Gaztetxearen desalojo bortitza berriro bizi izan dugu, bideo eta soinuaren erabilpenak orduko gizartera bidaia egitera eraman gaitu, eta, bide batez, belaunaldi oso baten soinu bandari errepaso miragarria eman diote.

      N.E.V.E.R.M.O.R.E. antzezlana ez da bertoko uzta izan, baina Prestige-ren tragedia maisuki gogorarazten duen antzezlana da, eta gure herriko antzoki gutxitan ikusi izan da. Hura gertatu zenetik 20 urte bete direnean iritsi da gure teatroetara. Hondamendi hura ere gurera iritsi zen eta belztu zuen kostaldea. Prestige ontziaren hondamendiaren urteurrena baino lehenago estreinatzea erabaki zuten. Izan ere, hondamendi hura garbitzeko erabili ziren traje zuriak berriz ere protagonista bilakatu ziren pandemiaren hasieran; hortik egindako loturaz, kokapen eta kontaketa bikaina ekarri du Chevere taldeak. Hondamendi ekologikoaren gertakizun latza teatro jolasari esker agertokian ikusi genuen. Oholtza aterki beltzez josita, itsasoko soinuarekin besaulkitik marea beltza ikusi dugu kostaldea zipriztintzen. Antzezlanean soinua ere ezinbesteko elementua izan da.

      Ingurumenean izandako kalte ikaragarriez gain, hondamendi politikoaren kontaketa zorrotza egin dute, politikariek esandakoak gogora ekarriz. Prestige itsasontziko kapitainak kostaldeko agintariekin izandako elkarrizketen antzezpenak taularatu dira, ia teatro absurdora eramanez. Ikusle bezala jakitun gara hartu ziren erabaki horiek hondamendia biderkatu zutela.

      Hondamendiaren gertakari asko ahanzturan gera ez daitezen izugarrizko ahalegina iruditu zaigu. Antzokian Galiziako kostaldera bidaiatu dugu elementu gutxi batzuk erabiliz eta soinuari izugarrizko garrantzia emanez; izan ere, itsasontzia hondoratzear zegoen unea bi aktorek taula gainean hitzez kontatu badute, zuzeneko soinuaren manipulazioekin helikopteroak, olatuak eta petrolioa entzun ditugu.

      Gurean, Artedrama eta Axut! taldeen elkarlanak Hondamendia antzezlana ekarri digu. Denboran eta geografian gertuagoko tragedia ere hartu dute abiapuntu. 2020ko otsailaren 6an gertatu zen hondamendia: Zaldibarko zabortegia amildu eta bi langile hil ziren. Handik gutxira, alarma egoera piztu eta mundu osoa astindu zuen pandemia iritsi zen. Bi gertakari horiek ardatz hartuta, indar eta egitate handiko antzezlana ondu dute. Agertokian, arropa da zaborraren metafora. Zuzeneko soinua eta argia artisauen lana da, aktoreek mugitu eta manipulatzen dituzte argi eta soinu iturriak. Argitasunean eta soinuen burrunban agertzen da politikarien ustelkeria. Aipatzekoa da hedabideen inguruko irakurketa zorrotza.

      Uzta emankorra izan da, aipatu gabeko beste hamaika lan interesgarriz gozatzeko aukera ere izan dugu. Mundua hiltzen ari dela dirudien honetan, antzerkia bizirik dago. Eszenak ereiten jarraitzen du, sasoian sasoiko istorioak ekartzen dira.

      Antzerkiaren uzta ederra bizi dugun momentuari begiratzen diona da; horrek hilzorian dagoen horri mina areagotu ala sendagaia eskainiko dio.

