antzezpen kritikak
< Barruko gaitzak | Nor ez da inor >
Moldaketa emankorrak
Agus Perez
Berria, 2014-03-11
“Godot” + “Fausto”

Lekua: Bilboko P6 aretoa. Eguna: Martxoak 8.

      Bi antzezlan berritzaile estreinatu dira egunotan Bilboko P6 aretoan, eta pasa den larunbatean emanaldi bikoitza antolatu zuten, biak gau berean emateko. Lehena Godot izan zen, Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean, eta bigarrena —Fausto, ciudadano ejemplar— Galder Perezek zuzendu du. Ikusten denez, biek dute oinarrian klasikotzat jo dezakegun testu bat, eta bietatik atera dugu moldaketa emankorrak ikusi izanaren poza.

      Ezer baino lehen aitortuko dut Samuel Becketten Godoten esperoan dela nire antzerki testu kuttunenetariko bat, gazte-gazte nintzela lehendabizikoz ezagutu nuenetik. Harrez geroztik behin baino gehiagotan ikusi dut, batzuen zein besteen eskutik, baina oraingo hau benetan diferentea da, antzezleek eta zuzendariak bete-betean asmatu dutelako ezusteko tonu umoretsuan.

      Taula gainean Pako Revueltas, Aitor Fernandino, Patricia Urrutia eta Jon Zumelaga aritu dira Vladimir, Estragon, Pozzo eta Luckyren roletan, lehenengo biak Toy Story filmeko protagonistak bezala jantzita, eta gehienetan jatorrizko testuari atxikita ibili dira, baina beren barne jarrera jostagarriak ikuspegi berri bat eman dio lanari, eta, are gehiago, indartu egin du jatorrizko testuaren kutsu existentzialista gogorra. Biziberritze prozesu horretan funtsezkoak izan dira eszenatoki erabat hutsa —obrako zuhaitz ezaguna ere ez dago— eta lau antzezleen gaitasun komiko eutsia, baina, beste ezeren gainetik, jatorrizko obran txertatutako dramaturgia-ekarpenek eta dialogo sormentsuek eman diote distira berria Beckettek marrazturiko panorama latzari.

      Gaueko bigarren piezak Faustoren aspaldiko mitoa ekarri du, eta taula gainean lau antzezle egon dira: Mikel Losada, Miriam K. Martxante, Lander Otaola eta Diego Perez. Haiekin batera, Endika Lahaine rap-kantaria eta Patrol Destroyers-eko DJ bat aritu dira, eta horrek izaera berezia eman dio berez kementsua zen proposamenari.

      Aurreko piezaren kontrako bidetik, elementu eszenografiko batzuek eta atzeko proiekzioek girotu dute estetika sadomasokistako muntaia, eta Marlowe barrokoaren esaldi solte batzuek lotu dute oraingo Faustoren kasua garai bateko pertsonaiarekin. Gainontzean, Mefistofelesen zerbitzari ilunek alproja baztertu bat aukeratu dute eskrupulorik gabeko politikari ustel bihurtzeko, eta emanaldian zehar indar handiz parodiatu dira gaurko boteretsuen zazpi bekatu nagusiak, beharbada panfletotik hurbilegi ibiliz baina Galderrek hain ondo maneiatzen duen alde satirikoa sano hauspotuz. Gainera, aurreko piezan bezala, bikainak izan dira antzezpenak, eta haien artean bereziki nabarmendu da Mikel Losada, boteretsuen zerbitzura dagoen pertsonaiaren rolean.