Hitzik ez. Begirik ere ez
Begoņa del Teso
Euskaldunon Egunkaria, 1993-12-04
“Tak-tik”

Taldea: El teatro de mimo de Peter Roberts. Gidoia: Peter Roberts. Aktoreak: Peter Roberts, Patxi Santamaria. Tokia: Pasai Antxoko Kultur Etxea. Eguna: Azaroaren 27a.

      Animoso zegoen Pasaia joan den larunbateko gau lanbrotsu hartan. Musika kioskoan eta zezen-suzkoa plazan. Kultur Etxean, ordea, antzerkia. Jendez bete zen aretoa Peter eta Patxiren azkena estreinako aldiz dastatzeko. Kurioso eta kuraioso eszenatokia. Karriketan erraz eta erruz aurki daitezke zabor mota desberdinak nonahi. Bidezkoa aukeratutako musika, “Las casitas del barrio alto” erreboltari hura. Jatorrak, nahiz eta pixkanaka-pixkanaka zeinen zakarrak ziren ederki erakutsi, pertsonaiak, kalea etxe diren horietariko bi, batzuetan alproja hutsarena egiten, sarri handikiaren amets puztuak buruan; segun eta noiz, bata errege zelako plantak eginez, bestea, aldiz, bufoiaren arnasaz jolasean. Bikainak gorputz, aurpegi eta objektuekin gauzatutako ahaleginak. Ona barne erritmoa, bai Peterrek bai Patxik soinean, erraietan zeramatena baina, baina, baina desastroso samar kontakizun osoari jarritako neurria, doinua. Jira eta bira, bueltaka, inguruka ibili ziren mister Roberts eta Santamaria jauna luze eta aspergarri, Tak eta Tik lagunak norantz eta zertara eraman itzulean jakin gabe.

      Zaila izan zitzaion ikuslegoari ipuin tristea aise jarraitzea. Mimoaren mundua ez da zeharo eroso ikusle arruntarentzat. Inoiz, begirada taulatik aldentzen badu, kostata ekarriko dugu berriro eszenara. Patxi eta Peter gustura, kontzentraturik, kontent zeuden euren espazioan eta ez ziren jabetu jendea, bolada batez, handik alde egina zela.

      Ez naiz aholkuak emateko aproposena baina akatsa non dagoen susmoa badut. Patxik eta Peterrek hitzari arbuio egin zioten momentu berean begiak itxi zituzten. Beraiek sortzaile, gidoigile, aktore eta manager izanik, ez zuten astirik izan “Tak-Tik” ikusle gisa begiratzeko. Bietako inork ez zion begiradarik luzatu lan horri. Kronometroa ez zuen inork sakatu. Asmatutako egoerez bapo mozkortuko ziren baina ez ziguten guri botila pasatu. Eta horrela, nahia ezina bilakatzen da. Mimoak gustura gal dezake ahotsa. Begiak, ostera, sekula ez.