Zu hemendik ez zoaz
Agus Perez
Berria, 2020-07-21
“Birritan bortxatua”

Konpainia: Aldatzen Laguntzen. Testuaren itzulpena eta zuzenketak: Idurre Zugazagasti, Beņat Esnaola. Argiak eta soinua: Factory logistika (Egoitz Zelaia). Antzezleak: Saioa Royo, Ion Martinez. Lekua: Usurbilgo ikastola. Eguna: Uztailak 18.

      Zu hemendik ez zoaz”, esan dio gizonak emakumeari, atea zarratu eta giltza ezkutatzearekin bat. Une horretatik bihurtu da Mikel ageriko bortxatzaile, bere sexu egarria beste edozein kontsiderazioren gainetik jarrita. Ordura arte bi lagunen arteko zirriak eta musuak zirenek jolas izateari utzi, eta Nagoreren amesgaizto bilakatuko dira, bere bizitza betirako hondatuz, teorikoki laguna zenaren bortizkeria matxistaren erakustaldi bortitzenaren ondorioz.

      Aldatzen Laguntzen-eko kideek emakume bortxatu gehienek salaketa jartzean eta geroko prozesu judizialean jasaten duten epaiketa mediatiko, sozial eta juridikoaren gurutze-bidea bildu dute Birritan bortxatua honetan, eta izenburuak ezin hobeto islatzen du haien trantzea.

      Emanaldia hasi aurretik eszenaren erdian zegoen Nagoreren pertsonaiari bizia eman dion antzezlea —Saio Royo—, aulki batean eserita eta denon ikusgai, horrelako kasuan dauden emakumeen egoera emozionala ezin hobeto sinbolizatuz. Eremu eszeniko karratuak boxeo-ring baten forma hartu du subliminalki, eta ikusleok haren inguruan jesarri gara, biktimaren gaineko presio soziala nolabait gure gain hartuz. Argiak ere lau erpinetatik etorri dira, goitik, eta albo bitan kolore aldakorreko foku bana egon da lurrean. Diskoteka girorako eta beste kontu batzuetarako bestelako led argiak baliatu dituzte, eta finean oso baliabide xumeekin egindako argi diseinuak rol esanguratsua jokatu du dramaturgiaren alorrean.

      Elementu eszenikoak ere urriak bezain baliagarriak izan dira —lehen esandako aulkia eta mahai bat baino ez—, eta haiei —mahaiari bereziki— etekin polita atera diete emanaldian zehar. Bestetik, esan beharra dago Ion Martinezek berak kontrolatu dituela argiak eta off-eko ahotsak, gizonezkoen pertsonaia guztiak antzezteaz gain. Izan ere, off-eko ahotsen bidez jakin dugu biktimak, fiskalak eta akusatuaren defentsak zer pentsatzen zuten beren baitan, eta ezusteko ekarpen horiek oso aberasgarriak suertatu dira horrelako prozesuetan benetan zer gertatzen den jakiteko.

      Alde horretatik, esanguratsua da jakitea emakume bortxatua “salatzailea” dela prozesuan, eta gizon bortxatzailea, “salatua”. Horrek asko esaten du berez, baina gero datoz emakumeari egindako galdera interesatu lotsagabeak —”Zein adinekin hasi zinen harreman sexualak izaten?”, esate baterako— eta xehetasun morboso bila datozenak —”Deskribatu zehaztasunez zelakoak ziren zure musuak”—. Amaiera aldera, eta guztiaren laburpena egin nahian, kate sentsazionalista bateko kazetari batek emakumeari galdetu dio nola sentitu den epaiketa amaitu ostean. Erantzuna jakin nahi duenak Birritan bortxatua ikusi beharko du.