antzezpen kritikak
< Gure antzerkia | Kita bat Herioarekin >
Bizitzak ez du ezer balio
Alejandra Goikoetxea
Argia, 2016-12-11
“Ladydi Garcia”

Aktoreak: Dorleta Urretabizkaia, Klara Badiola, Aitziber Garmendia, Amaia Irazabal eta Iņake Irastorza. Ekoizpena: Ados Teatroa. Players for the stolen nobelaren egokitzapena da. Gidoia eta zuzendaritza: Garbi Losada. Non-noiz: Azaroaren 4an, Elorrioko Arriola Antzokian eskainitako emanaldia.

      Gizonik gabeko lurralde batean bizitzea, ametsik gabeko gau batean lo egitea modukoa dela dio Ladydi Garcia Martinezek bere kontakizunean. Bizitzak ez omen du ezer balio, ez behintzat Ladydi eta bere ama bizi diren Mexikoko Guerrero estatuko herrixka honetan. Beldurrez, narkoek herriko neska politenak noiz bahitu eta eramango dituen, bizi da neskato mexikarra, 10 urte bete ostean eskolara mutilez jantzita joan behar duen umeak.

      Aktoreak taularatu orduko, emakume ahots baten melodia gozoak Mexikora gerturatzen du ikuslea. Iluna da taula gaineko dekoratua, Aitziber Garmendia aktoreak antzeztutako Ladydi 12 urteko neskatoaren bizimoduaren parekoa. Hasierako iluntasuna burdin hotsak hautsi du Elorrioko Arriola Antzokian.

      Istorio indartsua eta gordina, hasieratik bukaerara sorpresaz betetakoa. Iņake Irastortzak antzeztutako ama kementsua, eta protagonistaren hauspo izango diren kide zoro, desesperatu, samindu, gogor eta alaiek bukaerarako ikuslearen begirunea eta miresmena lapurtuko dituzte. Ederra da gutako askorentzat entzuna den “heriotzaren trena” edota “la bestia” izena duen trenaren bizipenak Amaia Irazabalek antzeztutako Lunaren ahotik entzutea. Baita berarekin batera, miseria eta gosea atzean laga, eta AEBetara iristean zoriontasuna lortzearekin amestea ere. Gogorra aldiz, amets horrekin batera norberaren zati bat ere bidean geratzen dela ikustea.

      Gizonezkoen ausentzia nabarmena da antzeztokian, Garciatarren etxean eta Guerreroko herrixkan legez. Istorioan gertatzen den moduan taula gainetik ere gizonezkoek mugaz beste aldera ihes egin dutela dirudi, bizitza hobe baten bila, narkotrafikotik eta bizitza galtzeko arriskutik urrun. Ausentzia horrek indarra ematen dio Jennifer Clementen Prayers for stolen nobelan oinarrituta eraikitako ikuskizunari, emakumeen bizipenak gertuago bizi baititu modu horretan ikusleak.

      Antzezlana bukatu eta antzokian bildutakoen txalo zaparradaren ostean, hausnarketarako abagunea zabaldu da. Euskara hutseko antzerki honek ikuslea AEBetako mugara eramaten du, mexikar doinuko erreferentzia bakanekin eta lekuan kokatzeko beste faktore guztiak egoki erabiliz. Fikziotik eta errealitatetik zenbat daukan ez jakin arren, narkotrafikoa, emakumeen arteko elkartasuna, haur lapurtuen afera, mugaraino eramandako txirotasuna… gertutik ezagutzeko aukera ederra eskaintzen dio ikusleari.