Elkano: zeinen eredu?
Amaia Lekunberri Ansola
Argia, 2019-04-08
“Mundubira. Elkano, primus”

 

      Argiak itzali eta fokuak piztean, Getariako marinelaren balentriez ezezik, haren ekintza kriminalez mintzo den antzezlanarekin egin nuen topo. Magallaesen espedizio famatutik hiru urtera, 1525ean, Indonesiako Molukak uharteetarantz abiatu zen ontzian kokatzen da istorioa, Elkano (Iņigo Araburu) hil urren eta eldarnioak hartuta dagoela. Ondoan du Juan de Zubileta (Xabi Ortuzar), Magallaesen espediziotik bizirik itzulitako itsas-mutil barakaldarra, lehorreratzean izango duen bizimodu erosoarekin amets egin eta aurreko espedizioaren heroikotasuna etenik gabe azpimarratzen duena. Baina Elkanok, bere ekintza ilunenak aitortuz, Zubiletaren kontakizunak belzten ditu: bidean aurkitutako herrialdeen zapalkuntza, bertokoen hilketak, esklabotza, bortxaketak… Jaungoikoaren izenean krimenak egin zituztela, itsasoratutako bost ontziak gerrarako tresneriaz gainezka zihoazela eta Mediterraneo itsasoko urak, bere eskuak bezala, odolez tindaturik daudela aitortzen du marinelak, bere azken hatsetik hurbil.

      Aitorpenak aitorpen, bere bertsio heroikoari eusten dio Zubiletak: Elkanok bere izena zenbat eta gehiago zikindu, haren figura geroz eta idilikoagoa indartzen du barakaldarrak. Getariarra bere senera etorrarazten saiatzeko asmoz —edo, nondik begiratzen den, haren irudi garbiari eusteko— Elkanok Espainiako Erregeari idatzitako gutuna ahots goran irakurtzen du. Elkanok, baina, ez du arestian esandako ezer gezurtatzen, eta esandakoa berretsiz hiltzen da.

      Antzezpenari dagokionez maila onekoa den obrak badu ikusle honen begietara hutsune bat: historia kontatzeko era. Iruditu zait espedizioaren alde ilunenak ageriko egiteak objektibotasun itxuraz jantzi nahi duela antzezlana. Ispilatze bat. Bere onean zegoenean getariarrak harro idatzitakoak eta errealitatearekiko nozioa mantentzen duen barakaldarraren testigantzak kontrajarri ezkero eldarnioak jota dagoen gizajo baten esanekin, egun arte ofizialki gailendu den getariarraren figura heroikoa bultzatzen delakoan nago. Elkano gaizkileari Elkano heroia gailentzen zaio beste behin. Eta heroikotasun zantzu txikiena tartean den heinean, nork eta Espainiar Inperioaren mesedetara jardundako kolonizatzaileak, norbaiten eredu izaten jarraituko du. PPko buruzagi Pablo Casadorena, kasu, baina ez zapalkuntza-sistema orotatik libre den herri bat ortzi-mugan dugunona. Zenbaitzuon memoria historikoan Elkanok ez duelako —edo ez lukeelako izan behar— ohorezko tokirik, Haika Mutil eta Oh Pello Pello abestien biolin-doinuz lagunduta ere, espainiar konkistatzaile itxura izaten jarraitzen baitu.