antzezpen kritikak
< Lakoste | Oymyakon, 101 gela >
Gauden tokian
Agus Perez
Berria, 2021-10-01
“Naon Tokin”

Konpainia: Dejabu Panpin Laborategia. Zuzendaritza artistikoa: Ainara Gurrutxaga, Miren Alcalá, Arrate Rodriguez, Urko Redondo, Carlos Ndungmandun. Soinu-espazioa: Ander Mujika. Argiak: Dejabu eta Loveo (Miriam Ubanet, Ana de Graça). Antzezlea: Imanol Espinazo. Lekua: Errenteriako liburutegi zaharra. Eguna: 2021eko irailaren 10a.

      Eztena jaialdiaren barruan estreinatu zen Naon tokin, aurtengo ekainean, baina leku mugatuak zirela eta, ezin izan nuen orduko hartan ikusi. Zorionez, eta zalantzarik gabe, lanaren kalitatea dela medio, irailean ere izan dira pieza berezi honen hainbat emanaldi baina, seguruenik, berriz ikusgai izatearen zioa bai ingurune artistikoetan bai herritarrengan sortutako jakinguran bilatu beharko genuke.

      Hasteko eta behin, izenburuak berak xarma berezia dauka berez, hori ezin uka. Niri behintzat lehen begiradan, eta bigarrenean ere bai —zergatik ez— japonierazko hitzak iruditu zitzaizkidan, eta beranduago haien esangura harrapatu nuen arren —ezin esan, gero, azkar-azkarra naizenik—, beti geratu zait hasierako exotismo puntu hura, eskualdeko ahoskeraren idatzizko translazio dialektalak nigan oraindik gainditu ezin izan duena.

      Denok dakigun bezala, honezkero Dejabu Panpin Laborategia talde beteranoa da euskarazko antzerkiaren alorrean eta, bere izenak dioen bezala, aktoreez gain, panpinak eta beste era askotako objektuak dira beren muntaien errotiko parte. Beren lan enblematiko bat gogoratu beharko bagenu, Gure bide galduak eta Arrastoak etorriko litzaizkiguke burura, lehena Donostia Antzerki Sariaren irabazle izan zena, merezimendu osoz, gainera. eta bigarrena EHAZEk argitaratu zuena eta Ainara Gurrutxagaren dramaturgia ohar poetikoengatik balio handikoa dena. Bestalde, ezaguna da Artedramarekin eta Le Petit Théâtre de Pain konpainiarekin izandako kolaborazio jarraitua, beste marabilla eszeniko batzuk ahaztu gabe, jakina, hala nola Idazlea zeu zara… eta Linbo planeta besteak beste. Oraingo honetan, ordea, eta beti bide berriak esploratzeko duten joeran beste pauso bat emanda, hiru solairuko eraikin oso batean garatzen den eta antzezle fisikorik ez duen esperientzia bat planteatu digute Naon tokin estralurtar honen bidez.

      Zer da, hortaz, Naon tokin? Antzezlan esperimental bat?, site specific bat?, hiri esku-hartze bat?, arte-instalazio bat? Azken kontzeptu horren muinean ez naiz ni barneratuko, baina bai gomendatuko Garazi Ansa arte kritikariak Berria egunkarian argitaratutakoa (Udan ere elurra egin dezakeen lekua, 2021eko irailaren 14an). Argi dago, bestetik, antzezlan arrunta izateko guztia falta zaiola, baina, pentsatzen hasita, nork behar du antzezlan arruntik? Esperimentala, orduan? Agian bai, kontuan izanda XX. mendearen erdialdeko antzezlan batzuetan etxebizitza edo eraikin bateko gela eta espazioetan gertatzen ziren ekintza eszenikoetatik igaro behar zela ikuslea, Naon tokin-en gertatu bezala. Estilo horretako bat gogoratzearren, Chusma taldeak Errekaldeko Kukutza gaztetxean (Bilbo) egindako Pressioa etortzen zait burura: hark ere site specific kutsu nabarmena zeukan, hainbat solairutako eraikin industrialera egokitua sortu zelako. Kontrako erara, eta hiri esku-hartzea zer ez den adibide bezala, Bilboko BAD jaialdian izandako pieza bat gogoratzen dut: Unamuno plazako metrokorako lurpeko pasabide batean gertatzen zen, eta ekintza ustez eszeniko hartatik gogoratzen dudan bakarra da antzezleak zinpeko guardiez eta plastikozko segurtasun zinta batez inguratuta zeudela, ikusle ibiltarien eta haien arteko edozein kontaktu edo harremana eragotziz. Horrelakoak dira gure agintarien kultura eta estilo demokratikoa.

      Buelta gaitezen, ordea, Naon tokin-era, hau da antzezlerik gabeko esperientzia sentsorialera, horixe baita duda barik arima ukitzen digun produktu fin eta sarkor hau hobekien definitzen duen etiketa —bide batez, esanda, kritikariok beti etiketa bila—. Harrera abegikor baten ostean, eta audiorako kaskoak jantzita, gelarik gela ibili gara taldea osatu dugun bost bisitariok liburutegi zaharreko eraikinean zehar, bere eskailerak, gordailu gelak, kanpoko patio txikia eta galdara gela, era poetiko, oniriko eta gogoetatsuan ibili ere une oro. Ahotsek eta soinu-bandak ederto girotu dute ibilbidea eta, argi-diseinu miresgarria lagun, era askotako esperientzia laburretatik igaro gara, orain uda betean elurra jasotzen, orain gurekin bat etor zitekeen pertsonaia txiki-txikia aukeratzen eta poltsikoan sartzen, orain hura bera irla idiliko batean uzten, orain bizipozarekin orain zahartzaro eta heriotzarekin kontaktu emozionala izaten…

      Leku bakoitzaren girotzeak —azken xehetasuneraino zaindutako maketak, objektu esanguratsuak, metafora bisualak…— eta ibilbide osoari emandako erritmo neurtu baina lasaiak mundutik kanpo egotearen sentsazio paregabea utzi digute, gure ametsen esferatik hurbil eta gure arima unean uneko arazte prozesu samur baina intentsuan murgilduta. Aparteko esperientzia izan da, benetan, eta kalera irten ostean sentitu dugu egon behar ginen tokian egonak ginela, bihotza eta gogoa biziberrituta generamatzala.