 

      Antidinamikak

      Saretzea, elkar ezagutzea, esperientziak konpartitzea, ahulguneak ezagutzea eta partekatzea, gure beharrak eta erronkak zein diren konpartitzea... Hori guztia eta gehiago dira emakumeak azken urteetan esparru ezberdinetan aurrera eramaten ari diren ekintzak. Aurten Euskal Herrian arte eszenikoetan ere hori egiteko aukera izan dugu. EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak Antzerkizale Feministen Topaketak antolatu ditu lehenengoz. Gonbita luzatu eta parte hartzeko aukera paregabea eskaini digute. Irekiak bezain itxiak izan dira. Irekiak, elkartea osatzen dugunok parte hartzeko gonbita izan dugulako; elkartea askotarikoa izanik, aktore, antzerkizale, kultur langile edo kideek parte hartzeko aukera izan dugulako. Itxiak, topaketa feministak izan direlako, eta horrek jada feminista ez den orori ateak ixten dizkiolako.

      Asteburu batez Ozaetako Garaion Sorgingunean elkartu gara. Espazioa bera topaketen beste protagonistetako bat izan dela esango nuke; izan ere, horrelakoetan inguruak lagundu edo traba egin dezake. Iraileko ilargi beteak hartu gintuen. Garaion Sorgingunea leku ezin ederragoa da sortzeko, elkartzeko, elkarrekin bizitzeko eta, izenak dioen moduan, sorginkeriak egiteko.

      Iraileko asteburu horretan bizitakoak arrastoa utzi dit. Asteburua egoteko zen, elkarrekin egoteko, eta ez zer garen esateko edo ez beste ezer egiteko. Horretarako, hasieratik dinamikak eta ekintzak planteatu beharrean, antidinamikak izan ziren asteburuko bizkarrezurra. Dinamikak aldez aurretik zehaztuta egon beharrean, guk geuk proposatu eta antolatu genituen. Horrek, noski, bertaratutakoen interesak eta nahiak piztu zituen. Esaterako, nik aspaldi ez dut antzerkia lanbide, baina aktore lanetan aritzen naiz. Hortaz, nire kezkak eta lanbidez aktore denarenak oso ezberdinak izan daitezke. Oinarria bertaratu ginen emakumeok antolatu genuen, bertan egin nahi genuena adostu eta baita asteburuan berbagai izan nahi genituen gaiak azaldu ere.

      Bidaide ederrak izan genituen antidinamikak borobilean antolatu ahal izateko. Horrelakoetan izaten diren urduritasunek segituan egin zuten hanka gorputzetik, eta esango nuke konfiantzaz, zintzotasunez berba egin ahal izan genuela. Gai asko azaleratu ziren borobilean: osasuna, gaixotasuna eta kultur lana nor eta emakumea izanda. Protagonismo soziala, ikusgarritasuna, antzerkizaletasuna, emakume artisten existentzia, zer-nolako harremana dugun edo nahi dugun erakundeekin eta gure buruaz beste ez egin? Ipuinak kontatu, abestu, barre egin, mozkortu eta konkortu...

      Adin tarte eta esperientzia ezberdinetako antzerkizaleak bageunden ere, beste behin esparru askotan entzun eta bizi diren kezka berak azaleratu ziren. Lanbidearen ziurgabetasuna, autonomo izatearen madarikazioa edo ibilbidean bakarrik sentitzearen sentsazioa.

      Antidinamikei bukaera emateko, gizonen gorputzean sartu eta bertaratutako fikziozko kazetariei asteburuan gertatutakoaren berri emateko asmoz prentsaurrekoa egin genuen. Kazetari gisa ez dut sekula horrelako prentsaurrekorik bizi izan, baina gustura egingo nuke bertan esandakoaren lerroburua: Antzerkizale feministak ekintza bateratua egingo du Euskal Herriko antzokietako atarietan, adi astelehenean.

