Zer egiten dugu gure xaharrekin?
Gorka Peñagarikano
Argia, 2024-03-17
“Gure xaharrak”

Konpainia: Bonbon Beltz. Noiz: otsailaren 18an. Non: Oiartzungo Landetxe aretoan.

      Txotxongiloen teknika erabili dute egoitzan bizi diren zaharrak gorpuzteko. Txotxongiloek ez dute hitzik egiten, egon egoten dira, eta ez dute erabakitzeko gaitasunik. Objektuak dira, erabiltzaileak; dagoena erabiltzen dute, eta programatzen diren ekintzetan parte hartu, nahitaez. Hitz egiten duen txotxongilo bakarra egoitzatik kanpo dago, baina laster sartuko da hura ere erresidentzian.

      Kontatzeko erak lotura ederra eratzen du adinekoen egoitzek funtzionatzeko duten sistemarekin. Urtxintxa Urdinak zahar etxean, beste askotan bezala, etekin ekonomikoa helburu duen lanaren antolaketak talka egiten du harremanaren funtsezko gizatasunarekin.

      Pandemiak hainbat situazio are era basatiagoan bistaratu zizkion gizarteari, adinekoen egoitzen sistema bera kasu. Maika Etxekoparrek apunteak hartu zituen orduan, eta pandemiaren ostean gorpuztu zuen auzia. Obra honen gidoia idatzi eta antzezle lanak ere egin ditu. Eta sentsazioa ematen du, oholtza gainean hitzez adierazi ez badute ere, azpimarratu nahi zuen apunteetako bat hauxe dela: identitateak gorputz gisa ulertzen direla, eta gorputzak objektu moduan zaindu. Era zakarrean esanda: etxe honetan arau eta jarraibide jakin batzuk daude, denentzat berdin, eta ez da inor bestea baino gehiago, bat gehiago baizik.

      Txotxongilo bakoitza adineko egoitzako erabiltzaileetako bat da, baina bakoitzak du bere pertsonalitatea: isilean jarraibideak onartuko ditu batek, kexa adieraziko du besteak, libratzen ahaleginduko da ondokoa... Artalde baten moduan jokatu beharko luketen arren, artalde izan nahi ez duen taldearekin talka egingo du atentzio pertsonalik kontenplatzen ez duen sistemak. Eta, jakina, arta indibidualik ez da existitzen, langile nahikoa ez dagoelako.

      Lanean hasi berria den gaztea da Ester, gogotsu datorrena lanera eta gauzak eraldatzeko grina duena. Sistemak jango du ordea, alboan izango dituen lankideak iraganean egin bezala. Musikazaletasun handia duten bi langile daude zentroan, eta horiek beraien aletxoa horrelaxe jartzen dute, pianoa joz eta kantuz; horixe da, akaso, sistematik aldentzeko gertakaririk behinena. Ikusten da horrelakoak nola eskertzen dituzten zentroko erabiltzaileek.

      Argumentua indartzeko badira bi gako. Egoitzaren urteurrena ospatzeko festa antolatzeak halako urduritasun berezi puntua sortzen die, nobedadea izango delako errutinaren erruberan. Aldi berean, langileek kezkaz bizi dute gobernuaren azken berria: maiztasun handiagoko osasun-inspekzioak. Egoitzaren arduradunak ezinegon handiz bizi du egoera. Langile gutxiegi ditu eta baldintza prekarioetan gainera, baina badirudi ezin duela beste ezer egin.

      Auzia horixe da: egoitza kartzelarioak sortu dituela sistemak, eta bertako langileen egoera bezain prekarioa dela eskaintzen den arreta. Horretara doa galdera: zer egin xaharrekin, haiekin ala haiek gabe?