antzezpen kritikak
< Patakon | Gure salbatzaileak >
Bagina 1, bagina 2, bagina 3
Maddi Goikoetxea Juanena
ehaze.eus, 2023-09-22
“Baginaren bakarrizketak”

Zuzendaria: Begoña Bilbao. Aktoreak: Itziar Urretabizkaia, Intza Alkain, Ainhoa Etxeberria. Lekua eta eguna: Donostiako Antzoki Zaharra, abuztuaren 17.

      Eve Ensler (New York, 1953) dramaturgo estatubatuarrak orain dela ia hiru hamarkada argitaratu zuen The Vagina Monologues: 1996an, hain justu ere. Ordutik, 45 hizkuntza baino gehiagora itzuli da eta ehundik gora herrialdetan eszenaratu dute. Dudarik gabe, 200 emakume ingururen esperientzietan oinarritutako bakarrizketa hau -abusu sexuala, orgasmoa, masturbazioa, eta oro har emakumeon sexualitatea mintzagai- aktibismo feministaren ikur bilakatu zen, maila internazionalean bilakatu ere. Abuztuaren 17an euskarazko bertsioa aurkeztu zuten Donostiako Antzoki Zaharrean, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean. Bigarren aldia izango da obra ezagunari euskarazko moldaketa ematen zaiona, orain dela hamahiru urte Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garaik taularatu baitzuten, zuzendari beraren gidapean. Zer behar dagoen galdetu diot neure buruari: zer behar testu bera berriro ere gaurkotasunera ekartzeko.

      Badira unibertsalak eta atenporalak bihurtzen diren testuak, Shakespeare-ren hainbat, esaterako: giza arimaren sakontasunean arakatzen jakin dutelako, giza esperientziaren muinera jotzen. Baginaren bakarrizketak obrak, ordea, biolentzia heteropatriarkalaren ispilu diren bizipenak kontatzen ditu, egun antzokian dauden gazte zein helduak barrez leherrarazi eta isilarazten dituena, maila berean. Beste testuinguru batean, halako arrakasta txalotzekoa dela esango nuke; pozgarria, liluragarria, edo inspiratzailea, bederen. Baina kasu honetan, zinez tristea iruditzen zait. Izan ere, zer aldatu da 90. hamarkadatik hona?

      Itziar Urretabizkaia, Intza Alkain eta Ainhoa Etxeberria aktoreek adin eta jatorri ezberdinetako emakumeen hitza hartzen dute, pertsonaia horiek gorpuztuz. Emakume ezkondu batek kontatzen du bere senarrari motxina depilatu zezan gustatzen zitzaiola, eta -gizonaren esanetan- depilatu ez izanagatik oheratzen zela beste emakume batzuekin. Behin utzi egin omen zion senarrari motxina -edo bulba, pikua, potota…- depilatzen, eta hark zauria egin zion nahigabe. Ostera, penetratu egin zuen, eta horrek min egiten ziola adierazten du. Gizonak beste emakume batzuekin oheratzen jarraitu zuen, azkenean dibortziatu egin ziren arte. Ez dakit hau leunago esaten, halaxe kontatu baitzuten, baina umore tonu batekin, eta pertsonaiaren emozioak -emozio desatseginak- txertatuz, noski. Izoztuta gelditu nintzen nire eserlekuan kontakizunak aurrera egin ahala: ikuslegoaren gehiengoa barrez algaraka entzuten nuen. Ezin nuen sinistu halako testigantza bortitz, mingarri eta zital baten ondotik barrea etor zitekeenik; gauza ezagun bati egiten diogun barrea, txiste bat harrapatzean bezala: “Ah, bai! Jajaja! hori”. Goragalea sentitu nuen. Beldurtu egin nintzen beste behin ere, orgasmo bat eduki izanaren plantak egindako emakumearen aurpegi aspertuari jarraitu zion koroa entzutean: “Jajajaja! Hori”.

      Nire inpresioa komentatu nion lagun bati, eta honek erantzun zidan batzuetan urduritasunez egiten dugula barre: gaiak deseroso sentiarazten gaituelako, alegia. Eta tentsioa ateratzeko modu bat da algara.

      Kronika honetan ez dut beharrik ikusten teatroa bera zentzu tekniko batean aztertzeko: halako indarra dauka gaiak, dispositiboa bera gainditzen duela.

      Antzokitik ateratzean, hasieran aipatutako galdera gelditu zitzaidan bueltaka: zer aldatu da? Eta erantzun etsitu bat: ezer gutxi.