Galderak aurkitzea helburu
Agus Perez
Berria, 2023-12-06
“Badon”

Ekoizpena: Badon sortzeko kolektiboa eta AEK. Testuak: Talde sortzailea. Zuzendaritza: Marina Suarez Ortiz de Zarate. Musika sorkuntza: Patxi Suinaga eta Ines Osinaga. Kantua: Ines Osinaga. Jantziak: Julene Gregorio, Gabriel Azkoitia. Argiak: Beñat Gorroño. Bideo sorkuntza eta zuzeneko edizioa: Itziar Garaluze. Antzezleak: Xanti Agirrezabala, Ainara Gurrutxaga, Ines Osinaga, Marina Suarez, Oihana Vesga. Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Abenduak 1.

      Aurrestreinaldia Azpeitiko Antzerki Jardunaldietan izan ostean, abenduaren 1ean estreinatu da Gasteizko Principal antzokian Badon izeneko opera postdramatikoa.

      Marina Suarez Ortiz de Zaratek gidaturiko talde sortzailearen ekimenez sortutako lan hau Korrika Kulturalaren beka jasotzean aktibatu zen, eta nik uste dut azken urteotan ikusi dudan sorkuntzarik bikainena eta osotuena dela. Emakumeek euskararen transmisioan izandako rola omen zen hasierako sortze-muinean zebilen ideia, eta bai genealogiatik bai euskal kultur estereotipoetatik tiraka, orain arteko guztia auzitan jarri eta arte diziplina askotako kontakizun alternatibo eta gaurkotua proposatu digute. Badon-en webgunean deklaratzen dutenez, “ez ditugu erantzunak bilatu nahi, baina bai galderak aurkitu eta itzalean geratu diren gorputzen ahotsak plazara ekarri”.

      Arlo askotako sortzaileak batu dira proiektu garaikide honetan, eta Wagnerren ustetan —uste dut bera izan zela— ikuskizunik osotuena opera zenez, haren baitan teorikoki arte guztiak batzen zirelako, opera izendapena bururatu zitzaion taldeari, eta ni bat nator erabaki horrekin. Horrek ere nolabaiteko egitura eman dio proposamenari, opera bateko ohiko zatietan banatu baita emanaldia, bere oberturarekin, hiru atal nagusiekin eta aria eta errezitatibo banarekin.

      Aurrera jarraitu baino lehen, esan dezagun, ozen esan ere, oso zainduak izan direla elementu eszeniko guztiak —zuzeneko musika, antzezpenak, argiztapena, dantza pasarte fisikoa, testuak eta deklamazioa—, eta atzeko oihalean proiektatu diren sormenezko irudiek ez dutela ohiko betegarri hutsaren zeregina bete, parte aktiboa eta ekarpen handikoa izan direlako proposamenaren dramaturgian. Haietan ez dira soilik irudi bisualak sortu, batzuetan gogoeta poetikoak plazaratu eta, behar izan denean, hurrengo atalaren aurkezpena egin digutelako.

      Era guztietako baliabide eszenikoak erabili dira emanaldian zehar, betiere xede argi batera bideratuak eta inoiz ez zergati argirik izan ezean. Alde horretatik, berdin ikusi ditugu antzerki klasikoko baliabide eszeniko fisikoak —ze politak!— eta azken teknologiako irudi birtual proiektatuak, bola formako aurpegi hiztunen sorpresa ahaztu gabe. Antzezpenen une gorenen artean Ainara Gurrutxagaren ekarpenak nabarmenduko ditugu, hala euskara behingoz desagertzeko proposamen ironikoak bota dituenean nola burokraziaren aurreko emakumearen rol ordainezinean sartu denean. Azkenik, historiarako geratu beharko litzateke ariaren atala, non Ines Osinagak, txapelaz jantzitako hainbat lagunek jantzi eta makillatu ostean —haietariko batek apaiz jantzita—, solo hunkigarri bat burutu duen, besaulki patiotik ibili eta “utzi nazazu hiltzen, utzi nazazu joaten” sentimendu handiz abesten zuelarik.