antzezpen kritikak
< Lur planetan astronauta | Zaharrak berri >
Geure amen ikasbidea
Jaime Valverde
Gara, 2016-02-18
“El Florido pensil”

Arriaga Antzokia, 2016-02-18. Taldea: Tanttaka. Egokitzapena: K. Diaz de Rada. Zuzendariak: F. Bernués eta Mireia Gabilondo, N. Arnedo. Aktoreak: L. Astoreka, G. Beitia, T. Calo, E. Irureta eta I. Lazkano.

      Andres Sopeñaren liburuan oinarritzen den El Florido Pensil Tanttakaren arrakastarik handienetakoa izan zen bere gizonezko bertsioan. Hura ikusi ez nuenez ez daukat konparatzeko, baina edozelan ere esan beharra daukat emakumezkoen aldaera hau lan borobila dela.

      Teatro makineriarik onena martxan jarriaz, eskola frankistara garamatza obrak. Erritmoa bizi-bizia da eta aktoreak koru lan aparta betetzen dute, bide batez pertsonaiaz eta erregistroez iaiotasun itzelez aldatzen. Dinamikotasun izugarrizko eszenak lortzen dituzte, zuzendaritza lan handia agerian utziaz eta publikoari ikuskizun zoragarria eskainiz.

      Miresten nau, besteak beste, nola uztartzen dituen obrak hezkuntza sistema haren oinarri patriarkal eta zapaltzaileen testigantza eta belaunaldi baten haurtzaroaren kontaketa xamurra, umoretsua eta nostalgiaz beterikoa.

      Gainera, bitxia dirudien arren, ez zaio gaukotasunik batere falta. Aktoreek berek iradokitzera ematen duten moduan, hezkuntza patriarkal horretan du jatorria hein handi batean egungo gizarteak oraindik pairatu behar duen indarkeria matxista.

      Are gehiago, antzezlanak erakusten duen eraikuntza ideologikoa da gaur egun estatu osoan gotortu dena eta, irakaslearen erregela erabili beharrean, sentimendu erlijiosoen kontrako delitu delakoa baliatzen duena disidentzia oro isilarazteko, izan arte erakusketak, olerkiak edo manifestazio baketsuak.