Izenburua: “Munstro Bilduma”. Taldeak: Maskarada, Xilipurdi, Kukubiltxo, Taun-Taun, Hika, Koxkorrak, Katakrak Trup, Salitre, Kalamus, Edorta Jimenez idazlea eta Kepa Junkera trikitilaria eta, Jose Mari Karrere ipuin kontalaria eta Mikel Markez kantautorea. Non: Bilboko Indautxuko El Carmen aretoan. Noiz: Martxoaren 7an.
Nahiz eta Bilboko El Carmen aretoko atean Koxkorrak taldeko orangutan hankapaludunak ibili, 9. Korrikaren inguruan bildutako jendea ez zen batere beldurtu eta arrapaladan okupatu zituzten besaulkiak “Munstro Bilduma” euskal antzerkigintzaren galaz gozatzeko asmoz.
Aretoko argiak itzaltzean, Edorta Jimenezek oso poema dibertigarria irakurri zigun, Anton Latxa eta Kepa Junkeraren musika alaiaz ederki lagunduta. Pentsatzen ari naiz orain, poema batez dibertigarria esateak ez dirudiela batere egokia, baina egia esan, Edortak erabili zituen hitz-jokoek eta kontzeptuen elkarketek ez didate beste hitzik ekartzen burura. Benetan liluraturik geratu ginen guztiok hitzak eta musika entzutean Bilboko eskualdeko diapositiba ederrek lau pantailatan aldi berean proiektatzen zirelarik.
Katakrak trup izan genuen hurrengo partaide Korrikaren gala honetan, malabarismoak egiten. Talde honetako neskak eta bi mutilek umore ona eta sorpresa txikiak erabili zituzten euren ekitaldia josteko, dauzkaten trebezia eta naturaltasuna argi eta garbi utziz ikusleon aurrean. Helduentzako pailazoen arloan Bizkaiko bi talde ikusi genituen, Xilipurdi mimo-clown taldea alde batetik eta Salitre clown taldea bestetik. Umiltasun osoz aitortu behar dut ez nuela inondik ere sinesten hain pailazo talde onak zeudenik gure artean, suabeak, samurtasuna eta ironia landuz Xilipurdikoak, eta burrunbatsuak, anabasa baita emozio fuerteen lagunak ere Salitrekoak. Bakoitza bere esparruan mundialak izan ziren, benetan.
Eta gero, zer? Bada, Hika, Kukubiltxo eta Taun-Tauneko esketxak. Barre-algarak ugariak izan ziren Hika taldeak striptease folklorikoa eta euskal kondoia aurkeztean, baina gure fantasia berpiztu zutenak Taun-Taun taldekoak izan ziren beren esponjazko objektuekin sortutako irudien bitartez. Emanaldiaren erdialdean Jose Mari Karrerek antzinako istorio polit bat kontatu zigun, Mikel Markezen ahotsak eta gitarrak laguntzen ziotela, eta noizean behin Kalamus taldeak, emanaldi honetarako bereziki osatua, Korrikari buruzko iragarki nobelatu barregarriak taularatu zituen.
Aurkezle eta gidoigile gisa, Maskaradako Mikel Martinez eta Patxo Telleria izan genituen. Benetan inspiratuak egon ziren biak, lehenengo Korrikako agujetak goraipatzen, Unamunoren etapa abertzaleaz mintzatzen, parte hartzaileen izen-abizenak aldatzen, eta, oro har, emanaldiari lotura eta dotorezia ematen.