Garai modernoen gatazkak
Maddi Goikoetxea Juanena
ehaze.eus, 2023-12-11
“Duzhe gaizki”

Konpainia: Amahiru. Testua: Iñaki Cid. Antzezleak: Eneritz Sanchez, Iñigo Elosegi, Iñaki Cid. Zuzendaria: Joserra Fachado. Tokia: Donostia, Daba-daba (LABOXL Jaialdia). Eguna: Azaroaren 10a.

      Amahiru Zurriola Antzerki Eskolan jaio eta orain dela pare bat urte profesionalizatzeko pausua eman duen konpainia bat da. 2022an Gaizki antzezlan laburragatik Pabellón 6 Jaialdian publikoaren saria eskuratu zuen, eta aurten, berriz, Duzhe Dobregatik “Kriseilu” saria eman diote. Programatzaileek formatu-laburreko antzezlanak antolatzeko zailtasunak ikusten zituztenez, sortuak zituzten lehenengo bi horiek elkartu eta bide eman diote Duzhe gaizki antzezlanari. Beste testuinguru batean zentzugabea izan zitekeen hau, kasu honetan zilegi eta egokia da guztiz. Izan ere, bi obrei gaurkotasuna darie, eta egungo gizartean pil-pilean dauden galderak eta problematikak planteatzen dituzte. Maitasun-eredu tradizionalak zaharkituta gelditu diren honetan, nola kudeatu bikote-harremanak? Uko egin behar al genioke monogamiari? Edota, zerk eramaten gaitu umeak izatera? Nola jakin benetan guraso izan nahi dugun? Zeintzuk dira amatasun eta aitatasun-eredu berriak?

     Klase arrakalak, arrazismoak eta matxismoak bere horretan irauten edota areagotzen dirauen honetan, zer militantzia-ereduri heldu? Nola izan ezkertiar eta feminista on bat?

     Halako larreetara egiten dute jausi krisian dagoen eta hirukote bat sortzea erabakitzen duen bikote baten historiarekin, zein amatasun subrogatua aukeratzen duen bi gizonenarekin. Iñaki Cidek ondutako testuek badute politikotik, jakina, baina eszenak egunerokotasunez eta humorez bustita daude erabat, eta Eneritz Sanchez zein Iñigo Elosegi aktoreen —Iñakiz lagunduta— freskotasunak ikuslea harrapatuko du bete-betean. Dramaturgo donostiarraren esanetan, ingurukoen esperientzietan oinarritu da testua idazteko orduan; zenbait gai gizarteratzeko grinak bultzatuta.

     LABOXL jaialdian estreinatu berri dute Duzhe gaizki, beraz, aukera izango dugu aurrerantzean emanaldia ikusteko, konpainia gazteak hurrengoa sortzeari ekiten dion artean.