Gozamena
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1991-12-07
“Marxkarada”

Titulua: “Marxkarada”. Taldea: Markarada. Aktoreak: Patxo Telleria, Mikel Martinez, Inazio Tolosa, Marife Berrojalbiz. Zuzendaria: Karlos Panera. Antzokia: Dominical Aretoa. Herria: Durango. Egunak: Abenduak 7 eta 8. Iraupena: Ordu eta laurden.

      Asteburu honetan Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka dugunez, azokatik irten ondoren Maskarada taldea ikustera hurbil gaitezke “Dominical Aretora”. Ikustera baino gozatzera. “Marxkarada” lanarekin hasieratik bukatu arte gozatu egiten dugulako.

      Marx anaiak pertsonaiengan oinarritutako lana egitea apustu ausarta da, jakina. Izan ere, “Marxkarada” ezagutu baino lehen horrelako lan bat “ikustea” nahiko zaila iruditzen zitzaidan, baina “Harrizko Aresti hau” edota “Gaztibeltzaren karabinak” antzeztu dituen taldeak erraz gainditu du proba.

      Taldearen hamargarren urtemuga ospatzeko iaz kaleratu zuten lan honetako eszenografia oso leuna da eta horrela aktoreen papera gehiago nabaritzen da. Guztiz zaindutako karakterizazioak, landutako keinuek antzerkian gaudela ahantzarazten digute lehen momentutik, Marx anaien mundura eramaten gaituztelarik.

      Groucho eta Chico bizkor mugitzen dira egoera batetik bestera, Harpo delizioso baten laguntzarekin. Flywheel, Ravelli, Astolfi eta Ruby izenez Maskarada taldeak figura hauek birsortzen ditu eta laugarren pertsonaia sartzen du: emakume bat.

      Ardura handiz eginiko testuak Marx anaien umorez ezin hobeto islatzen du, hitz jokoak eta zentzugabeko egoera desberdinak erabiliz.

      Oso piano berezia eta baita beste instrumentu batzuk musika zuzenean jotzeko erabiltzen dituzte. Horrela Marx anaien alde musikala errespetatzen da eta Maskaradaren aurreko lanetan musikak izan duen garrantzia mantentzen da.