Autore teatroa
Jaime Valverde
Gara, 2015-01-29
“Barealdi magikoa”

Testua eta zuzendaritza: Alfredo Sanzol. Taldea: Ttantaka Teatroa eta CDN. 2015-01-29, Arriaga Antzokia (Bilbo).

      Barealdi Magikoa Ttantaka Teatroak Espainiako Centro Dramático Nacional-arekin egindako ekoizpena da. Alfredo Sanzol zuzendari entzutetsuak sinatzen du testua eta zuzentzen du taularatzea. Neurri batean endredozko komedia bat dela esan daiteke, mongi psikoaktiboen laguntza preziatuari esker, tarteka tonu surrealistan barneratzen dena.

      Kontaketaren muina protagonista obsesibo eta ezdeus bat dugu, bizitza osoan antzerkian ibili ondoren bulego batean lanean hasi nahi duena. Guztiaren gainetik mutil honen eta duela gutxi zendutako aitaren erlazioa dago. Aspektu horiek duten oinarri autobiografikoa nabarmena suertatzen da eta baldintzatzen du obra. Estruktura dramatikoak bere aitarekin bakean uzten duen eszena katarsiko batera garamatza; kontua da eragin katarsiko horren jomuga autorea bera dela, eta ez ikuslea.

      Gainontzekoan, gaitasun handiko esku bat antzematen da istorioa eta elkarrizketak harilkatzen. Izan ere, uste dut trebetasun horrek galarazi diola autoreari autozentsura behar bezala baliatzea une batzuetan, beharrezkoak ez diren esaldiek gehiegi luzatzen baitituzte eszena asko.

      Edonola ere, Ttantakakoek ohiko txukuntasunez bete dute lana. Oso maila altuan aritzen dira bost aktoreak, konfliktoetatik egoera barregarriak egokiro sortuaz, eta giro surrealistatik oso pertsonaia gizatiar eta hurbilak ateraz. Horri esker, publiko zabalak komedia entretenigarri baina tarteka oniriko bat kausituko du.