Pedriatrak ere gomendatzeko modukoa
Jaime Valverde
Gara, 2015-12-03
“Futbolariak eta printzesak”

El Carmen aretoa, Bilbo, 2015-12-03. Zuzendaritza eta testua: Galder Perez. Aktoreak: Olatz Pagalday eta Jon Zubiaga (Osoron).

      Euskal antzerkiari dedikatutako txoko honek dituen gabezien artean, nabarmenetakoa da umeentzako teatroari orain arte lekurik eskaini ez izana. Tira, esan dezagun hobeto familientzako antzerkia, komentatuko dudan Eidabe konpainiaren obra ume zein helduei zuzendua baita.

      Aitortu behar dut hasiera batean konplikatua iruditzen zitzaidala obraren gaia, alegia generoa eta sexismoa, umeei era atsegin batean erakustea. Baina berehala erakutsi dute taldekoek askotan konplexutasuna helduok jarria dela berez sinpleak diren asuntoetan. Azken finean, parekidetasunaren afera galdera soil batean labur daiteke: zergatik ezin dira jolas berberetan ibili neska eta mutilak?

      Obrak tonu xamur, bizi eta izugarri dibertigarria du. Nabaria da Eidabek umeen aurrean garatu duen eskarmentua, naturaltasun handiz baliatzen baitute txikitxoek maite duten umorea eta, aldi berean, oso kontuan izaten dute beraiekin dauden helduei ere ikuskizun atsegin bat eskaintzea.

      Besteak beste, asko gustatu zaizkit ekintza dramatikoa animatzen duten abesti mitikoen bertsioek. Euskaraokeko errepertoriora pasatuko ahal dira, propio sortutako letrekin parekidetasunaren himnoak diren kanta hauek!

      Galder Perezen testua ere nabarmentzekoa da: pertsonaia erreal eta maitagarriak erakutsi ez ezik, euskara aberats baina aldi berean jator eta ulerterraza darabil. Sexismoaz gain, umeen garapenean oso kaltegarriak diren beste aurreiritzi asko seinalatzen ditu obrak, betiere dibertsioaren eta pedagogiaren arteko orekari eutsiz. Umeen —eta helduen— osasun mentalerako, beraz, ezin hobea.