Lekeitio berreskuratua
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1998-05-20
Lekeitioko 9. Kale-antzerki Jaialdia

Lekua: Lekeitio. Eguna: Uztailaren 10a, 11 eta 12a.

      Eten egin ziguten Lekeitioko Kale-antzerki Jaialdia duela urtebete, Ermuko gertaera latzaren ondorioz, baina berpiztu da zorionez, eta inoiz baino ikusle gehiagorekin gainera.

      Kukubiltxo taldearekin hasi zen aurtengo egitaraua eta Larrabetzukoek Kukubel izenburuko muntaia eskaini ziguten, R. M. Azkuek jasotako hainbat ipuinetako pertsonaiak eta istorioak kontakizun bateratu batean bilduz. Testuaren kalitate literarioaz gain, aipagarriak dira lanaren beste alde asko ere, hala nola eszenografia zoragarria eta pertsonaien irudikapena, panpina, txotxongilo, maskara eta mozorro ederren bitartez egina. Bixente Martinezen musikak —Oskorrik interpretatua— eta euskararen ahozkera bikainak azken ukitua ematen diote muntaiari. Beharbada apur bat geldoa iruditu zitzaigun bertan geunden nagusioi, baina aho zabalik zeuden umeek argiro adierazten zuten adin txikikoek ez dutela nahitaez erritmo bizkorrik behar.

      Gaua ailegatu zenean Turkiako Sandimay taldearen Oriental Street Parade-rekin gozatu genuen. Izenburuak dioen legez, ikuskizun kolorista eman ziguten, luxuzko jantziz eta dantza exotikoz betea, Mila eta bat gau-etatik atera balira bezala. Jaialdiaren lehen gaua Deabru Beltzak talde lekeitiarrarekin amaitu zen, eta robot itxurako munstro zibernetikoak atera zituzten paseo bat ematera herriko kale eta kaietatik.

      Larunbatean gauza asko zeuden ikusteko aldi berean eta Loco Bruscaren ikuskizunean geratzea erabaki nuen, esku-programako argazkiak erakarrita edo. Aktore argentinar honek Supermanen parodia egiten du Sperman izeneko antiheroi bihurtuta eta trebezia itzela erakusten du antzezpen eta inprobisazioaren trikimailuetan. Izugarria da nola menperatzen dituen kale-antzerkirako teknikak, hau da, gorputz eta aurpegiko keinutasuna, ahotsa, makillajea, mimika, jantziak eta ikuskizunaren erritmoa. Bere umorea zorrotza, gupidagabea eta azkarra da, azkar-azkarra izan ere. Agorrezinak dira dituen baliabideak eta oso aberatsa da ere publikoarekin ezartzen dituen harremanak, batez ere umeekin, nahiz eta bere mezua adin guztietako jendeari bidali. Eredugarria izan zen, adibidez, nola aurkeztu zigun preserbatiboaren erabilera inor eskandalizatu gabe eta HIESaren kontrako jarrera esplizitua bultzatuz.

      Bigarren gauaren hasieran Alo, Europa? antzeztu zuten Markeliñekoek. Muntaia estreinatu zenean komentatu nituen bere bertuteak, baina orain esan daiteke heldutasuna lortu duela Zornotzako taldearen azken muntaiak. Jarraian hasi ziren ScuraSplats taldekoak txinpartez betetzen Lekeitioko bazter guztiak Oh! SOS kalejira piroteknikoan. Gauza jakina da Mediterraneo aldekoen maisutasuna bolbora eta sua erabiltzen, eta Castelloko lagunak ez ziren atzean geratu euren Dansa de la mort kaleratzean. Neurririk gabe eta profesionaltasun osoz erabili zituzten mota guztietako petardoak, trakak, suziriak eta bolanderak, etengabeko zalaparta, kea eta emozioa sortuz herriko txoko guztietan musika bizkor baten doinupean, noizean behin bizitza eta heriotzari buruzko hainbat pentsamendu interesgarri tartekatzen zituztela.

      Gaueko programa amaitzeko heriotzarekin jolasten jarraitu genuen, eskeleto erraldoiak atera zituelako Goloka taldeak kalejira alai batean, eta igande goizean Loco Bruscaren umoreaz gozatzeko parada izan genuen berriro, Lekeitioko hondartzetatik zebilelako itsasbehera eta egun ederra aprobetxatuz.

      Igande arratsaldean, ostera, umeentzako eremua zabaldu zen hiru lan ezberdinekin eta aurrena Hika taldearen Xagukumeak izan zen. Nolabaiteko ikusmina nuen estreinatu berri den lan horren aurrean, baina esan beharra dago askoz hobeto daudela Hika taldekoak ikusle helduen eremuan. Zorionez, fantasiazko giro poetiko batean murgildu gintuzten jarraian TEN-Pinpilinpauxako kideek euren Sekula Guztiarako bidaia-rekin. Nafarroako talde honen lanean Sekula Guztia izeneko panpina erraldoi batek irentsi eta birziklatzen ditu adin txikikoen munduko elementu batzuk, umeei pentsarazteko ipuin, eskola, zirku edota telebistari buruz. Arratsaldeko hirugarren lana ScuraSplats taldearen eskutik etorri zen, baina bolborarik gabe aritu ziren Aniversari animal alegian. Zeharo ume-egitura klasikoa du muntaiak: animaliak ditugu protagonista, kanta alaiez josita dago eta erritmo bizia du txikienen arreta ez nekatzeko. Eta hala zan ez bazan, sar dadila kalabazan Lekeitioko plazan!