antzezpen kritikak
< Nigandik kanpo bezala | Dogma 95 antzokian >
Sukaldariak eta zerbitzariak
Mikel Ayllon
ehaze.eus, 2023-10-12
“Festen”

Zuzendaritza eta egokitzapena: Maria Goirizelaia. Aktoreak: Egoitz Sanchez, Mikel Martinez, Lander Otaola, Ane Pikaza, Ione Irazabal, Nagore Gonzalez, Olatz Ganboa, Aitor Borobia, Kepa Errasti, Loli Astoreka. Ekoizpena: Arriaga Antzokia. Saioa: 2023ko ekainaren 6a (estreinaldia), Arriaga Antzokian.

      Has gaitezen amaieratik. Altxa gaitezen eta egin dezagun txalo. Txalo Arriaga Antzokiari, euskarazko antzerkia programatu duelako asteburuan. Ostiral, larunbat eta igande. Orain arteko programazioari begiratuta, ezinezkoa zirudien. Baina gertatu da. Ea bide luze baten lehen urratsa den.

      Bilboko antzoki publikoak produzitutako azken lana da Festen, Thomas Vinterberg zuzendari daniarraren 1998ko filmean oinarrituriko lana. Ematen du badela hor nonbait bereziki zinemazalea den programazio arduradunen bat, pandemia garaian estreinatu eta iaz berreskuratu zen Faces lanaren ondoren etorri baita hau. Aukeran, nahiago dut hori pentsatu eta ez inolako interesik ez dutela tokiko dramaturgo garaikideekin lan egiteko.

      Baina gatozen harira. Film aski ezagun bat egokitu eta taula gainera eramateko erronka hartu du talde artistikoak. Zinema lengoaia eta dimentsio eszenikora ekartzeko lan korapilatsuari ekin aurretik, ordea, bada erabaki bat hartu beharrekoa: zer kontatu nahi dugu? Horra proposamen honen herrena.

      Vinterbergek klase altuko familia baten erretratua egiten digu, gizartea gobernatzen duten aberaskumeen biolentzia eta miseria etikoa agerian uzteko. Horretarako, gertakari garratz bat erabiltzen du: familiako patriarkaren urtebetetzea ospatzeko jaian, haren hiru semeetako batek salatuko du aitak bera eta hil berri den bere arreba bikia bortxatzen zituela umeak zirenean. Ezer gertatu ez balitz bezala egiten ahaleginduko dira gonbidatu denak, baina egoera jasanezina izango da azkenean, familiaren meneko langileen bultzada ezinbestekoa tarteko.

      Arriagak aurkeztu digun proposamenean ez dago hoteleko sototik datorren langilerik. Ospakizuneko jakiak eta edariak prestatu eta zerbitzatzen dituzten pertsonaiak desagertu egin dira. Bai eta, bide batez, alabaren bikotekide arrazializatua ere, familiaren bromen jomuga eta egoera latzaren aurrean sentsibilitate doi bat erakusten duen bakarra. Hartara, nola edo hala, filmaren bertsio despolitizatu bat eskaini digute, zulo horiek efektu-kolpez estalita. Ikusleak pentsa dezake Vinterbergek behar izan ez zuen drogaren edo sexu-praktika muturrekoen erabilera gehiegizko bat dela familiaren biolentziaren iturburu bakarra.

      Eta arazoa ez da interprete falta, izan ere, hamar aktore izan baitira taula gainean. Aitor dezadan gustu izugarria ematen duela eszenatokian hainbeste aktore ikusi ahal izatea. Tartean ziren, gainera, euskal antzerkian ibilbide luzea egin duten Mikel Martinez edo Loli Astoreka, taldeari sendotasun handia ematen ziotenak.

      Denak emanda ibili dira aktoreak, zailtasun gehigarri batekin oraingo honetan: etengabe haien aurpegien lehen planoak hartzen zituen kamera, eszenografiak osatzen zuen pantailan zuzenean erakusteko. Ez da erronka txikia aldi berean kamerarentzat eta aurrean daukazun publikoarentzat aritzea.

      Hala ere, zailtasunak zailtasun, zuzeneko irudiek esanahi-geruza garrantzitsu bat eskaintzen diote obrari, Dogma 95 mugimenduarekin konexioa sortu eta filmaren eta antzezlanaren arteko solasaldia ahalbidetzen baitute. Horri esker, antzezlanaren erreferenteak biderkatu egiten dira, bereez gain, filmekoak gehituta. Gainera, detaile ederra da publikoaren bistatik kanpo gertatzen diren eszenak ere ikusi ahal izatea pantailan, batzuetan soinu eta irudien gehiegizko informazioa apur bat nahasgarria gerta badaiteke ere.

      Azken kontu amorragarri bat. Antzezlana gaztelaniara eta haren kode kulturalera ekarri da. Baina ez da gauza bera egin euskararekin. Estatu espainolekoak dira erabiltzen diren erreferente kultural (flamenkoa, kantak…), geografiko (jatetxeak Madrilen edo Bartzelonan) edo politikoak (Podemos alderdiaren aipua). Hau da, antzezlana ez da publiko euskaldunarentzat prestatu, eta nago 2024an Madrilen egingo dituzten emanaldiak zituztela buruan lana aurrera eraman dutenean. Euskaldunak beti, Festeneko sukaldari eta zerbitzariak bezala, mahaipetik afaltzearekin konformatu behar. Baita, zoritxarrez, erakunde publikoak tartean direnean ere.

      Faltan bota ditugu, beraz, zerbitzariak eta sukaldariak. Eta isiluneak. Hainbeste oihu eta dantzaren artean, are beharrezkoagoak izango ziren isiluneak. Interludioetan, eztanda handien aurretik eta ondoren, desasoseguari eta minari laguntzeko publikoarengan habia egiten. Eta eskatzen hasita, zergatik ez, giro sinbolikoagoa ere bai, sakontasunaren mesedetan, filmean bezala.