antzezpen kritikak
< Agirre harrigarri hori | Munstroak korrika >
Euskara komunikatiboa
Mattin Irigoien
Euskaldunon Egunkaria, 1995-05-21
“Ezkonduko ditugu?”

Obra: “Ezkonduko ditugu?”. Egilea: Antton Luku. Aktoreak: Garaziko Zitadela lizeoko 15 eta 17 urte arteko bederatzi ikasle. Zuzendaria: Antton Luku. Non eta noiz: Garaziko zineman apirilaren 14an eta Baigorriko zineman maiatzaren 7an. Iraupena: Oren bat t’erdi.

      Guraso eta irakasleen begirada amultsuak, gelako lagunen esku zarta aitzinetik konbentzituak, ez ziren beharrezkoak. Antzerki-publikoarekin nahasi dira. Nahasi eta urtu. Ezen, giroa bera, publikoaren giroa, egiazko antzerki publiko baten giroa baitzen. Jendea isilik, testuari adi, finezietan present, eta gela guztia dardaran esku zarten ondorioz... batek baino gehiagok emozioaren ximikoa bihotzean sendi zukeelarik memento batzuez... Nolaz hori?

      Ez zen alta antzerki profesionala! Taula gain jokoaren aldetik erran nahi dut. Iparraldean azken dozena urte hauetan, kultur munduak, antzerkia gehienik taula gain jokotik jujatzeko mania hartua duela kontsideratzen badugu; eta hortik partituz, parekatzen ahal ez diren gauzak parekatzen baditugu, (erran nahi baita helburu eta motibazio berak ez dituzten gauzak konparatuz); egia taula gain jokoa ez zela perfekta. Segurtasun eza, zilo ttipi batzuk testuan, eta holako batzuk baziren.

      Baina bestaldetik, azpimarratu behar da halere, jokolariek zoin untsa menderatu dituzten beren pertsonaiak, sinesgarritasunerat helduz errex eta fite, testua bera gehienetan iturriko uraren gisa argi eta irin xuxurlatua... Hots, ikasketa tekniko baten kontrarioa, ikusten genituela ideia eta sendimentuen hatsa emanik, euskara ahotik dariola... Konprenituko duzue orain, zendako, izan diren hutsegiteak, kausitzearen termometroan neurtu ditugun.

      Oharpen bat. Talde horretako batzuk ikastolako umeak ditugu, besteak aldiz, etxeko euskararen jabe. Pentsatzen ahal da batzuek besteen ekarpenak elkar aberastu dituztela, eta berdin mihi peko zainaren herdoila jauzarazi... Baina, gehiago dena, bi mundu horien arteko zubia egiteaz gain, adin horretako balio ganekotzat jotzen den hizkuntza, ororen buru, komunikazio tresna normal baten heinerat ekarri dute... berentzat, eta besteen begientzat.

      Beren euskarazko kurtsoaren luzamena dute antzerki hau. Antzerkiaren gaia, ideiak,..., beren talde lanaren fruitu ditugu. Gazte horien arrangurak, mintza-moldeak, gaztetasun eta ironia, gure begien aitzinerat isuri diren oren bat t’erdiz. Nola esplika bestela hainbeste beren adineko lagunen ahoa zabalik egoitea? Jende guztia zintzo egoitea testua euskaraz izanik ere?

      Ohartzen gara, horrelako desmartxek, nolako errehabilitazio soziala egiten dioten gure hizkuntzari? Ahantzi gabe zenbat leiho irekiarazten dizkieten gazte horiei (helduei ere bai): interesa, ikuspegi zokoratzaileen porroskatzea, begi keinu kritikoen bultzada... bref kultur ekarpena!

      Gazte taldearen lanaren segidan, Antton Lukuk antzerkia idatzi eta taula gain zuzendaritza eraman ditu. Bat ala bestean bere influentzia senti da. Testuak ditu istorio eta aktoreak eramaiten: testua lehen!... Eta ez zaizu dolutzen. Hitz gutxitan pertsonaia eta gertakari baten deskribapen urriki gabea egina da, puntuak eta kontrapuntuak airoski erabiliak, begi klixka eta zarrastadak aire emanak, ideiak punpeka dabiltza, ez jakin nondik, ez jakin norat, baina guztiak elkarrekin osagarri gertatzen abilki...

      Gaia bera bereziki polita asmatu zuten. Agertu zaigu, gazte horiek, langabeziaren mamua Egoitza Finkorik Gabe (EFG) izaiterainoko arriskuarekin ikusten dutela. Eta, horri ihardokitzeko, aterabide kolektiboen bezperaldi gorritsuen partez, gure gizartearen pentsamolde bilakatu aterabide indibidualisten panopliatik atera jukutria edo konbina bati buruz lerratzen dira. Lagun protsimoaren konditze entsegu horrek zinez ainitz irri eginarazi digu, ikusiz gainerat lagun protsimo horiek, barnealde honetako fauna ttikiko perla batzuk direla.

      Gure (edo beren) egun guztietako biziko ttipikeria eta mamuen irakurketa satiriko urosa kausitu dute.

      Ikusi ez dutenek, ez da dudarik, ikusterat joan behar dute. Badakigu harat eta hunarat galdoak badituztela. Hain segur, orain etsaminen sasoian sartuz, neke batzuk izanen dituzte galdo horiei ihardokitzeko. Baina ondotik ere ez dira beren freskotasunetik galdua izanen, eta gainerat, ofizioa horrela da sartzen. Beren gaiak hartuz, beren mintza moldeak baliatuz, antzerkia biziari lotu dute.

      Zaharrek fite erranen dute atzo bota haziek dutela eman fruitu. Baina horiek bazter utz eta, opa diezagun gaurko fruitu, hazi eta hasi daitezen, agian usu, eta agian luzaz.