antzezpen kritikak
< Gizakia ala tximinoa? | Eta euria egin zen >
Hamaika Julieta eta askoz gehiago
Agus Perez
Berria, 2023-06-28
“Higa, edo nola egin traizio tradizioari”

Konpainia: Eromen. Jatorrizko testuen moldaketa eta zuzendaritza: Amancay Gaztañaga. Eszenografia, jantziak eta argiak: Eromen taldea. Antzezleak: Zestoako Antzerki Eskolako ikasleak. Lekua: Zestoako Caravan Park pabiloia. Eguna: ekainaren 26a.

      Urtero lez dago gurean Zestoako Antzerki Astea, ZAA! izenekoa bere anagraman, eta asteko lehen bi egunak hango antzerki eskolan prestatu duten Higa antzezlanaren emanaldietarako gorde dira, hain izaten da arrakastatsua ekitaldia herriko biztanleen artean.

      Amancay Gaztañaga sortzaile nekaezinak gidatu du taldea ikasturtean zehar, eta taula gainean 34 antzezlek jardun dute —emakume zein gizon, gazte zein adindu, denak harmonia ederrean—, herrikideen aurrean beldur eszenikoa uxatuz eta talde moduan erakutsiz antzerkiak barne garapenerako eta gizartearen kohesiorako dauzkan balioak. Higa izena hartu du aurtengo sorkuntza kolektiboak, baina adierazgarriagoa da haren azpi-izenburua: Higa, edo nola egin traizioa tradizioari deitu diote, eta ondo dagokio, zeren eta argumentuaren oinarrian obra klasiko ezagun batzuk egon dira, betiere eromen eran moldatuak eta eszenaratuak.

      Hasierako atala Romeo eta Julieta-ren antzezpenaren ustezko prestaketarekin hasi da, eta hala izanik, jatorrizko argumentuan funtsezkoak ziren zenbait eszena solte ikusi ditugu, une batean edo bestean bat-batean moztuta eta interpreteen komentarioekin han-hemenka hornituta. Kontua da makina bat Julieta agertu direla protagonistaren rolean, denak ere soineko zuri polit batez jantzita, eta hautu horrek sano azpimarratu duela emakumeen irudi kolektiboa, amodio erromantikoaren kontuari ironiaz heltzen zioten bitartean.

      Bigarren atalean Aristofanesen Lisistrata obraren gaurkotzea etorri da emakumeek duela hogeita lau mende gerraren kontra antolatu zuten sexu-grebaren harira. Oraingo bertsioan, ordea, ez dira gerraren kontuan zentratu eta zaintza nahiz arta lanetan jarri dute indargunea, era profetikoan ene ustez, datorren azaroaren 30eko greba feminista kontuan hartuta. Bide batez esanda, zergatik ote da hain ezezaguna gure antzokietan Antzinaroko obra hura?

      Eta hirugarren atalean autore ingelesarengana bueltatu gara Macbeth eta Hamlet-en arteko nahasketa dibertigarri batean, non multinazional batek erosi eta suntsituko baitu ondo zihoan aspaldiko familia-negozio bat. Ordea, berez istorio tristea bezain erreala izan litekeena Coen anaien odol-parodia neurrigabe bihurtu da, era guztietako konspirazioak, traizioak eta hilketak tarteko, baina pentsa dezagun azken finean Shakespeare bera ez zela batere moteldu giza krudelkerien deskribapenean.

      Gaur Kultura eta herria hizketaldia izango da, era dinamizatuan eta jan-edanaren laguntzaz, ostegunean antzerki eskolako haurren eszenaratzeak, ostiralean Artedramaren Hondamendia —azken txanpa oraingoz— eta larunbatean Mar-mar konpainiaren Tarzan. Goza dezagun egitarau polit honetaz!