antzezpen kritikak
< Komediak eta dramak | Hirurak bat >
Jende askoren zoriona
Agus Perez
Berria, 2009-05-12
“Miserableak”

Konpainiak: Bergarako Musika Eskola eta Bergarako Orkestra Sinfonikoa. Zuzendari artistikoa: Valen Moñux. Musika zuzendaria: Alfredo Gonzalez Chirlaque. Euskaratzea: Mikel Moñux, Pello Txintxurreta, Rafa Sanchez. Lekua: Hondarribiko Hondartza kiroldegia. Eguna: Maiatzak 9.

      Une jakin batean erabateko isiltasuna sortu da Hondarribiko Hondartza kiroldegian, argiak amatatu dira eta hizketan zeuden ikusleek arnasari eutsi diote. Bergarako Orkestra Sinfonikoko musikarien aurpegietan ere nabaria zen emanaldiaren aurreko urduritasun naturala, eta orkestra zuzendariak hasiera eman arteko isilune horretan denen aurpegietan ikusi da ordura arte eutsitako emozioa. Izan ere, emanaldi hau eta martxoan Bergaran eman zirenak 1994ko estreinaldi miresgarri haren errepikapena dira, eta seguru nago ikusle asko, ni neu bezala, egun hartako zirrara berpiztu nahian etorri direla.

      Miserableak-en musikaren lehen konpasekin hasi da emozio sakon hori askatzen, bideratzen, gu guztiok inguratzen, eta zeregin horretan garrantzi handikoa izan da orkestraren soinu enpastatua, jatorrizko melodien inspirazioarekin guztiz bat zetorrena. Gainera, lehen abestiak etorri direnean, agerian geratu da kantarien prestakuntza, bai solo eta duo zoragarrietan bai abesbatza osoaren pasarteetan. Ikusten denez, Miserableak paregabe honek garbi frogatzen du Bergarako Musika Eskolaren 25 urteak ez direla alferrik eman.

      Alderdi eszenikoei dagokienez, ostera ere ikusi dugu orduko dramaturgia eta moldaketa guztien egokitasuna: eszena gehienetan soiltasun estetikoa nagusitu da, dekorazio-elementu gutxi batzuk erabiltzen baitira, ikusleen arreta interpreteengan zentratzeko argi eta jantzi ikusgarrien bidez. Horrela izanik, koadro plastiko politak osatu dituzte abeslari-antzezleek, poesiaz edo dramaz beteak batzuetan eta epikaz zipriztinduak besteetan. Soiltasun eszenikoak ere asko lagundu du eszenen arteko aldaketetan eta, gainera, tarte horietan ezkutuko ahots batek jatorrizko narrazioaren bide korapilatsuetatik gidatu gaitu. Kiroldegian atondutako agertokia, ordea, txiki geratu da konpainia osoko eszenetarako, batez ere kontuan izanda guztira berrogei bat umek eta berrogeita hamar bat nagusik parte hartzen dutela ikuskizunean.

      Emanaldia amaitutakoan lehertu egin da ikusle guztien eskerrona: hamabost minutuz egon gara txaloak jotzen, eta azkeneko kantaldia bizpahiru aldiz errepikatu dute orkestrak eta abesbatza osoak. Bis haietatik, aldiz, musikaren edertasuna baino gehiago artista guztien zoriona gogoratuko dugu beste ezeren gainetik.