antzezpen kritikak
< Maryren patu latza | Izan ala ez izan >
Flyschak baino geruza gehiago
Arantzazu Fernandez Iglesias
Berria, 2023-12-26
“Baginaren bakarrizketak”

Itzulpena: Inma Fiesta. Zuzendaritza: Begoña Bilbao Lejarzegi. Antzezleak: Ainhoa Etxebarria, Tania Fornieles, Intza Alkain. Jantziak eta atrezzoa: Josune Arregi. Eszenografia: La Revoltosa. Lekua: Hernaniko Biteri kultur etxea. Ekoizpena: Txalo. Eguna: abenduaren 22a.

      Eve Enslerrek 1996an idatzi eta antzeztutako Baginaren bakarrizketak obrak ibilbide luze, oparo eta, batez ere, arrakastatsuari ekin zion, lan alternatibo moduan, Off-Broadwayko HERE Art Center izenekoan estreinatu eta handik bertako Westside Theatrera salto egin zuenean. Egun, idazle feminista haren testu hau antzerki fenomenotzat jo dezakegulakoan nago. Batetik, behin eta berriro antzezten delako herrialde guztietan; eta, bestetik, belaunaldi gazteagoentzat gaurkotasuna, freskotasuna eta erakargarritasuna mantentzen dituelako. Badakizue, long seller bat, teorian, ekoizleari inoiz inon huts egingo ez dioten horietakoa, munduan zehar egileak gehitzen eta gaurkotzen dituen eszena berriekin behin eta berriro oholtzaratzen dizkiguten horietakoa.

      Gurean ere hala gertatu da, oraingoarekin bi aldiz gutxienez. Akorduan dauzkat 2011ko emanaldiak, non Aitziber Garmendiak eta Ainhoa Garainek ziharduten. Ez dakit aurretik besteren batek antzeztu duen euskaraz, ez nago ziur, ze Euskal Antzerkiaren Dokumentazio Zentroa egon ezean, gure antzezpenen historia omen-ka aletzen baitugu batzuok.

      Eta honatx hilaren 22ko kronika: Biteri antzokia leporaino beteta, ikusleak algaraka, eszenen arteko txaloak maiz —aspaldiko partez ez nuen nik horrelakorik ikusten—, gogokidetasunak bultzatutako jai giro abegitsuan aritu zen antzezleen hirukotea pertsonaia andana gorpuzten. Hirurak ondo, barregarritasuna zein erreibindikazioa edota salaketak aktibatu behar zituztenean, baina aipamen berezia eskaini nahi diot ezagutzen ez nuen Tania Fornielesi, bera euskarazko antzerkian gehiagotan ikusteko gogoz utzi gintuen eta.

      Testuak —eta antzezleen antzezpenek— dute merezimendu guztia. Lana ez da eszenografikoki batere anbiziotsua, baina ez dauka zertan. Bost errektangulu handik pareko horma okupatzen dute. Pertsonaiek bertatik euren sartu-atereak egingo dituzte disposizio frontalean jarduteko. Arropa, argiak, musika zein soinuak guztiz funtzionalak dira. Hiru hankako aulki, askoz gehiagokorik ez. Ulergarria da, stand upcomedy estilotik ondutako lana baita, edozein txokotan antzez lezakeena artista bakar batek edo aktore andanak, 2001eko emanaldian Madison Square Gardenen gertatu zen bezala. Erritmo bizia du, istorio anitzek baginari buruz deskriba daitekeen arku osoa zeharkatzen dute, alua plazeraren kokapena den neurrian, abusu zein (gerra) bortxaketarako gunea ere badela argi utzita. Askorako ematen du aluaz, motxinaz, potorroaz, pototaz, tortolaz, larrosatxuaz... mintzatzeak, ia betiereko elkarrizketarako. Badakizue, izena duenak badu izana eta, beraz, izenak (pluralez) dituenak baditu izanak, edota —atzo entzunda— flyschak baino geruza gehiago. Eta post: Ikertu V-day zer den, faborez.