antzezpen kritikak
< Bizilagunak | Samurtasuna eta mina >
Bihotzeko su gurutzatuak
Agus Perez
Berria, 2015-06-26
“Muxua”

Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia. Eguna: Ekainak 23.

      San Juan suak pizten diren ilunabarrean Muxua izeneko antzezlana aurkeztu du Tanttaka sor-markak. Aurrera jarraitu baino lehen, komeni da jakitea apustu ausart honen oinarrian Ivan Cotroneo gidoilari eta zinemagile napolitarraren Un bacio (Musu bat) eleberri laburra dagoela. Hortaz, testua ez zen berez antzerkirako pentsatua izan, baina Quin Zeberioren moldaketaren ostean eta Fernando Bernuesen zuzendaritzapean, obrako hiru pertsonaien arteko su gurutzatuak ikusi ditugu.

      Lorenzo nerabeak —Ander Iruretagoiena— poztasun handiz bizi du bere homosexualtasuna, eta erraz gainditzen ditu lizeoko ikaskideen burlak, Elena Valente —Mireia Gabilondo— irakasle ulerkorraren eta adopziozko gurasoen babesari esker. Aldiz, Antonio ikaskidea —Haritz Morras— nekazari mundutik dator eta arazo larriak ditu bere baitan hazten ari den nortasun nahasia bideratzeko. Bihotzen arteko gatazkak tanto guztiak ditu une batean edo bestean lehertzeko, eta Valente irakasleak ere aurre egin beharko dio bihotzak paratutako erronka pertsonalei.

      Ikusten denez, dramarako elementu guztiak biltzen dira jatorrizko planteamenduan, eta sakoneko indar horretaz baliatu da zuzendaria kontzesiorik gabeko pieza hau taularatzerakoan. Edi Naudo eta Bernuesen artean sortutako eszenografia soilak zeharka irudikatu du ikasgela bateko giroa, ikasle biak eta irakaslea tarima zuri baten gainean jarrita, baina berdin izan zitekeen epaitegi bateko irudia. Bata ala bestea izan, ikusleok ikastalde bereko ikasleen rola edo epaiketaren lekukoena egin dugu.

      Dramaturgiari dagokionez, erabateko soiltasuna aukeratu du Bernuesek: protagonistak eskola-aulki banatan eserita egon dira ia denbora guztian, eta haietariko bakoitzak bere hizketaldiak bota ditu, soiltasuna eta egiazkotasuna indar handiz konbinatuz. Bakoitzaren esaldiak besteenen artean txandakatu dira, eta ikusleen esku geratu da hiruren arteko loturak ezartzea. Horrek, jakina, ahalegin handia eskatu digu, eta hasierako minutuetan nahiko nekeza suertatu da hiruren arteko lotura guztiak aurkitzea. Antzezleek, ordea, determinazio handiz ekin diote lanari, eta emanaldiaren azken herenean esperotako fruitua hasi da ikusten, benetako gertakizunetan oinarritutako jazoera bere amaiera tragikoraino heldu arte.

      Esan gabe doa bikainak izan direla hiru antzezleen interpretazioak. Mireiak ñabardura asko eman dizkie bere pertsonaia tormentatuari eta bere ikasle maiteari, eta albo banatan zituen bi mutilengan bereziki eskertu ditugu naturaltasun neurtua, gazteen kemena, ahoskera landua eta bakoitzaren pertsonaiari emandako nortasun konplexua, Ritxi Lizartzaren euskaratze fin eta dotorea horren guztiaren oinarrian zegoela.