“Estofado de toro”
Jose Mari Karrere
Euskaldunon Egunkaria, 1992-07-21
“Estofado de toro”

Taldea: Pikor. Tokia: Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdian estreinatua.

      Zezenzale diren bi kale garbitzaile berritsuak jende artean dabiltza beraien zaletasuna aldarrikatzen. Juan Belmonteren gelarekin topo egiten dute, “Maestroaren” gela alajaina! Azkenean, idoloaren zain egon ondoren, bertan dauden bi emakume estrainoek zezen plazara eramango dituzte. Zezenik gabeko plaza, baina “Banco de sangre torera” erakunde misteriotsuak beraien odola xurgatuz hondarrean akabatuko ditu.

      Talde gasteiztarra ikuskari satirikoarekin heldu zaigu aurten. Zezenketaren inguruan aurkeztutako istorioa espazio ezberdinetan banatu dute, leku bakoitzean berezitasun propio bat bilatuz. Kale garbitzaileen jendearenganako harreman zuzena; Belmonteren gelan pertsonaien arteko jokoak; eta azkenik, zezen plazan irudi eta mugimenduen erakusketa, pasodoblea dela nagusi azken zati honetan.

      Ikuslegoa dibertitzeko eta espazio irekiak betetzeko ikuskariarekin heldu zaigu aurten talde gasteiztarra. Ondo burututako antzezlana bada ere, erritmo aldaketa nabarmenak erakusten ditu, laburtu beharreko zenbait pasarte ezinbestekoa delarik. Pertsonaietan ere alde nabarmenak daude. Gizonezkoen paperak nahiko borobilduak dauden bitartean, emakumezkoenak hankamotz gelditzen dira. Antzematen da oraindik azken ukituak falta zaizkiola. Dena dela gustura ikusten den ikuskaria da eta Lekeition izandako jendearen arteko arrakasta ikusita esan daiteke asmatu dutela oraingoan.