Hitza ala keinua?
Ignacio Arakistain
Uztarria, 2020-11-08
“Ikimilikiliklik”

 

      Eguneroko lurtarrean sozializazio puntu erreferenteak diren tabernak eta jatetxeak hiru asterako itxi dituzten egunean, kaleari gizartearen kezka eta goibeltasuna zerion. Ez ditugu garai onak azken hilabete hauetakoak, eta gotorleku bila gabiltza ezaguna zaigun mundua instant batean aldatu zaigula onartu nahi ez dugun biztanle nostalgikoak. Haurrak ere asimilazio prozesu bete-betean aurkitzen dira, helduok ditugun zailtasunak, gehienetan, haiek naturaltasunez konpontzen dituztela konturatzen garen arren. Gaurkoan, haurrek bihurtu dute Soreasu antzokia babesleku propio, eta ordu beteko tartez, Marie de Jongh konpainiaren Ikimilikiliklik lanaz disfrutatu ahal izan dute. Gozatu eta bidaiatu, aretoko argiak itzaltzean beste mundu batera salto egiteko aukera baitugu istorioz beteriko antzezlanak ikustera gerturatzen garenok.

      Ez da erraza haurrei zuzenduriko lan bat sortzea. Anitzak dira kontuan hartu beharreko parametro eta aldagaiak. Umeen arreta zureganatu behar duzu, hasteko, fokua kontatu nahi duzunean jar dezaten obran zehar eta ez daitezen mugitzen hasi, asperturik, teloia irekitzerako. Testuak ezin du ugaria eta konplexua izan, ulergarria behar du izan, eta barruan mezu argi bat aurkitu behar du ikusleak. Balio baten goraipamena edo neskato-mutikoek gurasoei antzezlana laburbiltzean transmititu ahal izango dieten ideia garbi bat. Alegia zaharrek eta kondaira magikoek badute erakarpen indar hori, eta gaurko obraren protagonista, hain zuzen, ipuin ugaritan presente dagoen sorginaren figura zen. Sorginek hegan egin dezakete, gizakiari kalte egiteko edabeak asmatu, baina haien atzean ontasunaren eta humanitatearen aztarna ere topa dezakegu. Gizakion beldurrak oinarri hartuta, Ekhi sorginaren bizitza eta garapena izan ditugu ikusgai.

      Lana fin eta delikatu egiten du Bilboko konpainiak. Eszenan detaileak zainduz, argiztapen egoki eta iradokitzaileak zein eszenografia sinple bezain moldakorrak oso erakargarri egiten dute produktuaren arlo tekniko zein bisuala. Orain arte beti keinuz hornitzen ziren lanak taularatu dituen taldeak, gaurkoa du hitza baliatuz sortu duen lehen obra, eta alor horretan atzeman ditut ahultasun zenbait. Hizketaldi luzeegiek zein pertsonaien definizio faltak, agian, arlo ez narratiboak soinean daraman xarma galbidera eramaten dute, hein handi batean. Pena da, ze osagai on ugari ditu eskuan piezak, errezetaren emaitza gozoa eta gogoangarria izan dadin. Keinu bidezko bertsioa nolakoa izango ote zen pentsatzen jarrita, osteguneko kronikan nioena datorkit burura, irudi batek mila hitzen beharra ase dezakeela. Umeei zirrara eragiterako garaian, gainera, dantza batek, argi joku batek zein txotxongilo batek izan dezaketen indarra pentsaezina da.