antzezpen kritikak
< Bonbez eta gezurrez | Mina ala ezereza >
Pentsatu, ez sinestu!
Mikel Asurmendi
Argia, 2011-04-17
“Errautsak”

Taldeak: Le Petit Théâtre de Pain, Artedramak eta Dejabu

      Belaunaldi baten errautsak eleekin iragarri ziguten obra, Luhuso herrian estreinatu zutenean; iragan azaroan. Areago, adierazi ziguten egin gabeko iraultzen hileta festa zela: sei pertsona eta hil-kutxa bat, Odei laguna barne. Iragan martxoan, Hendaian eman zuten. Anartean, Donostiako Antzerki Saria jaso du Errautsak antzezlanak, eta jokalariek errautsak aireratzen segitzen dute herriz herri. Arrakasta handiz gainera.

      Belaunaldi bakar baten errautsak baino, erran nezake, obra honetan zenbait belaunaldirenak haizatzen direla. Hirurogeigarren hamarkadako seme-alaba hauen gurasoek piztu zuten sua. Eta, belaunaldiz belaunaldi, erraustutako belaunaldi horren ondorengoetan ezpaltzeko zurik ez ote den gelditu, erran nezake. Bego!

      Sekula ez da berant. Greziarren Fenix Hegaztia antzo, euskaldunon Arrano Beltza berpiztu liteke errautsetatik. Fenixa bostehun urte bizi ondoren berpizten zen. Zer dira bizpahiru belaunaldi errausturik Nafarroako Erresumaren gainbeheraz geroztik. Bego!

      Guztiarekin ere, zorionak obra hau asmatu eta jokatzen duzuenoi. Zorionekoak, jendarte kirrinkari baten erretratu zintzoa egin duzuelako. Nahaspilatutako jendartea konplexurik gabe agertzen duzuelako. Askotan —sarritan maiz ardura usu— elkar entenditzen ulertzen endelegatzen ez den euskaldungoa agertu duzuelako zinismorik gabe —edota zinismo handirekin—.

      Hombre, ez dugu elkar aditzen. Bistan da, klaro eta noski.

      Guztiarekin ere, konparazione eta berbarako, Hendaiako Hendaitz gazte taldearen “Pentsatu, ez sinestu!” lemaren ildoan, beharbada gureak ez du oraindik egin —ez da guztiz erraustu— eta jaio(ko) dira berriak. Agian antzinako Grezia Euskal Herria berrian berpiztu liteke. Oxala! Obrak eta antzerkigile hauek —eta beste batzuek ere— merezi dute-eta. Odei eta bere lagunen aurreko belaunaldiak kantatu zuen bezala: “Euskal Herria ez dago hilda, Euskal Herria bizi da” erraten dut, prefosta.