 

      Teatro bizia, klasikoen balioa egungo ikuspegitik

      Testu klasiko esaten zaien horiek, oraindik ere, gaurkotasuna dute, eta horregatik dira klasiko. Ikaragarria da 1603an idatzi izan zen testu zahar batek egun jendearengan eragitea, barrenak mugiaraztea eta, orain, xxi. mendeko gizartean, bizi ditugun arazo askoren isla izatea. Horregatik taularatu eta ikusten dira. Bertsio eta egokitzapenak etengabe egiten dira eta egin izan dira. Halako antzezlanek, gainera, publikoa erakartzen dute. Arrazoien bila hasita, gaurkotasun etengabe hori arrazoi nagusia bada ere, ustezko historiaren parte bat ezagutzea bada agian ere ikusleak antzokietara joateko arrazoia.

      Baina zer da benetan orainaldi honetara, egungo teatrora, lan klasikoak ekartzea. Horra zalantza klasikoa. Zer gertatzen da antzezlan klasikoa bere horretan, sortu zen bezala, aldaketarik gabe taularatzen denean? Bada, horrek suposatuko luke ikuslegoak ere sasoiko eran konportatu beharko lukeela antzokian, eta, performance ederra balitz ere, pentsaezina da. Horregatik, testu klasikoak behar bezala eguneratzen direnean, oraingo begi eta gorputzetatik egin ohi da, edo horrela egin beharko litzateke behintzat. Orduan, nola moldatu antzerki klasikoa lan garaikidea izateko? Galderak mila erantzun izan ditzake. Sortzaile bakoitzak erantzun bat eman dezake, jakina. Aukeretako bat antzezlana berriz idaztea eta klasiko horren berrirakurketa garaikidea egitea da. Horixe bera egin dute La Dramatica Errante konpainiako kideek Federico Garcia Lorcaren Yerma antzezlanarekin: Lorcaren klasikoaren erabateko egokitzapena egin dute Yerma lanarekin. Sortu berri duten testuak Lorcaren berba bakar bat ere eduki ez arren, bere esentzia osoa mantendu du, bere min eta garraztasunaren tanta txikirik galdu gabe.

      Lorcaren hitzik gabe Lorca egitea lortu dute. Izan ere, antzezlanaren egitura eta eszenak Lorcaren Yerma-ren berdinak dira. Akzioa egun kokatuta dagoenez gero, gaurko pertsonaiak dira protagonista eta hemen bizi ditugun egoerak dira eszenak. Lorcaren antzezlanean, Yermak seme-alabak izan nahi ditu, bere inguruan bizi diren emakume ezkonduek bezala; gizarteko arauek agintzen duten lez, ama izan nahi du. Baina, ezin duenez, zamatik askatzeko senarra hil beharra dauka.

      La Dramatica Errante taldearen proposamenak ezin hobeto heltzen dio gaiari. Egungo emakume askoren ezintasunak dakartza taulara, egun seme-alabak izateko ezintasuna duten emakume askoren sentimenduak eta bizipenak erakusten dira.

      Hortaz, 2022an 1934ko tragediaren irakurketa berria dakar, tragedia egungo begi eta gorputzetatik ekarria. 2022ko Yerma-k ez du Lorcaren hitzik, euskaraz ari da, eta Andaluziako idazlearen obra du ispilu eta sorburu. Bilboko emakume artista ospetsu bat da Maria Goirizelaiaren bertsioko protagonista, eta negozio-gizon arrakastatsua senarra. Bizitza sozial bizi bezain betea dute, baina 35 urte bete eta seme-alabak izatearen zamak kolpean hartuko du protagonista.

      Ane Pikazak gorpuzten duen emakumearen ezintasuna sakon iristen da ikuslearengana. Ikusleok antzerkiaren akzioa inguratu genuen aurrenekoz egin zuten emanaldian, erdian aktoreak, inguruko borobilean ikusleak. Horrelako eszenaratzean, ikuslegoa bikotearen etxean bezala sentitzen da, pertsonaia nagusiaren minaren barrenean. Seme-alaben auziaz gain, emakumeek gizartean hartu behar izan dugun lekuaz hausnartzeko aukera ematen digu; lanean eta bizitzan ehuneko ehuna eman behar izatearen prezioa, gure buruari jartzen diogun exijentzia, beti ere porrot egin edo maila ez ematearen beldur. Horrek guztiak gure gorputzean eragiten duena maisuki azaleratzen du antzezlan honek, duela ia mende bat Lorcak asmatu bezala.

