antzezpen kritikak
< Keinu-maisuak | Egungo amak >
Folleville izatearen garrantzia
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1996-01-03
“Besarka gaitezen Folleville!”

Taldea: Orain. Egilea: Eugene Labiche. Aktoreak: Iņake Irastorza, Niko Lizeaga, Zorion Egileor, Asier Hormaza, Fernando Mikelajauregi, Jokin Conde. Zuzendaritza: Enrique Diaz de Rada. Non: Getxoko Getxo antzokian. Noiz: Abenduaren 30ean. Iraupena: Ordu eta erdi.

      Bai, badakit ezaguna egiten zaizula komentario honen izenburua, baina ezin da beste eratan izan, oihala altxatzen den momentutik bertatik Oscar Wilderren Ernesto izatearen garrantzia-z gogoratzen garelako nolabait. Jakin badakit ere aditu guztiek azpimarratzen dituztela Labichek sortutako antzerkiaren kualitateak, bere estilo ironikoa garai modernoetara txarto moldaturiko burgesia txikiaz edo noblezia dekadenteaz trufa egitean, bere egoera absurdoak sortzeko modua konbentzionalismo sozialetatik abiatuta (puntu honetan bereziki dator bat Oscar Wilderrekin), edota alde bisualari ematen dion garrantzia, baita ekintza arinari eta protagonisten izaera simetrikoei ere...

      Aitortu behar dut era berean, eta problemarik gabe egiten dut, Besarka gaitezen Folleville hau oso lan duina dela, ongi egina goitik behera. Orain konpainiaren eskutik muntaia biribila, garbia, argi egituratua ikusi dugu, entretenigarria izan da komedia, ikusleok (eta gehienbat nik neuk) barre piloa egin dugu pertsonaien ateraldiekin, barregarriak izan direlako euren egoera sozialak etengabe sortzen dituen kontraesanak. Ekintza arina izan da, erritmoa sustengatua. Lanari bereziki moldatu dizkioten musika pasarteak, pop musikako hainbat kanta ezagun erabiliz, lorpentzat jo ditzakegu zinez; ederki tartekatuta daude ekintzaren baitan eta ez dira neurriz kanpo luzatzen, ez dira nekagarriak suertatzen, efektu komikoa eragiteko beste baino ez dute irauten. Eta azkenerako utzi dut antzezleen lana: apartak izan dira guzti-guztiak, bakoitzak bere rolean egindako aktuazioa, hala nola elkarren arteko kohesioa, izan dira duda barik ikuskizunaren onena. Baina, hala eta guztiz ere...

      Hala eta guztiz ere, zerbait sumatzen dut faltan. Neure paranoia erabat pertsonala izango zen, baina ezeroso sentitzen naiz halako gauza bat aurkezten didaten bakoitzean. Gertatu zitzaidan Ernesto-arekin (hurbilena eta ezagunena aipatzearren) eta gertatu zait ere Folleville-rekin: nahita nahiez bururatzen zait ez zaidala ezer galdu konbentzionalismo sozialetako mundu erridikulu horretan, ebitaezina dut pentsatzea Labiche bezalako jaun batek, nor bizitza erraza, konformista eta moldakoia eraman baitzuen, ez duela ezer niri komunikatzeko, ez duela niregan inolako grinarik pizten, eta axolarik gabe naukatela Follevillek edo Chatenayk presta zitzaketen trikimailuek Bertaren amodioa eragozteko edo lortzeko. Halabeharrez pentsatzen dut duela 150 urteko umorea aurkezten didatela. Eta barre egiten dut, jakina, lehen esan dudan bezala. Baina aldi berean kezkatzen nau. Gauza zaharkituekin barre egiteko obligazioak kezkatzen nau. Antzerkia eta umorea (elementu eragile eta iraultzaile gisa) sarriegi iraganeko mendeetan ataskatuta egoteak kezkatzen nau. Antzerkian orainaren islarik jada ez egoteak kezkatzen nau, egungo garaiotan barre egiteko ezer ere ez egoteak.