antzezpen kritikak
< Harrizko herrien goratzea | Ezkontzen dena >
Sakon eta konprometitua
Agus Perez
Berria, 2020-11-12
“Ez dok ero”

Konpainia: Tartean. Egilea: Patxo Telleria. Zuzendaritza: Jokin Oregi. Musika: Adrian Garcia de los Ojos. Jantziak: Nati Ortiz de Zarate. Argiak: David Rodriguez. Antzezleak: Mikel Martinez, Patxo Telleria. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 10.

      Honezkero beren estiloari agortuta eta modaz pasata iritzita, hemendik aurrera antzerki “sakon eta konprometitua” egitera konprometitu dira Mikel Martinez eta Patxo Telleria Ez dok ero antzezlaneko une batean. Hala ere, inork ez dezala sinistu ez beren estiloaz ez hartutako konpromisoaz esan dutena, ikusleek eroetxe batean aurkituko dituztelako bi lagunak, zuriz jantzita eta besoak mauka luzeko alkandorek lotuta.

      Ordea, laster askatuko dute beren burua hertsidura horretatik, eta orduan hasiko da Euskal Herriko leku enblematiko batzuetatik egingo duten ibilaldi burugabea. Izan ere, Mikel Martinezek burua galdu omen du hainbeste antzerki-liburu irakurri eta gero, eta abentura segida batetik gidatuko gaitu On Kixoteren antzera, Patxo Telleria Santxo Panzaren alter ego-aren rolean sartuta eta biak ala biak haien imitazio zurrunetatik libre kokatuta.

      Esan bezala, beren bidaian zehar hainbat leku bisitatu eta hango ohituren kontura egin dute barre gurekin batera —Durangoko Azoka, Zuberoako maskaradak, Donostiako danborrada…—, eta beste batzuetan euskal literaturako izen batzuetan oinarritu dira beren umoreari ekiteko —Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Joseba Sarrionandia…—, baina hasierako eta amaierako pasarteetan hitz jokoetarako trebezia erakutsi du berriz ere Telleriak Txano Gorritxo-ren ipuina Euskal Herriko herrien izenekin azalduta hasierakoan, eta a bokala baino ez duten hitzak baliatuta amaierakoan.

      Ikusten denez, ez da aldaketa handirik izan aspaldiko bikote artistikoaren estiloan, are gehiago kontuan izanda beren aurreko lan batzuetako zatiak agerian berreskuratu dituztela lan honetarako —Lingua Nabajorum, Tabernaria…—, baina hala ere, esan daiteke pauso bat aurrera egin dutela bai kontakizunen garapenean bai elementu eszeniko txikien erabileran. Arlo horri begira, eszenatokitik sakabanatuta zeuden liburu handiek eta bideo-pantailek joko polita eman dute eszena batzuetan, eta nolabaiteko dinamismoa gehitu diote solasaldietan oinarritutako dramaturgiari.

      Bestalde, aukera honetan sano areagotu dute beren buruari irri egiteko ohitura, euren antzezle ezaugarriak ere barregarri utziz, beldurrik gabe gainera. Bide beretik, mamitsua izan da kritikariaren figura estereotipatuari eskainitako pasartea, eta nik behintzat asko gozatu dut horretan. Ikusleen barreak ere entzun dira hainbatetan emanaldian zehar, eta amaierako txaloen hirugarren aldian haietariko gehienak zutik eta guzti jarri dira.