      Proposamena horrela izateak egungo ikuslegoarekin konektatzeko balio dezake, hau da, ikuslego gaztea erakarri eta teatroaren parte egiteko. Izan ere, azken urtean kezka handia dago horrekin, ikuslego falta eta beherakadarekin. Baliteke hori ere antzinako kezka izatea, eta urtero edota ziklikoki errepikatzen dena.

      Arriaga antzokiak beste klasiko handi horietako bat ekoiztu du aurten. Calixto Bieitok Shakespeare ekarri du, edota, hobeto esanda, idazle ingelesaren testuen txatalak. Antzoki publikoak aurten ekoiztu du Erresuma / Kingdom / Reino deitu duten lana. Shakespeareren tragediak ditu oinarri, erregeak eta erreginak bata bestearen atzetik agertzen zaizkigu. Rikardo II.etik III.era, Henrike IV., V. eta VI.etik pasatuta, agertu dira tragedien proposamen horretan. Zortzi tragedia batera ekarrita, edota horietako testuen greatest hits modukoak elkartuta. Lander Otaola aktoreak aurkezpenean esaten zuenez, gustatuko zaizu edo ez, baina ez zaitu epel utziko. Horrela izan delakoan nago; laudorioak jaso ditu, hunkitutako ikusleak izan dira, eta epel utzitako asko ere izan gara. Ekoizpen handi baten aurrean gaude, tamaina erraldoikoa gu garen herri txiki honetarako, aktore kopuru eta baliabideei erreparatuz gero pentsaezina. Antzoki handietan soilik egiteko antzezlana da. Ezin antzoki txikietara iritsi, ezin herrietara, herritarrengana heldu. Eta halakoa izan da urtebetean eginiko bira.

      Garrantzia estetikari soilik eman dion proiektua izan da. Boterera heltzeko zer egiteko prest zauden da galderetako bat. Hori bai, azpimarratzekoa da klasikoen bi moldaketa horiek gure hizkuntzan gozatzeko aukera izan dugula. Eta, harrigarria badirudi ere, hori bada aipatzekoa, azpimarratzekoa, salbuespen baita: antzokian gure eskubidea bermatu dela.

      Beste lan bati begira jarrita, Pabiloi 6 aretoak, Arriaga antzokiarekin elkarlanean, Ramon Maria del Valle-Inclanen Luces de Bohemia ekarri zuen, Ramon Bareak zuzenduta. Idazlearen testu ezagunenetakoa bada ere, ez da hainbeste alditan antzeztua izan. Ehun urte baino gehiago dituen testua Madrilen kokatuta egon arren, gaur egun izugarrizko eragina izan dezake, islatzen duen gizartea esperpentikoa baita, egun bizi dugunaren antzekoegia. Antzezlanak gizarte esperpentikoa, degradatua eta usteldua erakusten du, zoritxarrez gaurkoa gehiegi gogorarazten diguna. Ibilbide luzeko aktoreak eta aktore gazteak ikusi genituen oholtzan. Baina, kasu honetan, testuari fidel jarraitu diote eta proposamen guztiz klasikoa ekarri dute. Duela mende bateko irudi ilunaren isla bagara ere, bestelako estetika, hizkuntza eta argiak dira egungoak, eta ez bere horretan geratu zirenak. Atzokoa gaur egunera ekartzeko, eguneratzeren bat behar da, translazioa, eta hori egiten jakin behar da. Antzezlana bere horretan uzteko, baditugu apaletan klasikoen liburuak. Irakurlea etxean testu zahar bat bere kabuz gaur egunera ekartzeko gai da, eta, askotan, ekoizpen handi batek baino egokiago egin dezake.