antzezpen kritikak
< Euskal antzerkiaren termometroa | >
Sinplekeria
Imanol Agirre
Euskaldunon Egunkaria, 1990-12-15
“Baso miresgarria”

Taldea: Gasteiz antzerkia. Egilea: Luis Mantilla. Itzulpena: Joseba Gorostiza. Zuzendaritza taldea: Patxi Ardanaz, Ana Lucia Billante, Carlos Gil, Joseba Gorostiza. Musika: Iņigo Saez. Eskenografia: Jose M. Vaquero. Aktoreak: Olga Bikarregi, Jon Gabella, Ane Garmendia, Kandi Gomez, Josema Gonzalez, Oskar Perez, Iņigo Saez. Abenduaren 11n, Azpeitian; Zelaitxo antzokian 15:00etan.

      Ilusio handiz estreinatu du euskaraz antzeztutako bigarren montaia Gasteiz taldeak. Aktore eta aktoresa gaztez osaturik Arabako talde honek Azpeitiako Topaketak aukeratu ditu umeentzako lan berria aurkezteko. “Baso Miresgarria” izeneko antzezlana natura babestearen aldeko kantu bat da. Istorioa sinplea eta erraza izanik, konnotazioz beterik dago, behin eta berriro Leizarango autobiaren arazoa gogora eraziz. Luis Mantilla idazle donostiarraren gidoia zuzena da. Ez dago irudimenarekin jolasteko aukerarik, baso miresgarriaren istorioa argiegi azalduz. Umeak inozoak ez dira, beraz lan hau laburregi gertatuko zaie. Oraingoan, antzerki teknika desberdinen bilkura aurkeztu ziguten gasteiztarrek. Argi beltza, maskarak eta panpinen erabilpenaz gain istorioaren narrazioan bideoak hartzen du parte. Bideoaren pasarteek lanaren erritmoa hautsi arren, umeen erakarpena erabat lotu zuten. Sarritan, bideoak antzerkia gainditu zuen, antzezlanaren eszenaratzean hutsune ugari erakutsiz.

      Teknologia berriekin batera, ikuskariaren musika eta kantak zuzen zuzenean aritzen dira baina akats teknikoek ez ziguten erakutsi eszena musikalen kalitatea. Aipatu, bukaerako “rap” kantei itxura ona hartu genion. Hala ere, entsaio ugari falta zirela nabaria izan zen.

      Zenbait eskenetan umeen parte hartzeak protagonismoa hartzen du baina aukeratutako parte hartze bideak sinpleegiak iruditu zitzaizkigun telebistako ume saioetan erabiltzen diren horietakoak, hain zuzen ere. Esan bezala, Arabako talde honen antzezlan berriaren aurkezpena ez zen oso fina izan. Dena den Baso Miresgarria antzezlanean aurreko lanetan izandako euskararen erabilpen kaxkarra zuzendu dute gehien bat. Honez gain, miresgarria da ere antzezlanaren montaketa euskara hutsean izatea. Laster, erdarazko bertsioa lantzen hasiko dira.