Islada zekenak
Ignacio Arakistain
Uztarria, 2019-11-02
“Zaldi urdina”

 

      Kontraesan handi bat pizten zuen nigan Zaldi Urdina antzezlanak. Ikusi aurretik, euskal lurralde desberdinetako hiru antzerki taldek (Artedrama, Dejabu eta Axut!) elkarlanean sortutako laugarren antzezlan honek nire espektatibak aseko ote zituen galdetzen nion neure buruari, orain dela hiru urte gozatutako Francoren bilobari gutuna obrak nigan eragindako sumendiak suposatu zuenaren ondoren. Lan izugarria da, berriro ere, hiru konpainia batu horiena, baina oraingoan ez ditut iraganean jaso nituen sentsazioak dastatu, sentitu. Edo ez lehenagoko indar eta esentziarekin, behintzat. Konparaketak egitea ezinezkoa dela kontuan hartuta diot hau guztia, kontziente izanik beraien aurreko lanek duten pisua bizkar gainean eramanez lan egitea erraza ezin dela izan.

      Gai mardulak jartzen ditu beti mahai gainean aktore talde honek, Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren idazketa-lan ezin finagoaren laguntzaz. Oraingoan, 80 eta 90 hamarkadetan Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan galdutako generazioaz dihardute. Haien galbidea, zorigaitza eta heriotza eragin zuen droga menpekotasunari buruz. Gernikako bonbardaketa zitalak eragindako biktima kopurua aise gailentzen du heroina, estasia, anfetamina edota beste hainbat drogak heriotzara zigortu zituen pertsonen talde humanoak. Gai iluna, modu are ilunago batean kontaturik. Apustu handia egin dute horretan: jantziteria erabat grisaxka, antzokiko argiekin joku gutxi, iluminazio puntu minimoak. Ispiluekin eta pare bat panel argitsurekin eratu dituzte atmosfera eta giro guztiak, islada etengabeen jolasa martxan jarriz. Gorde ditzagun formak, esan dezagun drogazalea den alaba kanpora ikastera joan dela, bitartean desintoxikazio zentro batera bidaltzen dugun arren. Itxurakeriak, formak, drogaren onarpena eta gizarte kohesioa ispiluetan barna, garai zeken bat traza mardulekin marraztuz.

      Koreografia neurtu bezain konplexuak, pertsonaien eraketari ez dio laguntzen zenbait momentutan, bisualki jasotzen dugun informazio etengabeak, belarrietara heltzen zaigun testuarekin bat egiteko denbora bat eskatzen baitigu. Pertsonaien arteko oreka, bestalde, zenbaitetan lausoegi agertzen dela ere nabarmenduko nuke; zentralak direnak, koralak direnekin nahastera iritsiz, eta biak bereizteko arreta jarri behar da. Nabarmentzekoa Oier Zuņigaren lan txukuna eta bere pertsonaia mamitsuari ateratako zuku aberats zein estimagarria. Panpina malgua bailitzan, droga menpekotasuna pairatzen duten pertsonen alderdi sentikorra ezin hobeto azalarazten du. Amaiera, eder bezain poetikoa iruditu zait, eta benetan indartsua harekin helarazitako mezua. Gizarteak aurrera darrai, gizarteak bagaramatza, ezin gara atzean gelditu, ezin dizkiogu errealitateari gure begiak itxi. Mina ez baita inoiz desagertzen, baina berarekin bizitzen ikasi behar dugu.