antzezpen kritikak
< Birusak noraezean | Maitasun arrapostuak >
Txito zinemazaleak
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1999-12-16
“Txio txioka”

Konpainia: Taun taun. Zuzendaria: Iņaki Mata. Txotxongiloak: Naiara Errasti. Eszenografia: Mikel Ibarzabal. Soinua: Xabi Labaien. Argiztapena: Xanti Ezkurra. Antzezle bizi-emaileak: Itsaso Azkarate, Iņaki Mata, Karlos Odriozola. Lekua: Bilbo-Rock aretoa. Eguna: Abenduak 13.

      “Behin baziren txito batzuk, nahiago zutenak jan barik egotea zinemara joan barik geratzea baino, hain ziren zinemazaleak. Behin batean, beren amatxo azokara joan zen arrautzak saltzera, txitoak Tapioka izekoaren zaintzapean geratzen zirela. Izeko hura ez zen batere zinemazalea, baina lokartu egin zenean...”.

      Horrela laburbiltzen dute gutxi gorabehera Taun-taun taldekoek Txio Txioka ikuskizunaren argumentua. Izatez, Bernardo Atxagaren Txitoen istorioa izeneko ipuinetik atera omen zuten oinarrizko ideia, baina Bergarako lagunek moldatu egin dute Asteasukoaren kontakizuna, hirura mugatuz txito kopurua eta nortasun propioa emanez haietariko bakoitzari. Hala, Piotagorin orojakina, Txima amazuloa eta Txiton jatun eta alferra (baina hiruron artean filosofoena) dira Klotilde oiloaren hiru seme-alaba gozoak.

 

      Animalien inguruko irudimen poetikoa

      Baina aldaketak gorabehera, Taun-taunen bertsioan mantendu egiten da, ederki mantendu ere, Atxagak sinpletasunaren bitartez sortu ohi duen animalien inguruko irudimen poetikoa.

      Lorpen hori hainbat eragileren pean egon daiteke, baina nik uste dut kasu honetan bereziki zor zaiola Taun-taun taldearen gustu fin-finari eta baita ere xehetasun guztietan ipinitako arretari.

      Ezin hobea da, adibidez, film askotatik ateratako musika, eta dibertigarriak bezain politak iruditu zaizkit agertutako panpinak, bikain maneiatzen dituztenak ahots eta ahoskera landuen laguntzaz. Baina aparteko aipamena merezi du eremu eszenikoaren kontzeptuak, erraz gainditzen dituelako txotxongilo lanetan izaten diren mugak, elementurik funtsezkoenak baino ez erabiliz eta argiztapenari garrantzi handia emanez.

 

      Mende hasierako film bat tartean

      Muga gainditze horren adibide dugu, panpinak eta txinatar itzalak erabiltzeaz gain, benetako proiekzio aretoa atontzen dutela eszena gainean istant bakan batzuetan —bere benetako besaulki lerroekin eta guzti— eta bertan 1903 urteko film bat ematen dutela, txitoen komentarioak hortik handik tartekatuta.

      Ikuskizunaren erritmo jarraikiari esker, Bilbo-Rock aretoa betetzen zuten umeek huts egin barik jarraitu zieten une oro txit abenturazaleen eta Bakarti James heroi eskuzabalaren pasadizoei, eta ildo horretatik berriz ere aldarrikatu nahiko nuke pena handia dela txotxongiloak eskola emanaldietan bakarri ematea, Bilbon hain errotua dagoen ikuspegi hertsiaz jarraiki. Ea noiz konturatzen garen ez dagoela adin finkorik irudimenarekin gozatzeko.

      Eta hala zan ez bazan sar dadila kalabazan...